«Borrockarako» dei eginez dator Potemkin taldearen lehen diskoa
Beren burua rockaren borrokalaritzat dute. Armak beharrean, musika-tresnak darabiltzate, eta iraultza bat egitera omen datoz; rockaren iraultza, alegia. Potemkin dute izena, eta gerraontzi hura eta darabilten estetika sobietarra bezain sendoa da egiten duten musika, rock azkarra, indartsua, gogorra: borrocka. Hamahiru kanta eta bideoklip bat bildu dituzte plazaratu berri duten diskoan.
DONOSTIA
«Rokanrrola ta zu ditut maitatzen/ Ez naiz lotsatzen ozen esaten». Diskoa irekitzen duen kantaren errepika da. “Borrockatu ezazu” izenburukoan, berriz, honakoa entzun daiteke: «Haiek zapaldu, zigortu/Eta zuek errespetatu/ Borrokatu ezazu». Bi adibide baino ez dira; antzeko gehiago ere badira diskoan. Beraz, Potemkineko kideak musikaz, estetikaz eta jarreraz borrokalariak direla nahiko garbi dago. Baina baten bati oraindik duda geratuko balitzaio, badaezpada, haiek berek aitortu zuten diskoaren aurkezpenean:«Gerra ematera goaz».Potemkinen lehen diskoa plazaratu du Oihuka-k, baina Oñatiko talde hori osatzen dutenak ez dira horregatik musikaren plazara etorri berriak. Izan ere, Iker Martinez de Zuazo (gitarra) eta Joxemari Azpitarte (baxua) Latzenen aritu ziren; Iban Idigoras (bateria), berriz, Tenken. Hirurak 2003. urtean bildu eta entseguak egiten hasi ziren. 2004an Aixibar Urteaga abeslaria fitxatu eta laukotea osatu zuten. Geroztik makina bat kontzertu egin dute. Iaz, disko bat plazaratzeko unea iritsia zela iritzita, Tolosako Bonberenean sartu eta hantxe, Karlos Osinagaren zuzendaritza- pean, hamahiru kanta grabatu zituzten. Gero, Aitor Arregirekin harremanetan jarri eta bideoklipa prestatu zuten. Joseba Poncek (Kuraia) hori guztia estetika sobietar zorrotz batean bildu eta orain CD batean plazaratu dute. Taldeko bi kide Latzenen aritutakoak direla gogoan, Ritxi Aizpuru Oihuka-ko arduradunak Potemkinen eskarmentua egon badagoela nabarmendu zuen. Horren lekuko da grabazio prozesu guztia taldekideek berek egin izana. Alabaina, Potemkinen musika Latzenen metalarekin bat ez datorrela ere ohartarazi zuen. «Potemkinek rock-and-roll lotsagabeena egiten du, oso musika azkarra, indartsua, gogorra, hard-rock puntu batekin». Hamahiru kantuko diskoan bi dira salbuespenak, funk kutsuko intro bat eta balada-stoner bat, “Gauza txikiak” izenburukoa. Estilo aldaketa dela-eta, zera adierazi zuen Joxemari Azpitartek: «Talde bat osatzen duzunean, entsegu-gelara zure gustu eta joerak daramatzazu. Baina horiek bakarrik kontuan hartuko balira, zure taldea izango litzateke, ez guztien taldea. Gu lau gara; bakoitzak berea jartzen du eta nahasketatik ateratzen da egiten dugun musika». Latzenen itzala, onerako eta txarrerako, hor dago, baina ez omen die axola. Iker Martinez de Zuazok esan zuen: «Harro gaude Latzeneko esperientziaz, jakina, baina ez diogu garrantzi handirik ematen; garena gara eta ez dugu konplexurik. Disko on batek eta zuzeneko on batek defendatzen dute Potemkin, ez orain dela urte asko bi taldekidek egindakoek». Taldea oso harrera ona izaten ari da. «Egia esan, ia-ia harrituta gaude honek guztiak hartu duen tamainarekin», aitortu zuten. Izan ere, hemendik eta uda bitartean kontzertu askotan hartuko dute parte, pisu handiko hainbat talderekin, gainera. Esaterako, Su Ta Gar, Berri Txarrak, Hamlet, Reincidentes eta Sorkunekin.
|