Azpiegitura txikitzaileak gelditzeko eskaera Lezon
LEZO
Lezoko hainbat eragilek deituta zenbait herritar elkartu ziren atzo beste behin herrian egin asmo dituzten proiektuak saltzeko. «Azpiegitura txikitzaileak gelditu» lemapean Euskal Herria plazan bildu eta Altamirako biribilguneraino bidea egin zuten bertan elkarretaratzeko. Lezoren Alde herri plataformako kide den Aitor Sarasolak salatu zuenez, Lezoko Udalak proposatu duen hirigintza planak «herriaren erabateko eraldaketa» ekarriko du. Haren esanetan, gainera, milioi bat metro koadro urbanizatzea proposatzen du planak, hau da, Lezok gaur egun duen azalera osoa bikoitz lezakete, eta 1.300 etxebizitza berri eraikiko lituzkete. Era berean, Sarasolaren esanetan, baserri lur asko urbanizatzea proposatzen du. «Lakuak, jada, etxebizitza kopurua handiegia dela eta baserri lur horiek urbanizatzea ez dela egokia azaldu du», jakinarazi zuen Sarasolak. Ezin da ahaztu, gainera, datozen urteetan Lezori begira beste azpiegitura handiak aurreikusten direla. «Hor ditugu, besteren artean, Jaizkibelgo superportua, Txingudiko errauste-planta...», zerrendatu zituen. Hori horrela, elkarretaratzea egin zutenek, aipatu azpiegiturak salatu ez ezik, Udalari hirigintza plana gelditu eta herritarren artean galdeketa egiteko eskatu zioten. «Kontuan izan, gainera, 1.300 herritarren ordezkariaren ahotsa ilegalizatua dagoela», azaldu zuen.
|