GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-05
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Itzalketa analogikoak 2010 urtean jarria dauka data, eta hortik aurrera Lurreko Telebista Digitalaren aroa hasiko da. «Kutxa tuntuna» deitutakoa asko aldatuko dela eta abantaila handiak ekarriko dituela espero da. Azkarragoa izango da, agian, baina oraindik ez dago garbi euskaraz nola egingo duen.

Telebista analogikoa, egun ezagutzen duguna, behin betiko itzaliko da 2010 urtean, eta atea zabalduko dio Lurreko Telebista Digitalari. Erabiltzailearentzat ez omen da aldrebeskeria handia izango, dekodegailu bat jartzearekin kito. Hortik aurrera, gaur egungo telebistaren kontzeptua hankaz gora jarriko duela jakinarazi dute adituek.

Batetik, kate kopurua izugarri ugarituko da; orain kate analogiko bat kabitzen den lekuan, lau kate digital sartu ahal izango dira. Gainera, irudiaren eta soinuaren kalitatea askozaz hobea izango da. Eta, bestetik, Lurreko Telebista Digitalak zerbitzuen mundura gerturatuko du ikuslea Interneti esker. Supermerkatu batean erosketak egiteko aukera edota hauteskundeetan boz elektronikoa ematekoa eskainiko ditu, besteren artean, Lurreko Telebista Digitalak.

Estatu espainoleko Lurreko Telebista Digitalaren Legearen arabera, Lakuako eta Iruñeko gobernuek 2006 urtea amaitu aurretik banatu beharko dituzte tokiko telebistei dagozkien lizentziak. Hamar urterako balioa izango dute baimenek. Emisio baimenen banaketa hori eremuka edo barrutika egingo dute, eta barruti bakoitzari lau telebista kate dagozkio.

Euskalgintzaren arloan dabiltzanak eta euskarazko komunikabideak kezkatuta daude Lurreko Telebista Digitalean euskarak izango duen presentzia dela-eta. Kezka hori areagotu egin da, gainera, Lakuak esleipenak arautzeko egindako dekretu zirriborroarekin.

Eskaera garbia egin zioten Gasteizko Gobernuari: barruti bakoitzean gutxienez ere euskarazko telebista bat egotea eta gainerako hiru kateetan euskararen erabilera barruti horretako euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoaren araberakoa izatea.

Lakuaren dekretu zirriborroak, ordea, ez ditu eskaera horiek aintzat hartu. Udalek kudeatutako kateetan euskarazko programazioak gutxienez erdia hartu beharko duela zehazten du. Gainerakoetan, enpresa pribatuek kudeatuko dituztenetan, emisioa hasten denean euskara euskaldunen indizearen %70ekoa dela bermatu beharko da. Hortik aurrera, hamar urteko epea izango dute indizea osorik betetzeko.

Dekretuarekin desados

Euskalgintzaren munduan hautsak harrotu ditu Lakuako Gobernuaren dekretu zirriborroak. Kontseiluak agertu duenez, zona bakoitzeko euskaldunen ehunekoaren araberako euskarazko kate kopurua egon behar du euskarak aurrera egin dezan. Kuota horiek kalkulatzeko orduan, gainera, gune horretako euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoen batura egin behar dela zehaztu du, «ia euskaldunak kontuan hartu behar dira hizkuntza ulertzen dutelako».

Iritzi berekoa da Euskarazko Komunikazio Taldea ere. Talde horren ustean, dekretu zirriborroak ez du ziurtatzen eskualde bakoitzean euskara hutsezko katerik egongo denik. Horren parean, EKTren esanetan, dekretuak %85 eta %90ean erdarazkoak izango diren kateak egotea ahalbidetzen du.

Dekretu zirriborroak hamar urteko epea ezartzen du euskararen erabileraren indizea betetzeko. Hori ere euskararen kaltetan dator EKTren iritziz: «Zerbitzu publikoa bete behar badute ere, enpresa pribatuei gizartearen atzetik joatea onartuko zaie». Hori aldatzeko eta erdarazko kateek euskararen kuota «hasieratik bete behar izatea» ezartzeko eskatu du.

Dekretu zirriborroak beste puntu batean arautzen duenez, euskarazko programazioa prime-timen eman behar dute telebistek. Baina aipatu taldeak nabarmendu duenez, praktikotasunean telebista kateek erabakiko dute euskarazko edukiak noiz jarri. Izan ere, eta berez prime-time delakoa arratsaldeko zortzietatik gauerdira artekoa bada ere, Lakuaren arabera, tarte hori goizeko zazpietatik gauerdira artekoa da. Horiek hala, prime-time telebista orokorrek daukaten bera izateko eskatu dute.

Horren parean, Euskarazko Komunikazio Taldeak proposamen propioa egin du: euskaldunak %75etik gora diren demarkazioetan lau kateak euskara hutsekoak izatea; euskaldunak %50-%75 bitartean direnetan, hiru kate euskara hutsekoak izatea eta laugarrena euskarazko programazioa indize sistemaren bidezkoa; %25-%50 bitartean direnetan, bi kate euskaraz gutxienez; eta euskaldunak %25era iristen ez diren barrutietan, kate bat euskaraz.

Legeak finkatzen duenez, Tokiko Telebista Digitalaren zerbitzua eskaintzeko garaian, udalek lehentasuna daukate. Hartara, barruti bakoitzean kanal bat gordeko da zuzeneko kudeaketarako eskaera egin duten udalentzat. Barruti batean eskaera egin duten udal bat baino gehiago baleude, kanal horren kudeaketa elkarrekin hitzartu dezaketela zehazten du Lakuako Gobernuak. Bestalde, barruti bakoitzean inongo udalen eskaerarik ez balego, kanal hori besteekin batera lehiaketara aterako litzateke erakunde edo enpresa pribatuek kudea dezaten.

Hamasei udalen eskaera

Hamasei udalbatzak egin dute Tokiko Telebista Digitala zuzenean kudeatzeko lehen eskaera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Honakoek, hain justu: Araban, Gasteizek; Bizkaian, ibar eskuineko barrutian, Getxok, eta ibar ezkerreko barrutian, Barakaldok, Portugaletek eta Santurtzik; Gipuzkoan, Donostialdeko barrutian, Donostiak, Andoainek eta Usurbilek; Txingudi-Oiartzualdeko barrutian, Errenteriak eta Oiartzunek; Urola Kostakoan, Zarautzek, Oriok, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zumaiak; eta Debagoienean, Eskoriatzak. Hemendik aurrera, ikusi egin behar zein ibilbide egiten duten. -

 



Baimenen banaketa barrutika
Tokiko Telebista Digitalen emisio baimenak barrutika egingo dira, eta barruti bakoitzari lau telebista kate dagozkio. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15 barruti aurrez ikusi dituzte.

Araban bi zehaztu dira: Gasteizkoa ­hiriburuaz gain Arabaren eskualde gehienak hartzen ditu­ eta Laudiokoa ­Aiarako eskualdea barne­. Bizkaian, sei barruti aurrez ikusi dituzte: Bilbokoa ­hiriburuari dagokio­; Getxo izenekoak ibar eskuina eta Ibaizabal barrena hartzen ditu; Barakaldo izenekoak ibar ezkerra eta Enkarterriak; Mungiakoak, Mungialdea; Bermeoko barrutiak Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeak hartzen ditu; eta Durangok, Durangaldea eta Arratia.

Gipuzkoa zazpi barrutitan banatu dute: Donostiakoa, hiriburua eta Donostialdea barne; Irun izenekoak Txingudi eta Oiartzualdea hartzen ditu; Tolosak, Tolosaldea; Zarautz izenekoak Urola Kosta; Beasain barrutiak Goierri osoa hartzen du, Urolagoiena barne; Arrasate izenekoak Debagoiena biltzen du; eta Eibar izenekoak Debabarrena.

Nafarroan, bost barruti ezarri dituzte: Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Zangoza. Gaur egun Nafarroan euskaraz aritzen diren tokiko telebistak Ttipi Ttapa eta Xaloa dira. Horiek Baztan, Bortziriak eta Malerreka bailaretara iristen dira, ezarritako eremuetatik kanpo daude, beraz. Ondorioz, baimena lortzeko aukerarik gabe geratu dira.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Lapurdiko kostaldean joan den irailetik jasotzen dute Lurreko Telebista Digitalaren seinalea. Hala ere, Estatu frantsesean tokiko telebistentzako baimenik ez dute eman eta, ondorioz, lizentzia duten kate guztiak enpresa handienak dira. Euskarak ez du batere tokirik horietan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea