«Herritarrei galdetzea, akaso, baina balio juridikorik gabe»
Estatu Kontseiluko presidente Francisco Rubio Llorentek argi dauka: euskal herritarrei galdetzea posible da beren iritzia ezagutzeko, baina horrek ez luke balio juridikorik. Bera, behintzat, galdeketa «erabakitzaile» baten guztiz aurkako azaldu zen atzo. Presoei barkamen neurriak emateko modurik ere badela esan zuen, «baina muga onargarrien barruan».
MADRIL
Euskal Herriko egoera politikoaren eta etorkizunean gatazka politikoa gainditzearren egin daitezkeen urratsen gainean hitz egin zuen, atzo, Estatu Kontseiluko presidente Francisco Rubio Llorentek. Eta tartean, autodeterminazio eskubideaz jardun zuen. «Erabakitzailea» izango litzatekeen galdeketarik ezingo litzatekeela antolatu esan zuen.
Haren iritzian, halako kontsulta bat soilik egin ahal izango litzateke euskal herritarren iritzia ezagutzeko, ez beste ezertarako. «Erabakitzaile bat [galdeketa], inolako zalantzarik gabe, ezingo litzateke egin. Euskal gizartearen iritzi-egoera ezagutzeko kontsulta bat egitea, beno... Baina horrelako kontsulta batek ez luke, inondik inora, balio juridikorik izango. Horretan ez daukat zalantzarik», agertu zuen.
Forum Europan emandako hitzaldian egin zituen adierazpen horiek Rubio Llorentek, baina bestelakorik ere adierazi zuen. Esate baterako, ETAren su-eten iraunkorrak zabaldutako agertokian, negoziaziorik abian jartzen baldin bada, Estatu espainolak zein neurri har ditzakeen aipatu zuen: «Mota horretako negoziazio batean, erabil daitekeen kartetako bat [presoentzat] barkamen neurriak direla iruditzen zait. Nola gauza daitezkeen neurri horiek? Bada, zuhurtasunez eta onargarriak diren mugen barruan, ohiko gaizkileekin barkamen neurriak indarrean jartzen diren tankera berean».
Horretarako, baina, baldintza batzuk jarri beharko lira-tekeela uste du Estatu Kontseiluko buruak. ETA desegi- tea edota, «bederen, bere jarduna desagertzea» aipatu zuen, baita barkamen neurri horiek jasotzen dituztenek «deliturik berriro ez egitea bermatzea» eta «iritzi publikoari irainik ez egitea» ere.
|