GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-04-05
Deserrotze baten historia eta beste hainbat «zati»
·Ixiar Rozasek «Negutegia» bere hirugarren eleberria aurkeztu zuen atzo

Ez da eleberri postmodernoa eta nihilista. Baina eleberri fragmentarioa da, gaur egungo gizarteari buruz hitz egin edo idazteko modu bakarra fragmentarioa delako, egileak esan zuenez. Jose Luis Padronek eta, Pamiela argitaletxearen izenean, Jose Angel Irigarayk hartu zuten parte Ixiar Rozasen «Negutegia» eleberriaren aurkezpenean.

DONOSTIA

«Formari buruzko bilaketa da idazleoi geratzen zaigun bilaketa bakarra; edukiari bagagozkio, dena esana baitago», adierazi zuen Ixiar Rozasek atzo bere hirugarren eleberriaren aurkezpenean.

Horrek ez du esan nahi eduki bilaketa alde batera utzi duenik. Ixiar Rozasek gehiagotan landu dituen kontzeptu eta kezkak ageri dira liburuan. Liburuko hiru protagonistak, esate baterako, erdigunerik gabe geratzen dira, eta ardatz ezak etengabeko mugimendura, etengabeko bilaketa batera kondenatuko ditu. Eleberria, ondorioz, deserrotze baten inguruko istorioa da.

Forma bilaketari dagokionez, «fragmentazioaren bitartez, denboraren hari kronologikoa hautsiz edo eta esaldiaren hari logikoari buelta emanez» saiatu da bilaketa egiten. «Badakit ez dudala ezer berria esaten. Gaurko literatura berez da fragmentatua, baina oso jakitun egin dut hautu hori, fragmentazioa baita gaurko gizarteaz hitz egiteko modu bakarra».

Ez da erraza, ordea, edukiari dagokionez, atzo egileak berak kontatu zuenetik gai nagusia zein den argitzea. Eleberri korala zela esan zuen. Egileak berak etengabeko gogoetak tartekatzen dituela ere bai. «Bada memoriari buruzko gogoeta etengabe bat ere. Baina ez da memoria nostalgikoa, baizik eta bere egiten dituzten esperientzien erreskatea», esan zuen.

Ba omen da liburuan denbora eta espazioari buruzko gogoetarik ere. «Denbora eta espazioa gure pertzepzioaren oinarri dira eta bietako batean aldaketaren bat denean gure pertzepzioa eta bizitzan egoteko modua ere aldatu egiten dira», adierazi zuen. Bestalde, pertsonaiak bizitzaren eta heriotzaren artean mugitzen omen dira. «Literaturak ematen duen aukera bat baliatu dut, heriotza gogorrak, heriotza esangaitz horiek maila poetiko batera eramateko», esan zuen Rozasek. Adiskidetasunaren apologia ere aurki omen daiteke eleberrian. «Nire ustez, adiskidetasun horrek ezerk baino indar handiagoa du, edozertarako gai delako, esperientzien trukaketa bat posible egiten duelako eta hortik bizinahi bat sortzen delako».



Medusaren mitoa berrirakurtzen

DONOSTIA

Aurkezpenean egileak esan zuenez, badago eleberrian zehar Medusaren mito klasikoaren presentzia bat ere. «Mito hori berreskuratu dut. Gure imaginarioan erabilera handia izan duen mitoa da. Margolanetan edo publizitatean etengabe agertzen da medusaren irudia. Mito klasikoak esaten duenez, Gorgon ahizpetatik txikiena da Medusa. Perseo Medusarekin borrokatzen denean burua mozten dio. Literaturan asko erabili den gaia izan da. Freudek berak gizonek emakumeei dieten beldurra adierazteko erabili zuen. Irakurketa asko egin dira mitoaren inguruan. Bada idazle bat Helene Cixous izenekoa ‘Medusaren barrea’ idatzi zuena, eta liburu horretan ausardia eskatzen du medusa itsusiari aurrez aurre begiratzeko eta medusaren itsusitasunaren aurrean harri bihurtu ordez edertasun bilakatzeko. Azken irakurketa hori erabiltzen dut liburuaren zehar, eta, gainera, kokaleku moduan ere erabiltzen dut, Gorgona izeneko uharte batean gertatzen delako nobelaren zati bat», esan zuen Ixiar Rozasek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea