Oposizioaren boikotaren itzalarekin bozkatuko dute gaur thailandiarrek
Thaksin Sinawatrari ustelkeria eta iruzurra egozten diote aspalditik, baina urtarrilean irregulartasunez betetako finantza operazio batek salaketak areagotu zituen. Oposizioa haren dimisioa eskatzeko manifestazioak egiten ari da ordutik, baina, Thaksinek, aginteari eusteko, bozak aurreratu zituen. Oposizioak boikota eskatu du, eta, ondorioz, zenbait barrutitan alderdi ofiziala hautagai bakarra da. Lehen ministroak kargua uzteko agindu du botoen erdia lortu ezean.
DONOSTIA Oposizioko hiru alderdi nagusien boikotarekin egingo dira gaur Thailandiako Legebiltzarrerako hauteskundeak. 44 milioi thailandiarrek dute bozkatzeko eskubidea, baina agintean dagoen alderdia Thai Rak Thai hautagai bakarra da 400 zirkunskripzioetako 168an.Aurreko hauteskunde nagusiak duela 14 hilabete egin baziren ere, egungo lehen ministro Thaksin Shinawatrak bozak aurreratu zituen otsailaren 24an, urte hasieran sortutako krisialdi politikoari aurre egin nahian. Ustelkeria eta boterearen gehiegizko erabilera leporatu izan dio Thaksini oposizioak, baina urtarrilean haren familiak Shin Corporation konpainia boteretsua saldu zuen, eta Gobernuak ez zizkion zergak ordainarazi. Horrek protestak areagotu zituen, eta hilabeteotan haren dimisioa eskatzeko manifestazio ugari egin dituzte.
Hirugarren garaipenaren bila Thaksinek, ostera, ez du dimititzeko inolako asmorik. Horren ondorioz, oposizioak boikota egitera deitu ditu thailandiarrak. Thaksinek bost urte daramatza agintean alde handiz irabazi zituen 2001eko bozak, baita iazkoak ere eta agintaldia hirugarren aldiz berresteko itxaropena du gaur. Oposizioaren iritziz, berriz, iruzurrari esker lortu ditu garaipen guztiak, eta oraingo kanpaina ekitaldiak finantzatzeko ere Estatuaren sosak baliatu dituela salatu dute. Auzi hori dela-eta, salaketa jarri zuen atzo oposizioak Auzitegi Gorenean. Salaketa aintzat hartuko balu, bozak bertan behera utz litzake.
Parte-hartzea giltzarria izango da. Thaksinek agindu du ez duela agintean jarraituko botoen erdiaren sostengua lortu ezean. Aste honetan bertan argitaratutako inkesten emaitzak betetzen badira, ez du helburua erdietsiko. Horien arabera, boto emaileen herena baino ez da Rhaksinen aldekoa. Lehen ministroak nekazaritza guneetako babesa dauka, baina ez, aitzitik, herrialdeko hegoaldearena. Eskualde horretako musulmanak 2004an matxinatu ziren, eta hori suntsitzeko errepresio kanpaina militar gogorra agindu du lehen ministroak. Hori dela-eta, biztanleak suminduta daude.
|