Kartzelakoa iritsi zitzaionean lehen puntua jarri zion Alaitz Rekondok:«Aste Santuan bada prozesio franko». Silveirak honela erantzun zuen: «Egia erran denak sobran neretzako/ hainbat erregu zuen Jainkoarentzako/ eta nik argi daukat, ni naiz nere Jainko».Bigarren puntua jarri zion segidan:«Jesus hil zutenetik bada urte pila», eta hemen ere nabarmendu zen Silveira: «Jendea aspaldian nahastuta dabila/Jesus nor zen, ba, guardia zibila?/ hala izan bazen, izorra dadila», bota zuen.
Bi bertsotarako gaia hau zuen:«Dozena bat lagun zineten koadrilan. Urteak pasatu dira eta bakarrik gelditu zarela konturatu zara». Azkar harrapatu zion haria Silveirak, eta bukaera ederreko bi bertso egin zituen. «Lagunak lagunak dira ta laguntasunen trenak/ geltoki ugari ditu maiz gelditzen ez garenak/ gau eta egun politak eskainiak eromenak/baina ez genituen ahantzi herrian zeuden problemak/sartzeari utzi eta hustu genitun barrenak/ta gure pozak zirenak/ orain dira nere penak/ihesean zein kartzelan dauzkat lagunik onenak/baina orain pakearekin itzuliko diradenak». Bigarrengo poto batek hondatu zion: «Komunetan aurkitua hainbat ta hainbat iragarki/ subliminalki ziotenak gerra nahi baduk badakik/ guk gerra ez genuen nahi, baina erotu samarrik/ez genun etxean utzi, bagenedukan indarrik/orain eurek ez daudela ni nago bakar samarrik/ta nahiz askotan kantatu izan diedan bertso txarrik/ hurrengo finalerako ez nuke joan nahi bakarrik/ ta ea ez dizuedan txapela eskaini beharrik».
Bere ohiko osagarriez gainera, atzo bihozberatasuna ere erakutsi zuen azken agurrean amari kantatu zion ale bikain honetan: «Lehenik eta behin musu goxoak eta besarkada bana/ kartzela, erbeste, zein su-eteneko anai-arrebengana/euren baimenaz egin nahi nuke senak eskatzen didana/eta nola egin, jo! nola egin inoiz irten ez zaidana/printzesa bati sarritan bihotzez erran izan diodana/zarela mundu honetan gehien-gehien maitatzen dudana/ zarela nere bertsoen oina, nere bizitzako dama/zarela inoiz gainetik kendu ezin izango den zama/aitarena dut izena eta zurea nahi dut izana/ eman gabeko musuen partez txapela zuretzat ama».
Sailkapena
Silveirak 413 puntu atera zituen. Estitxu Arozenak 412,5. Julen Zelaietak hirugarren egin zuen 407,5 puntu lortuta. Iñigo Olaetxeak egin zuen laugarren 398,5 punturekin. Jon Barberena geratu zen bosgarren 394 punturekin. 393,5 puntu atera zituen Etxabek. 376 puntu atera zituen Erika Lagomak eta 366,5, azkenik, Julio Sotok.Zortziko handian Julen Zelaieta eta Silveira aritu ziren ondoen. Zortziko txikian Iñigo Olaetxeak eta Silveirak oso saio polita egin zuten medikua eta gaixoaren paperean. Eta sei puntuko motzean jaitsi zuen maila Silveirak. Txapeldunordeari dagokionez, oso erregular aritu zen. Sei puntuko motzean bikain jardun zen Erikarekin.
Agurretan, «Joder, zer ongi pasatu dudan ahantz ditzagun problemak/ ta espero dut nik bezai bertze gozatu izatea denak/ baina gauza bat eskatzen dit gaur nere irakasle senak/ hemen badaude tamainaz txiki baina handiak direnak/ahal baldin banu errango nittun jarraian euren izenak/ zuek zarete hurrengo urtetan hemen egongo zarenak», kantatu zuen Erika Lagomak.
Jon Barberenak, sekulako orro eta txalo artean honako agur hau kantatu zuen: «Bada, agur bat bidali nahi dut nere ikasleekiko/ta errazuarrak pankartapean ni nautela logotipo/atzerritarra izanagatik ia egin naute herriko/ eta kuadrilak hustu egin ditu hiru taberna ta piko/nahiz ta argiak orain itzali ta berak diren itxiko/ zuen oihuak eta txaloak gordeko ditut betiko».
Seguru aski, hala ere, agurrik esanguratsuena Estitxu Arozenarena izango zen:«Mila esker etxekoak ta lagun onenak/ nola ez, ikasleak ta entzule denak/zorionak txapeldun, nere poz ta penak/ puntu erdi gutxigo soilik Arozenak/ eskapada ederra egin du su-etenak».
Sekulako giroa izan zen Lur dantzalekuan. Pankartaz josia zegoen hasieratik eta saioan zehar oihu eta orroak entzun ziren etengabe. Nabarmentzekoa da hirugarren geratu zen Julen Zelaietak egin zuen finala, bertso on asko bota baitzituen. -