GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ERRUGBIA 2006-04-02
- Heineken Kopa -
Biarritzek finalerdietarako bidea egin nahi du
·Zuri-gorriek ez dute hutsik egin nahi Anoetan 18.00etan hasiko den norgehiagokan

DONOSTIA

Biarritzek gaur Sale hartuko du Donostian, Anoetako estadioan, Europako Kopako final-laurdenetako partidan. Hemendik aitzinera kanporaketa guztiak partida bakar batean erabakiko dira. Beraz, gaur garaipena lortzen duen taldeak finalerdiak jokatzeko txartela bereganatuko du. Lapurtarrek lortuko balute, finalerdiak ere Donostian jokatuko lituzkete. Eskaria egin zuten Europako Federazioan, eta baiezkoa jaso zuten joan zen astean.

Goi mailako lehia izango da gaur Anoetako berdegunean. Alde batetik Ingalaterrako lehen sailkatua eta bestetik Frantziako Ligakoa izango dira aurrez aurre nor baino nor. Ez da ahaztu behar bi Liga hauek direla Europako onenak, eta munduan ere onenetakoak direla. Beraz, Europako bi talderik onenetakoak izango dira gaur Gipuzkoako hiriburuan.

Biarritzen helburuak aurten ere Liga eta Europako Txapelketa dira. Horretarako egin dute taldea, eta asmo horrekin ekin zioten denboraldiari. Iaz Liga irabazi zuten, baina Europako Kopan finalerdietan joan ziren kanpora, eta aurten badirudi dena alde dutela, etxean arituko bailirateke hemendik aitzinera, finalera iritsi bitarte, eta aukera hori ez dute alferrik galdu nahi.

Sale ez da, ordea, edonor. Ingalaterran lehen sailkatua da, eta hori zerbaitegatik da. Jokatu dituen 18 partidetatik 13 irabazi ditu, bat berdindu eta lau galdu.

Hirugarren aldia

Euskaldunak eta ingelesak ez dira gaur estreinako aldiz neurtuko, lehen, beste bi partida ere jokatuta baitaude. Lehenengoa, 2003ko abenduaren 13an izan zen Biarritzen, Agileran, eta orduan lapurtarrek 31-3 irabazi zuten. Hilabete eta erdi geroago, Ingalaterran jokatu zuten, eta orduan ere euskaldunak nagusitu ziren 0-15. Beraz, orain arte Biarritz nagusi izan da, eta gaurkoan ere horrela izaten jarraitzea espero dute.

Hala ere, ordutik gauzak asko aldatu dira, eta Sale hazten joan den taldea da, horixe baieztatu zigun Jesan Michel Gonzalezek, Biarritzeko kapitain ohiak: «Haiek ere partida gogorrak izan ziren. Ordurako Sale talde indartsua zen, baina geroztik hazi egin da. Fitxaketa ugari egin dituzte, eta nazioarteko jokalari mordo bat dituzte taldean. Biarritz da faboritoa, baina adi ibili beharko da,Salek ere talde handia baitu», esan zuen Gonzalezek.

Inork ez du zalantza egiten Biarritz faboritoa izango dela esatean, baina Daniel Larretxeak, Salek duen euskaldunak, garbi utzi zuen haiek ere bazutela zerbait esateko: «Biarritz da faboritoa, etxean ari dira, eta hori ez dago ukatzerik. Hala ere, finalerdiei buruz gehiegi ari dira hizketan, eta hor guk ere izango dugu zerbait esateko. Lehenengo partida jokatu egin beharko da, eta gu ez gara Donostiara oporrak pasatzera etorri», esan zuen jokalari zuraidearrak.

Jokalari lapurtarrek ez dute gehiegizko konfiantzarik nahi, eta hori garbi utzi zuen Lievremont kapitainak: «Taldeak burua partida honetan dauka. Jokatu aurretik ezin gara finalerdiekin pentsatzen hasi. Beldurrik ez, baina errespetu handia diogu Saleri. Talde handia dute, baina hutsuneak ere badituzte, eta horiek topatzen saiatu behar dugu», esan zuen Kapitainak. Auzia 18.00etatik aurrera erabakiko da.



Harmailak leporaino beteko dira
J.L.
DONOSTIA

Anoetako harmailak leporaino beteko dira, iazko norgehiagokan gertatu zen moduan. Partidaren aurretik dagoen giroa, ordea, ez da iazkoa bezalakoa, apur bat hotzagoa dela nabaritzen da. Horretarako baldintza ezberdinak izan dira. Alde batetik, iaz lehen aldia zen Donostian horrelako partida bat jokatzen zela, eta, bestetik, Irlandatik jende asko etorri zen; horrek berak ere giroa asko berotu zuen. Gaur, ordea, 1.500 ingeles espero dituzte, iaz etorritakoak baino askoz ere gutxiago.

Hala ere, giroa aparta izango da, goizean goizetik agertuko dira biarriztarrak Donostian, baita gainerako herrietatik etorritakoak ere. Eguerdirako Anoeta inguruan giroa aparta izango da, eta hori partidaren ordua gerturatzen doan bezala, nabariagoa izango da, gainera.

Lapurtarrak eta gipuzkoarrak izango dira nagusi harmailetan, baina Euskal Herriko beste hainbat lekutatik ere etorriko dira; sarrerak, behintzat saldu dira. Denak talde zuri-gorriak animatzera joango dira Anoetara.

Euskaldun batzuk izango dira, ordea, Sale animatu nahiko dutenak, batez ere Daniel Larretxe- aren lagun eta ingurukoak. Zuraidearra azkenean Saleren hamabostekoan arituko da, eta bere inguruko jende asko izango du harmailetan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
No es un frente, es un país que camina
Iritzia
La hora de la verdad
Euskal Herria
1989, 1999, 2006; BAKEARI BEGIRAko hiru argazki
Euskal Herria
Manifestación histórica en favor de una solución democrática para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea