«Nola liteke 77 egunez greban egon eta gero istorio hau hiru bileratan konpondu izana?»
ELAk, LABek eta ESK-k Irunen deitutako garbitzaileen greba amaituta, galdera asko geratu dira airean, izenburukoa barne. Erantzunak ezagutzearren, azken hilabeteetan hiru sindikatu horien ordezkari lana bete duen eledunetariko batekin hitz egin du GARAk. Akordioak akordio, bere ustean, kezkatzeko arrazoirik badago oraindik: gatazka konpondu den arren, azpikontratazioak arazoa izaten jarraitzen du.
Argi geratu da, 77 egun greban egon ondoren eta oso gaizki pasatu eta gero, azpikontratazioa ez dela metodo erabilgarria lan harremanetarako eta Udalak herritarrei eskaini behar dien zerbitzuetarako. Azken finean, hirugarren batek irabaziak lortzen ditu ezer egin gabe. Eta irabazi horiek Udalak edo langileek eskuratu beharko lituzkete, ez kanpotik etorritako enpresa pribatu batek».LABeko kide Iker Callaoren hitzak dira horiek; ELArekin eta ESKrekin batera Irungo garbitzaileen gatazkari konponbidea ekarri dion sindikatuko ordezkariaren gogoeta, alegia. Bi hilabete eta erdi baino gehiago iraun duen greba modu arrakastatsuan amaitu badute ere, Irunen eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan azpikontratazioaren arazoak bere horretan jarraitzen duela nabarmendu zion GARAri. «Azpikontratazioak iraun bitartean eta, ondorioz, lan berdina egiteagatik diru askoz gehiago kobratzen duten pertsonak dauden heinean, Irungo garbitzaileek izandako gatazka berdina beste lantoki batzuetan sor daiteke. Horrelako gatazkak edozein egunetan pitz daitezke», ohartarazi zuen. Zenbait alderdi politikok azpikontrataziorako duten menpekotasuna frogatzeko, Irungo greban izandako bizipen batzuk gogorarazi zituen, orain arte publikoak egin ez direnak. Alde horretatik, Irungo EAJ-EA taldearen jarrerari buruz aritu zen Callao. «EAJ-EArekin izan genituen bileretan beti berdina esaten ziguten: ‘Bai, langileen aldarrikapenekin ados gaude. Baina horren alde jartzen bagara, hoberena azpikontratarik ez egotea dela onartuko dugu’. Guk erantzun genien horixe dela, hain zuzen ere, azken hogei urteetan sindikatuek aldarrikatu duguna. Beren burua pixka bat estututa ikusi bazuten ere, ‘bai, baina ez’ esaten jarraitu zuten, hots, grebalarien borroka ulertzen zutela baina ez zutela babestuko. Izan ere, garbitzaileen aldarrikapenen alde jarriz gero, ikusten zuten guk hurrengo egunean gobernatzen dituzten udaletara joko genuela, soldata parekatu zezatela eskatzera», azaldu zuen LABeko lagunak. 77 egun iraun zuen grebak utzitako pasarteen artean, Irungo alkate Jose Antonio Santanoren (PSE) «kontraesanak» ere nabarmendu zituen. «Greba amaitzeko irtenbide gisa, Santanok eraikin publikoen garbiketa Udalak bere gain hartzea proposatu zuen. Adierazpen horiek egin zituen egun berean prentsaurreko bat eman zuen alkateak. Hiritarren Arreta Zerbitzua handituko duela esan eta zerbitzu berria enpresa pribatu batek kudeatuko duela jakinarazi zuen. Zertan geratzen gara: gauza bat edo bestea», kritikatu zuen Callaok. Sindikatu abertzaleko ordezkariak esplikatu bezala, hori ez zen izan Udalaren kontraesan bakarra gatazkak iraun zuen bitartean: greba hasi baino egun batzuk lehenago, Ongizateko zinegotzi Juana de Bengoetxeak (PP) sinatutako bando bat kaleratu zuen Udalak. Bertan, herritarrei aldez aurretik barkamena eskatzen zien greba eskubidearen erabilerak ekar zitzakeen eragozpenengatik. «Eskubide» hitza agertzen zen idatzian, letra larriz, gainera. 65 egun geroago, Santanoren gobernu taldeak «eskubide» hitza ahaztu eta «ilegaltzat» jo zuen greba, Udalak berak enkargatutako txosten juridiko batean oinarrituta.
Alkatearen anaia
Irizpide aldaketa hori garbitzaileen aldarrikapenak zapuzteko maniobra bat izan zela berretsi zuen Callaok, baita helburu horrekin Udalak beste «azpijoko» batzuk erabili zituela jakinarazi ere. Horietako bat Irungo kaleak garbitzeaz arduratzen den FCC enpresako langileak goizeko bietan eskola batera bidaltzea izan zela nabarmendu zuen, grebaren eraginez zikinik zegoena garbi zezaten. LABeko kidearen esanetan, Santano alkateak anaia FCCko arduraduna dela aprobetxatu zuen garbiketa «ilegal» hori agintzeko. Kontua da, handik egun batzuetara, FCCko langileek agindu hori betetzeko «presioak» jaso zituztela adierazi zutela, eta barkamena eskatu zieten grebalariei. «Azpijokoez» gain, «mehatxuak» ere egon dira azken bi hilabete eta erdian. Hain zuzen ere, grebalariek Udalak 58 langileak kanporatuko zituela jakinarazi zuenean igaro zituzten «une gogorrenak». Baina «kolpe» hori ere «gainditu» zutela nabarmendu zuen Callaok, eta azkenean Udalak amore eman eta enpresei negoziatu zezaten eskatu ziela adierazi zuen. Hala, 77 eguneko greba eragin zuen gatazka sei egun eskasetan izandako hiru bileratan konpondu zen. «Nola liteke 77 egunez greba egin ondoren istorio hau hiru bileratan konpondu izana eta bi aldeak pozik bukatu izana? Galdera horrek azalpen hutsa dauka: PSEk eta PPk, hau da, Irungo Udal gobernua osatzen duten alderdiek, pultsu bat egin zigutelako eta galdu dutelako. Bereak eta bi erabili dituzte gure borroka zapuzteko, baina azkenean ez dute lortu. Udalak, gainera, bere jarrerarekin irabazten lagundu digu. Gezurrak, mehatxuakŠ hasieratik erabili dituelako, Santano buru. Eta hori gizarteak ikusi du», erantsi zuen Callaok. -
IRUN
|