GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-04-05
EHNE: «Azken 20 urteetan nekazaritza lanpostuen %80 galdu dira Gipuzkoan»
Gipuzkoako EHNEk nekazaritza sektorea oso larri dagoela berretsi zuen atzo. Azken hogei urteetan herrialdean nekazaritza lanpostuen %80 galdu direla ohartarazi zuen, baita sektorean lanean diren pertsonen adinaren batez bestekoa 56 urtekoa dela jakinarazi ere. Erakundeek egoera horretan erantzukizun «izugarria» dutela nabarmendu eta sektorea laguntzeko deia egin zien, sostengu horren ezean nekazaritzak «urte gutxiko bizia» duelakoan.

DONOSTIA

Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatuko Gipuzkoako ordezkari Eneko Dorronsorok, Eneko Karrerak, Aitor Usandizagak eta Joxe Leundak joan den larunbatean egindako batzar nagusian jorratutako gaiei buruz hitz egin zuten atzo, Donostian.

2005. urteko balantzearen berri emateaz gain, Gipuzkoan nekazaritzak bizi duen egoera «larriaz» aritu ziren. Hain zuzen ere, azken hogei urteetan nekazaritza lanpostuen %80 «isilean» galdu direla jakinarazi zuten. Era berean, egun lanean diren laborarien adinaren batez bestekoa 56 urtekoa dela adierazi zuten. «Estadistiketan, urteko balorazioa egiten denean, ez da aipatzen nekarazitzako zenbat langile langabeziara joan den. Izan ere, nekazariak ez baikaude langabeen zerrendan, eta ez baitugu langabezia kobratzeko eskubiderik», kritikatu zuten EHNEko lagunek.

Hori guztia gizartean oharkabean pasatzen dela nabarmendu zuten. Hortaz, gizartea sentsibilizatzearren, mobilizazioen bitartez kalera irteten jarraituko dutela adierazi zuten. «Gizartea guregandik gero eta urrutiago dago, eta ez da konturatzen ari zer ari den galtzen», esan zuten, eta erakundeek afera horretan erantzukizun «izugarria» dutela azaldu zuten. «Nafarroako Volkswagenen lau mila lanpostu zuzen galtzeko arriskua dagoenean, administrazioak eta politikoak alarmatu egiten dira. Gipuzkoan, berriz, lau mila baserritarrek esnea ekoizteari utzi diote azken hamabost urteetan. Eta inork ez dio gai horri behar duen garrantziarekin heltzen», salatu zuten.

Erakundeen sostengua eskuratu ezean sektoreak «oso urte gutxiko bizia» izango duela esan zuten. «Gipuzkoa iraunkor bat egiten ari direla esaten dute, nekazaritza desagertzen ari denean», aipatu zuten.

Bestalde, sektoreak pairatzen dituen arazo konkretuak ere nabarmendu zituzten. Hala, EAJk bultzatutako «hiltegi bakarreko» politikaren aurka agertu ziren. «Hiltegiek zona desberdinetan sakabanatuta egon behar dutela uste dugu, zerbitzu hoberena eskain dezaten», azaldu zuten. Abiadura Handiko Trenaren eta errausteko planten aurka daudela ere nabarmendu zuten, baita zenbait autobideren eta industrialderen eraikuntza proiektuen aurka ere. «Lur txikiketa izugarria egiten ari da», erantsi zuten.



«Baserritarrak duela 30 urteko prezioetan saltzen ari dira haragia»
Eneko KARRERA | Gipuzkoako EHNEko presidentea

Gipuzkoako EHNEko presidente Eneko Karrerak datorren hilabeteetan aurre egingo dieten erronkei buruz hitz egin zion GARAri.

­Batzar nagusian egindako balantzearekin batera, 2005. urtea atzean utzi duzue. Zer helburu finkatu dituzue datorren hilabeteetarako?

Helburu bakar bat dugu, azken finean: baserritarra ahal den hobekien bizi ahal izatea. Hori lortzeko errentagarritasun egoki bat izatea oso garrantzitsua litzateke eta, horretarako, hainbat ekoizpenetako prezioak egokitu beharko lirateke. Izan ere, baserritarrari ordaintzen zaion prezioaren eta kontsumitzaileari eskaintzen zaionaren artean desoreka handia dago. Kasu askotan, %200eko diferentzia dago.

­Prezioen desorekak zer produktutan eragiten du handien?

Haragiaren adibidea jarriko dut. Baserritarrak duela hogeita hamar urteko prezioetan saltzen ari dira produktu hori. Kontsumitzaileari, aldiz, izugarri ari zaizkio prezioak igotzen. Beraz, garbi dagoena da norbait ari dela diru horrekin gelditzen; baserritarra ez den norbait, alegia. Eta ez da ahaztu behar baserritarra dela lurraldea kudeatzen duena eta kalitateko produktua egiten duena. Egoera honi buelta ematen saiatu nahi dugu, hau da, industriak daraman politikari. Administrazioak ez du neurri berezirik hartzen eta, gainera, zenbait gaitan, politika hori bultzatzen du.

­Iparlatek esne ekoizleei prezio jaitsiera bat aplikatu nahi die. Zer iritzi duzue horri buruz?

Prezio jaitsiera hori ez dago justifikatuta. Azken urteetan, kontsumitzaileari %12 eta %18 bitartean igo zaio prezioa; baserritarrei, ordea, mantendu egin zaie. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea