Luis PRIETO | Athleticeko jokalaria
«Taldea behean badago, ezin gara pozik egon egiten dugun denboraldiarekin»
Hain apala eta xumea da, ez du onartu nahi aurtengo denboraldian oso maila ona ematen ari dela Athleticen atzeko lerroan. Taldeko lanari garrantzi handiagoa ematen dio; hala ere, zenbakiei erreparatzea besterik ez dago entrenatzailearen hamaikakoan beti tokia izaten duela ikusteko.
Golegile gisa ezagutzera eman duzu zeure burua aurtengo denboraldian, eta inoiz baino oihartzun handiagoa izan duzu komunikabideetan.
Normala da, gola sartzen duenari gehiago ikusten zaio-eta. Baina hori ez da garrantzitsuena. Hiru urte pasatu ditut golik egin gabe, eta aurten pozik nago lau egin ahal izan ditudalako, baina nire ustez, garrantzitsuagoa da zulotik irteten ari garela ikustea. Egia da gero eta gehiago irteten naizela egunkarietan, baina horrek garrantzi txikia dauka.
Golak alde batera utzita, ez al duzu uste denboraldi osoan maila ona ematen ari zarela?
Taldea behean sartuta dagoenean, bakoitzak egiten duen lana alde batera uzten da eta ez da hainbeste ikusten. Taldea ondo dagoenean garrantzia eman diezaiokegu, baina behean bagaude, ezin gara inoiz pozik egon denboraldiarekin.
Hala ere, Athleticen hamaikakoan beti izaten duzu tokia.
Mementoz jokatzen ari naiz, baina ikus daitekeenez, edozeinek joka dezake. Irteten ari den jendea ondo egiten ari da gauzak. Gurpegi, Lacruz, Ustaritz; horiek ondo dabiltza eta titular edo finko ez dago inor.
Kanpotik gero eta konfiantza handiagoarekin ikusten zaizu. Mendizorrotzan, adibidez, ia zelai erditik jaurtiketa bat egitera ausartu zinen.
Hori partidak jokatuz lortzen da. Hona heltzen zarenean, Lehen Mailan partidak jokatzea falta zaizu, baina gero eta gehiago jokatu ondoren, esperientzia handitu egiten da eta baita konfiantza ere.
Lehen Mailara iristea ez da erraza izan zuretzat.
Zorte handia izan dut. Egon naizen talde guztietan entrenatzaile oso onak izan ditut eta taldekideak ere bai. Horrek gero eta futbolari hobea izatea egiten du; maila bakoitzak zer edo zer ematen du. Ni pausoz pauso joan naiz eta asko ikasi dut pauso bakoitzean.
Azken partidan berriro ere Lafuenteren atea hutsean mantendu zenuten. Defentsa lanean gero eta hobe ari zaretelaren seinale?
Horren azalpena da momentu honetan bloke bezala jokatzen dugula. Aurrelariek lan asko egiten dute eta golak ez jasotzea ez da bakarrik defentsaren lana; taldea batera egotearen ondorio da.
Gainera, zu eta Ustaritz atzealdearen erdian egon zareten partidetan ez dizuete golik egin. Elkarrekin ondo moldatu zaretela ematen du. Ezta?
Ustaritzek dena ematen du zelaian. Oso arina da, buruz ere oso ondo dabil eta hasieratik ikusten zen zentral ona dela. Baina ez da hori bakarrik, asko ezagutzen dugu elkar taldekide guztiek defentsek, erdilariek... urte asko daramatzagu batera eta edozeinek jokatuta ondo moldatzen gara.
Berarekin egindako elkarrizketa batean jokatzeko eran zure antza duela esaten ziotela adierazi zidan.
Bai, izan liteke antzekoa. Oso gauza onak ikusten dizkiot. Hasieran, Intertotora joan zenean hobetzera etorri zen eta orain konfiantzarekin dabil maila ona ematen. Falta zaion bakarra partida gehiago jokatzea eta esperientzia hartzea da.
Ligako azken txanpara sailkapenean ondo kokatuta heldu zaretela esan daiteke denboraldian bizi izan dituzuenekin alderatuz gero.
Hasiera batetik ez ginen ondo aritu eta orain dela gutxi arte oso txarto egon gara. Oraindik ere ezin dugu konfiantza handiegirik izan hiru puntura baitaude jaitsierako postuak. Horregatik jakin behar dugu puntu asko atera behar dugula. Azkenengo partidetan goraka goaz eta konfiantza eman digu taldeak ideiak argi izateak.
Nola definituko zenuke aurtengo denboraldia.
Oso gogorra, baina hurrengo urteetarako baliagarria, ondo irteten bada dena. Honelako esperientzia txarrak pasatuz asko ikasten da.
Zer gustatuko litzaizuke denboraldi amaieran esan ahal izatea?
Uste dut denoi gustatuko zitzaigula maila mantentzea ahalik eta azkarren lortu dugula eta azkenengo partidetan joko hobea egiten ari garela esan ahal izatea.
-Aduriz lesionatuta dago, orain aukera paregabea daukazu geratzen diren partidetan taldeko «pitxitxi» gisa bukatzeko.
Ez da hori nire helburua. Golarena boladaren araberakoa da; batzuetan onak daude eta beste batzuetan denbora pasa daiteke sartu barik. Lau gol sartu ditut aurten, eta ez naiz pentsatzen ari zenbat gol sar ditzakedan. Gehiago gustatuko litzaidake beste hamar taldekideek nik baino gol gehiago egitea.-
«Apur bat denetik entzuten dut, baina beti gustatu izan zait ‘Hertzainak’»
Arratiako bailaran dagoen herri txiki batean bizi da, eta bere nortasunean argi eta garbi islatzen da hori. Dimako giroa eta bertako herritarrekin duen harremana ez luke inoiz aldatuko.Zer da Dima zuretzat? Betidanik bizi izan naiz bertan eta oso gustura nago. Durangon ere ondo egon nintzen, baina ezberdina da. Betidanik ezagutzen dugu elkar guztiok, eta harremana oso ona da. Azkenean, Dimako kalean barrena joatea eta denek animoak ematea niretzat oso garrantzitsua da eta ez nuke inoiz pentsatuko hortik joatea. Asko aldatu da zure bizitza Athleticeko
jokalaria zarenetik? Ez, nik betiko lagunak ditut eta berdin jarraitzen dut. Betidanik ezagutu ditudanekin harremanak berbera izaten jarraitzen du, eta beraiek ere nirekin berdin jokatzen dute. Hori da garrantzitsuena leku batean bizitzeko. Herriko peña eta guzti daukazu. Jendea beti dago niri animoak ematen. Herritar asko daude sartuta peña horretan, eta eskertzekoa da. Luis Prieto lagun taldea da izen ofiziala, baina batzuek Koldo Estu esaten diote euskaraz. Diman euskara asko erabiltzen da, eta
Athleticen? Bai jokatzerakoan eta bai zelaitik kanpo ere asko erabiltzen dugu dakigunen artean. Ikasketarik egin al duzu? Heziketa fisikoa ikasten nabil baina apur bat alderatuta daukat. Eibarren egon nintzenean LHko elektronikako modulu bat egin nuen. Hala ere, gustatuko litzaidake heziketa fisikoa jarraitu eta bukatzea. Futbolaz aparte, zer duzu gustuko
egitea? Udan askotan joaten naiz frontoira palara jokatzera. Asko gustatzen zait lagunekin frontoian ibiltzea. Eta musika? Apur bat denetik entzuten dut, baina beti gustatu
zaidana ‘Hertzainak’ taldea da. Nire gazte sasoian asko entzuten nuen eta orain
ere.-
|