Senpereko aintzira hustu dute berritze lanak egiteko
·Astelehenean hasi ziren berriro betetzen. Herri Urratserako ez da betea izango, baina jaia han egingo dute
SENPERE
Senpereko aintzira sortzen duen presan segurtasun neurriak egiaztatu ondoren, hodi bat oso hondatuta zegoela ikusi zuten. Hodi horrek larrialdi egoeran aintzira arin husteko balio zuen, eta horregatik presaren beheko aldean zegoen. Ondorioz, aintzirako ur guztia atera behar izan zuten langileek berritze lanak egin ahal izateko.
Aintzira otsailaren hasieran hasi ziren husten, eta udaren hasierarako egongo da guztiz betea. Beraz, maiatzean egiten den Herri Urratserako ez da guztiz betea izango, baina ikastolen besta han egin ahal izango da, urtero legez.
1993an izan ziren uholdeetan presaren azpitik ura pasatu zen, eta ziurtasun neurri moduan, orain presaren pareta bi aldeetatik pixka bat luzatuko dute. Lan horiek guztiak egiteko diruaren %80 Kontseilu Nagusiak eta Europar Batasunak eman dituzten diru-laguntzetatik heldu da.
|