- Alaves
Saretik baloirik jaso gabeko eperik luzeena
·Lehen Mailan emandako denboraldietan, sekula ez zituen lau partida egin jarraian aurkariak golik egin gabe
GASTEIZ
Gasteizera heldu zenean joko ikusgarri eta aurrelari askorekin jokatuko zuela lau haizeetara zabaldu zuen arren, gauzak okertu direnean atzera begiratu du, gainerako talde gehienek bezalaxe, Dmitry Pitermanek. Akatsetatik ikasten omen da gehien, eta aurten bertan Malagaren aurka bost aurrelari zelairatu eta kolpe gogorra jasotzearen erantzule nagusia Alaveseko historiara pasatuko da oraingoz egungo taldea baita golik jaso gabe denbora handien eman duen taldea. Athleticen aurkako derbian hutsean berdindu ostean, laugarren partida osatu zuen Alavesek golik jaso gabe; Lehen Mailan eman dituen urte guztietan sekula egin gabeko marka ezarri zuen. Saviolak 27. jardunaldiko hamargarren minutuan Costanzori gola sartu zionetik, aurkariek ez diote besterik egin, eta mementoz 440 minutu daramatzate Costanzo eta Bonanoren artean aurkariei ospakizunerako betarik eman gabe. Orain arteko markarik onena lehen aldiz UEFArako sailkatu ziren 99-00ko denboraldian eta 01-02ko denboraldian eginak zituzten, bietan Maneren agindupean. Lehendabizikoan, 34. jardunalditik 36.era (Betis 0-Alaves1; Alaves 1-Valladolid 0; eta Real Madril 0-Alaves 1) mantendu zuen atea hutsean Martin Herrerak. Bi urte geroago, Kike Burgosek ere horrenbeste partida eman zituen golik jaso gabe, denboraldiko lehen hiru partidetan (Tenerife 0-Alaves 1; Alaves 2-Reala 0 eta Mallorca 0-Alaves 0). Orotara, minutuak batuta, argentinarrarena litzateke markarik luzeena, orotara 311 izan baitziren golik jaso gabe eman zituzten minutuak.
Gol bat alde
Hala ere, atzean egindako hobekuntza horrek ere izan du alde txarrik; izan ere, golik jaso gabeko epe luze horretan egin ere bakarra egin baitu, Aloisik Celtaren aurka penaltiz sartutakoa. Horrek emandako aurrerapausoa dezente moteldu du, hiru puntuko liga ezarri zutenetik, berdinketak ez baitu gehiegi balio.Zenbakiei begiratzen jarraituz, lehen itzulia amaitu zenean, Alaves Lehen Mailan golik gehien jaso zuen bigarren taldea zen. 29 gol egin zizkioten lehen 19 partidetan, eta Realak baino ez zituen gol gehiago; 35, hain zuzen ere. Hogeita hamaikagarren jardunaldian, Espanyolek ere jaso ditu Alavesek baino gol gehiago; izan ere, bigarren itzulian 16 baino ez baititu jaso hamabi partidetan. Gaur egun Bartzelona da onena arlo horretan, eta hamabi gol jaso ditu; aldea laukoa da, lehen itzulian, ordea, aldea hamalaukoa zen.
Ereserki berriak, entzungai
GASTEIZ Azken hilabeteetan gaia ahaztuta zegoela zirudien arren, Dimitry Pitermanek euskarazko taldearen ereserkia lortzeko asmatutako lehiaketak aurrera jarraitzen du. Jasotako proposamen guztien artean lehen hautaketa bat egin dute, eta 14 hautagai utzi dituzte. Abesti horiek guztiak zelaian jarri izan dituzte bozgorailuetan hainbat partidatan, baina zaleek kantu horiek entzun eta aukeratzeko zailtasunak izan dituztenez, www.alaves.com taldearen web orrian jarri dituzte eta alaveszaleak izango dira hiru onenak aukeratzeko arduradunak. Musika munduko pertsonak osatutako epaimahai bat izango da azken irabazlea aukeratzeko arduraduna.
|