GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-05
Nafarroaren Eguna eta Kulturaldia hedatzeko asmoa dute aurten
Apirilaren 1ean hasi zen Baigorriko Kulturaldiak, ohi bezala, hilaren azken igandean izango du bukaera handia Nafarroaren Eguna ospatuta. «Buru Handiak» behin bakarrik antzeztuko duten ikusgarrian, euskal kulturako artista anitzek parte hartuko dute hilaren 15ean. Antolatzaile Basaizeak eta Baigorriko Gaiteroek aurten Bankako gazteen, Aldudarren eta Xiba elkartearen laguntza izan dute indarra areagotu eta ekitaldiak hedatzen direla bermatzeko.

BAIGORRI

28. Baigorriko Kulturaldia ospatzen da aurten, eta horretarako, adin guztietarako lagunentzat ekitaldiak antolatu dituzte, urtero legez. Kulturaldiko ekitaldi nagusiak apirilaren 15ean antzeztuko duten “Buru Handiak” ikusgarria, hilaren 29an izango den Euskal Herriko Orkestraren kontzertua eta apirilaren 30ean egingo duten Nafarroaren Eguna izango dira.

Azken hori goizeko hamaiketan hasiko da kalejira bat eginda, eta eguerditan Nafarroako hamar bertsolari koplak kantatzen arituko dira balkoietatik. Ikastolen bazkariaren ondoren, lauretan, esku huskako desafioa izango da. Arratsaldean fanfarreak eta dantza taldeek berotuko dute Baigorriko giroa eta gaueko hamarretan dantzaldia izango da Gauxoriekin.

“Buru Handiak” bereziki Kulturaldirako egindako ikusgarria da. Basaizea elkarteak izandako ideia hori Pantxo Irigarairen elkarlanarekin atera da aurrera. Bertan, euskal artista askok hartuko dute parte; besteren artean, Asisko Urmenetak, Amets Arzallusek, Maite Dunatek, Maialen Lujanbiok, Beñat Bidegainek, Helene Charritonek, Partzak... Inprobisazioa eta prestatutako lanak nahasten dituen ikusgarri horrek artearen hainbat eremu jorratuko ditu; musika, bertsolaritza eta marrazkigintza, esaterako. Apirilaren 15ekoa izango du emanaldi bakarra, eta Aldudarrak elkarteak grabatu egingo du horrekin gero bideo bat egiteko asmoarekin.

Apirilaren 29an, ostiralean, Euskal Herriko Orkestrak kontzertu bat emango du Baigorriko elizan herriko gaita-jotzaileek lagunduta. Ekitaldi bakarra izango da eta Euskal Herriko eta atzerriko konpositoreen lanak interpretatuko dituzte.

Antton Lukuren “Escualduna” lan berria antzeztuko dute apirilaren 21ean, Baigorriko Bixentenian. “Beltzeria” antzezlanaren segida den obra horrek aurrekoak jorratzen ez zituen etnien eta etxebizitzaren gaiei buruz hitz egiten du.

Iaz antolatu zuten «Mugaz gaineko egiturak zer egiteko?» eztabaidaren jarraipena izango da Baigorriko herriko etxean, hilaren 14an, arratseko bederatzietan. Nafarroa Garaiko eta Behereko hainbat hautetsi eta gizarte eragile elkartuko dira.

Herri kirol eta jokoen Euskal Herriko txapelketaren finalerdia jokatuko dute Baztan, Zuberoa eta Nafarroa Behereko parte-hartzaileek apirilaren 22an, Baigorriko herriko plazan.

Pier Pol Bertzaizek, zenbait kantarik lagunduta, Auritzeko ikusgarri gela musikaz beteko du apirilaren 23an, eguerditan. Musikak bere tokia izango du heldu den larunbatean Bankako Batitainian izango den kantu afarian ere. Haurrek sukaldaritzan aritzeko parada izango dute apirilaren 19an haientzat antolatutako egunean.

Kulturaldiak, ohi bezala, Euskal Herriko egunerokotasuna jorratzen du Nafarroako eta Euskal Herriko euskaldunen parte-hartzearekin. Kulturaldiko antolatzaileek gatazkaren konponbideari sostengua adierazi zioten eta parte-hartzea aldarrikatu dute. Aldi berean, euskararen tokia agerrarazi nahi izan dute.

Euskara sostengatzeko ideiarekin bat eginik, joan den urtean bildutako 15.000 euroekin, ohiko elkarteei ez ezik, behar handia duten Tuterako eta Baigorriko ikastoleei ere eman diete laguntza.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea