GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-04-02
Gaitzaren erradiografiak; errezeta gabeko botikak
Nazioartean egunotan albiste nagusienetakoa izaki, Euskadi Ta Askatasunak martxoaren 22-an iragarritako «ekintza armatuen etenaldiak» eragiten du oraindik zer idatzirik. Hasieran albisteak baziren nagusi, orain analisiak, txutxumutxuak eta bestelako «ezaugarri informatiboak» gailendu dira. Hona bilduma xume bat.

Lehenengo egunetako lurrikararen ostean, nazioarteko prentsa idatziak soseguz heldu nahi izan dio, antza denez, Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoari.

Eta, ohi ez bezala, hausnarketa uzta oparoa jaso du herri honek, bere gorputzari osasun azterketa egin eta diagnosia paper baten gainean idatzirik luzatzen duten usteko medikuak bailiran. Beste batzuek beren «erremedio» propioa luzatu nahi izan diote gatazkari. Asko eta asko errezeta gabeko botikak dira, ordea. Medikuek baino askoz ere kaligrafia hobean idatzitakoek, maiz, iritziz, topikoz, txutxumutxuz eta egia bakanez osatutako erradiografiak dirudite.

Txutxumutxu zabalduenetako bat, inongo iturri ofizialek baieztatu ez dutena, ETAren eta Gobernu espainolaren arteko ustezko elkarrizketen «sustatzaileen istorioarena» da. “Aftenposten” egunkari norvegiarrari erreparatuz gero, ohartuko gara «Norvegia euskal su-etenean nahastuta» dagoela, eta, are gehiago, Europako iparraldeko herri horretako bitartekariek ahalbidetu omen zituztela ETAk iragarpena egiteko«negoziazioak». Agerkari horren arabera, udaberrian «ekintza armatuen etenaldi iraunkorra» ahalbidetu duten elkarrizketa sekretuak Oslon egin ziren iragan udazkenean, eta astebete iraun zuten. Norvegiako funtzionarioek bilkura egin zedin lagundu omen zuten, eta, gainera, bilera haietan «anfitrioi» legez jokatu ei zuten, aipatu egunkariaren arabera.

“The Norway Post” egunkariak ere tesi horren berri eman zuen mar- txoaren 24ko edizioan, eta, gaineratzen zuenez, Suitzak ere izan zuen zerikusirik ustezko topaketa horietan, «ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean konfiantza sustatzeko», gaineratzen du. Norvegiako Foreign Officek, baina, ez du gai horren gainean aipamenik batere egin nahi izan.

Norvegia ez da ustezko elkarrizketa horien nolabaiteko «aitatasuna» aldarrikatu nahi izan duen bakarra. “The Irish Post” egunkarik jakinarazi zuenez, IRA ko kideak «giltza» izan ziren ETAk su-etena iragartzeko «izan ziren elkarrizketetan». Baina agerkari horrek, beste askok bezala, titularra puztu egiten du, gerora, testua irakurriz gero, husten joateko. Azaltzen dituen datuen arabera, Sinn Feineko Alex Maskey eta Gerry Kellyk Alec Reid apaiz katolikoarekin batera lan egin omen zuten «ekintza armatuen etenaldi iraunkorra» bultzatzeko. Maskey eta Kelly, alabaina, ez dira IRAko kideak, ezta Reid ere. Azken horri buruz gaineratzen duenez, Reid lau urtez bizi izan omen da Bilbon. Horiek dira “The Irish Post” ek titular hori justifikatzen argitaratutako datuak.

Beste hedabide batzuek Euskal Herritik gertuago daudela idatzi dituzte idatzi beharrekoak. Associated Press albiste agentziak «Euskal udalerri batek ETAren su-etena babesten du» izenbu- rupean, Etxarri-Aranatzera bidaiatu zuen kazetari baten hitzak bildu zituen martxoaren 26an. Izenburua deigarria behin- tzat bada.Hango biztanle baten esanak eta «balkoi guztietan ETA erakunde armatuaren aldeko zapiak» zeudela ziren informazioaren zutabe nagusiak. Pentsatzekoa da euskal preso politikoen etxeratzearen aldekoak izanen zirela Sakanako herrian zintzilika zeudenak.

ANALISIAK

Bitxikeriak alde batera utzita, analisi «serioagoek» ere izan dute lekurik azken aste honetan. “Financial Times” egunkariak «Amaieraren hasiera» izenburuarekin martxoaren 24an argitaratu zuen editorial batean esaten zuenez, ETAren erabakia «benetako aukera» da armak Espainiako eta«Euskal Herriko politikatik at» uzteko. Ezker abertzalearen historiaren laburpena egin ostean, bi alderdi espainol nagusiek «iraganean arduragabekeriaz» jokatu dutela dakar gogora, eta biek hauteskundeetara begira lan egin izan dutela. Besteak beste, «heriotza eskuadroiak» ere aipatzen ditu, eta PPk «joko arriskutsu bat» darabilela iritzi dio, «frankismoak puztutako lengoaia politikoa berreskuratuz, Guda Zibileko bi Espainien hizkuntza».

“Financial Times” en aburuz, PPk «ezin baditu alderdikeriak baztertu Estatu afera batean, gutxienez arduratsu joka dezala». Honakoa gaineratzen du: «Etorkizuneko biderik balizkoena autogobernua zabaltzea izan daiteke, eta independentzia nahi dutenek helburu hori bilatzeko eskubidea izan behar dute, baina soilik bide demokratiko eta baketsuen bitartez».

“Time” aldizkariak ere Jane Walker kazetariaren iritzia eraman zuen bere orrialdeetara. Haren arabera, ETAk su-eten «iraunkorra» iragarri du, baina esanahiaren aurrean iritzia zatituta dago. Dagoeneko nazioartean ohiko bilakatu eta maiz errepikatzen den ETAren historia laburra bere ikuspegitik kontatu ondoren (40 urte, 900 hildako inguru...), Euskal Herriko eta Espainiako zenbait kazetariren esanak islatu zituen.

“International Herald Tribune” k bere buruari zera galdetu zion martxoaren 28an: «Bakea euskal ortz-mugan?». Paddy Woodworth kazetariak sinatuta, «Espainian inolako euforia politikoa pizteko beranduegi, hildako gehiegi eraginda eta arma uzte faltsu gehiegiren ostean» iritsi dela iragarpena jakinarazten zion irakurleari. Haren ustez, hala ere, garapen honek «aldaketa sakonak hazteko haziak» dakartza. Gaineratzen duenez, Zapaterok bere su-etena sustraitzera bultza beharko luke ETA, baina Madrilen Alderdi Popular kontserbadorearen oposizioa indartuko duen inolako emakinik egin gabe.

“International Herald Tribune” ko kazetariaren ustez, nahiz eta PPk behin eta berriz esan ETA «garaitua» izan behar dela ­alegia, presoek beren zigor osoak betetzea­, baliteke eskaera hori izkina batean gordea geratzea, eta «gero eta isolatuago bilakatzea».

“Boston Globe”k, «Euskal sukarra hausten ari al da?» titulatu zuen; “Open Democracy”k «Bake aukera bat»; “United Press International”ek «Euskal eskaintzak galderak eragiten ditu» eta “Timesonline” k «Demokraziak garaitutako terroristak».

“Los Angeles Times” egunkaria izan zen gogorrenetakoa, martxoaren 24ko bere editorialean: «Zapaterok argi utzi beharko luke ez duela errenditzeaz harago ezer negoziatuko ez ETArekin ezta beren aliatu politikoekin ere». -

DONOSTIA



Primaderako liliak eta negu gorriak
Haritz RODRIGUEZ
KAZETARIA

Udaberriarekin batera heldu da aurten ETAren su-eten iragarpena, egia da. Eta badirudi eguraldiak ere lagundu egin duela herri honek hainbeste premiarekin behar zuen itxaropen izpia.

Euskal gizartearen gehiengoari eragindako poza ukaezina eta ulergarria den arren, azkenaldian, kaleari Springfield hiriko egun argitsu baten antza hartu diot. Ekaitzaren ondoko barealdian txo- riak kantari, Erromako zubia ageri eta Homer jauna bere auto amerikar zaharra errepideetan barrena gobernatzen, ezjakintasunaren irribarrea ezpainetan. Baina “The Simpson” telesailari falta ez zaion alderdi garratza ere ikusi dut karrikan.

Erakunde armatuaren iragarpena ospatzekoa bada, pentsatu nahi dut iragarpen horrek atzean dituen «sukaldeko» beste lanen ondorioz izango dela ospatzekoa. Alegia, bide zuzenean ekin diogula, baina hasiera besterik ez dela, bidezidorrak antzuak izango direla eta helmuga, oraindik ere, ez zaigula zeru-ertzean ageri, askoren imaginarioan baizik. Harrizko gurpilak, dabilen harriak, au- rrera egingo badu, tente zaindu beharko dugu, bultza egin beharko diogu eta bi- dean oztopo bat paratzen diotenean saihesten lagundu.

Springfield hiriko kaleetan sartu-irten bat egin eta etxera noala, gauza askok berdin jarraitzen dutela ohartu naiz. ETAk ez du inor hiltzen dagoeneko, ez du lehergailurik zartarazten. Herri honetan sufritzen dutenen arteko batzuek arnasa sakon hartu ahal izango dute, ziur. Baina beste hainbestek, ez. Ospatu, benetan ospatu, sufritzen dutenen arteko zati horrek ez ezik beste zatiak ere sufritzeari utziko balio izango nuke zer ospatu.

Dakidala, presoek kartzelan eta urruti jarraitzen dute; guardia zibilek eta beste poliziek torturatzeari utzi ote dioten, ez dakit; gizarteko sektore handi batek bere eskubide zibil eta politikoak urratuak ditu eta gizarte osoari ukatzen zaio bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Zer dute ospatzeko?

Zein polita den udaberria, baina fruituak uda ostean heltzen dira. Ordura arte taxuz egin behar izaten du baserritarrak. Oraingoan, «euskal udaberria» deitu zaion honetatik uda iritsi artean urtaro bat baino gehiago pasa beharko da. Goizik loratu dira primaderako liliak, asko dira igaro beharreko negu gorriak. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
No es un frente, es un país que camina
Iritzia
La hora de la verdad
Euskal Herria
1989, 1999, 2006; BAKEARI BEGIRAko hiru argazki
Euskal Herria
Manifestación histórica en favor de una solución democrática para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea