Espekulazioa amaitzeko elkarretaratzea egin dute Senperen
SENPERE
Senpere-Azkaingo Batasunak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Senpereko Ibarrun auzoko itzulgunean lurraren prezioaren emendatzea salatzeko.Elkarretaratutakoek esku orriak banatu zituzten eta azken urteetan izan den prezio igoera salatzeko hainbat iragarki jarri zituzten. Nabarmendu zutenez, Senperen uda garaian 30 etxebizitza alokatzen dira «zeinetan urte guztian zehar 110 pertsona bizi litezkeen». Era berean, bigarren etxebizitza gisa erabiltzen diren 224 etxe daudela salatu zuten. Horrez gain, 86 etxe hutsik daudela ere aditzera eman zuen Senpere-Azkaingo Batasunak. Azkaingo egoera ere beretsua da; han uda garaian 49 etxebizitza alokatzen dira, 267 bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dira eta 98 hutsik daude. Horiek horrela, aurrerantzean ere «Lur espekulaziori stop! Prezioen apaltzea orain!» lemapean beste ekimen batzuk egiteko asmoa dutela adierazi zuten Batasunekoek.
|