Joxe Mari AIZEGA | Mondragon Unibertsitateko errektoreordea
«Mondragon erreferentzia izango da lantzen dituen hiru jakintza arloetan»
Mondragon Unibertsitateak 2010. urtera begira dagoen Plan Estrategikoa aurkeztu berri du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko bideak zehazteko. Joxe Mari Aizegak argitu du egun eskaintzen dituen hiru arloak indartzeko bost zutabetan oinarritu direla, helburu bakarra lortzera bideratuta; Mondragon jakintza arlo horietako erreferentzia bilakatzea.
Enpresa, erakunde eta gainontzeko ikastetxeekin
loturak sendotu eta harreman berriak sustatzea; lan munduari begira ikasleen
formazio integrala bermatzea; jakintza arlo zehatz batzuetan irakasleen
espezializazioa bideratzea; Mendeberri proiektuak zehazten duen heziketa eredua
unibertsitateak eskaintzen dituen titulu orotan aplikatzea; eta nazioartean
ikasle eta irakasleen mugikortasuna ahalbidetzea. Horiek dira Mondragon
Unibertsitateak 2010ari begira osatu duen Plan Estrategikoaren bost zutabe
nagusiak, eta, Joxe Mari Aizega errektoreordeak ziurtatu duenaren arabera, bost
horiek izango dira ikastetxeak lantzen dituen jakintza arloetan erreferentzia
izatea ahalbidetuko dutenak.
Etorkizunari begira «Plan Estrategikoa 2010» aurkeztu berri duzue, baina, nondik dator Mondragon Unibertsitatea, eta zein da azken hamarkadan izan duen garapena?
Azken bederatzi urteetan hazkunde handia izan du. Atzera begiratuz, ikasle kopurua dezente handitu dela eta gizarteari titulu berriak eskaini dizkiogula ikusten dugu. Ikerketa arloan ere bilakaera handia izan dugu; zenbait doktore tesi egiten ari gara, eta ikerketa proiektuak garatu ditugu. Baina, garrantzitsuena da oso urte gutxiren buruan gizarteak Mondragon Unibertsitatea ikastetxe espezifikoa dela onartzea lortu dugula, ezaugarri berezi batzuk dituena, eta, aldi berean, euskal gizarteari ekarpen berezi eta oparoa egiten diona. Urte gutxiren buruan hori lortzea arrakastatsua eta aipagarria dela uste dugu.
Azken plan estrategikoa 2000. urtean egin zenuten. Zeintzuk izan dira beste plangintza baten beharra eragin duten aldagaiak?
Ordutik unibertsitate panorama dezente aldatu dela ondorioztatu dugu; ikasle kopurua murrizten ari da, Europako konbergentzia dator, Bolonia prozesua, ikerkuntzako erronkak daude... Unibertsitateko agertokia aldatu egin da beraz, baina gizartearen formazio beharra ere bai. Hau da, gizarteak gaur egun beste zerbait eskatzen dio unibertsitateari. Hainbat aldagaiengatik, beharrezkoa ikusten genuen 2000. urteko Plan Estrategikoa berriro hartzea, berriro aztertzea eta hurrengo bost urteei begira gure helburu eta erronka estrategikoak finkatzea.
2010. urtera begira, zer helburu finkatu dituzue?
Plan estrategiko berri honen bidez gure egin ditugun berezitasunak oraindik gehiago sakondu nahi ditugu. Egun, gure hezkuntza eredua enplegurako orientaziora bideratua dago, baina oraindik lanera bideratuagoa egotea nahi dugu. Ikasleak dira hezkuntza programaren ardatz nagusia, eta, zentzu horretan, ekintzailetasuna landu eta garatu nahi dugu. Nire iritziz, gure euskal gizarte honetan enpresak eta iniziatiba berriak behar ditugu, eta hori ere gure arduretako bat izango da etorkizunari begira. Uste dugu hori guztia gara dezakegula Plan Estrategikoaren bidez, eta bost erronka nagusi zehaztu ditugu helburu horiek lortzeko bidean.
Zein dira barneratzen dituen erronka nagusi horiek?
Nagusiki, unibertsitate erreferentzia izan nahi dugu jakintza arlo zehatz batzuetan. Alegia, inork ingeniaritzako formazioan, enpresa kudeaketan edo irakasletzan pentsatzean gugan pentsatzea. Eta helburu horrek, noski, gehiago espezializatzera behartzen gaitu. Egun ez gara unibertsitate generalista hiru arlo horiek soilik garatzen ditugu, baina, horietan gehiago espezializatu nahi dugu. Gizarteak egiten dugun horretan onak garela ikustea nahi dugu, erreferentzia izan zentzu horretan. Hori da gure erronka nagusia.
Plan Estrategikoak bost erronka nagusi
dituela aipatu duzu, eta horietako bat Mendeberri proiektua da, egun tituluen
%60ri aplikatzen zaiena. Heziketa eredu hori unibertsitateko titulu orotara
hedatzea aurreikusten duzue? Erabiltzen dugun hezkuntza eredua da gure ezaugarri nagusietako bat. Berezia eta kalitatezkoa da, eta gure ikasleak etorkizuneko lan munduko erronkei erantzuteko prestatzen ditugu. Eta horretarako dugu Mendeberri proiektua. Orain zortzi urte abiatu genuen, profil profesional berri bat garatzeko xedez. Esan daiteke ikasleen garapen integrala bultzatzen dela, hau da, ezagutzaz gain, zeharkako konpetentziak edo ahalmenak, baloreak, eleaniztasuna euskaraz eta ingelesez lan egiteko gaitasuna ere bereganatzea bilatzen dugu. Eta guztia teknologia berriak menperatuaz. Beste elementu bat ikasleek enpresa batean lan eginez ikas dezatela da. Unibertsitatean ikasi dutena nola aplikatzen den ikusten dute, eta hausnarketarako eta esperientziarako oso aberasgarria da. Beste elementu bat enplegua da. Gure hezkuntza ereduak ikasleak unibertsitatetik irteten direnean lana aurkitzea bermatu behar du. Hori asko nabarmentzen da Plan Estrategikoan, eta bi hilabeteko epean ikasleen %100ek ikasi duten horretan lana lortzea da erronka. Gaur egun tituluen %60 daude eredu horrekin eta beste lau bat urtetan %100 izango dira. Mondragon Unibertsitateak erakunde, enpresa
zein bestelako ikastetxeekin duen lotura indartzea da bigarren erronka.
Unibertsitate gisa, lan munduarekin, ikastetxeekin, enpresekin eta erakundeekin ditugun loturak sendotzea eta gehiago eraikitzea da gure erronka. Ez soilik gure ikasleek karrera amaierako proiektuak egin ahal izateko, baita haiekin formazio iraunkorra izateko, enpresa edo erakundeetako langileentzat formazioa eskaintzeko, eta haiekin ikerketa ekimenak edo berrikuntza proiektuak egiteko ere. Uste dugu enpresa, erakunde eta ikastetxe horientzat aliatu bat izan gaitezkeela, batez ere, formazio eta ikerketa arloetan.
Mondragon zenbait jakintza arlotan berezitua dagoen unibertsitatea da. Zer dio horri buruz Plan Estrategikoak?
Uste dugu unibertsitate batzuk oso generalistak direla, ezagutza arlo guztiak edo gehienak izaten baitituzte. Gure bilakaera eta dimentsioa kontuan izanda, iruditzen zaigu gu onak izan behar garela gaur egun lantzen ditugun ezagutza arloetan; ingeniaritza teknologia, enpresa kudeaketa, eta hezkuntza eta komunikazioa, oraintxe bultzatzen ari garena. Hiru arlo horiek dira garatu behar ditugunak, eta horietan espezializatu nahi dugu, oraindik gehiago. Zorrotzak izan eta espezializazioan sakondu nahi dugu.
Ikasleen formazioan ez ezik, irakasleen espezializazioan sakontzea bultzatzeko bide berriak irekitzea planteatzen du plangintza berriak?
Kontuan hartzen baduzu orain zortzi urte sortu zela unibertsitatea, esan daiteke oso esfortzu handia egin dugula gure irakasleen garapenerako. Doktore tesiak egiten ari dira une honetan ia 50 irakasle ari dira tesiak egiten, orduan, horrek esan nahi du beren prestakuntzarako eta garapenerako unibertsitatean esfortzu handia egiten ari garela. Mendeberrirako ere, horrek eredu aldaketa bat ekarriko duenez, irakasleen formazioa behar-beharrezkoa da, eta une honetan 120 irakasle etengabe formatzen ari dira, metodologia berriak, ikasle taldeekin egin beharreko lana tutorizatzeko modua, ebaluaketa sistemakŠ Azkenean, Mendeberrirekin hainbat gauza aldatzen direnez, horrek esan nahi du irakasleen formaziorako ere lan handia egin behar dela. Orduan, helburua da gure barne-jendea formatzea eta garatzea, gure irakasleak gara daitezela, eta prestakuntza bereganatzen joan daitezela. Gero eta Europako ikerketa gehiago egitea edo formazio iraunkorreko ikastaroak ematea, hori ere bada gure helburu nagusietako bat. Azken batean, irakasleak ere badira Mondragon Unibertsitatearen oinarri, eta ikastetxearen kudeaketa eramaten dugunok lagundu egin behar dugu tira dezaten.
Nazioartearekin harremanak sustatzea da plangintzaren zutabe nagusietako bat. Zer mugikortasun eskainiko zaie ikasleei eta irakasleei?
Nik uste dut mundua, gizartea zein ekonomia globalizatuak daudela, onerako zein txarrerako. Hortaz, gure ikasleak titulatzen direnean lan munduan txertatze erraza eta ona izan dezatela eta profesionalki arrakasta izateko aukera eskaini nahi diegu, eta ezinbestekoa da nazioartetze hori beren ikaste prozesuan barneratzea. Aurten 40 ikaslek egin dute karrera amaierako proiektua atzerriko enpresa edo unibertsitate batean. Hau da, Erasmus programaren bidez, kanpoan ikasteaz gain, praktikak eta karrera amaierako proiektuak atzerrian egitea bultzatzen dugu. Azken batean, nazioartetzea unibertsitatean txertatu nahi badugu, ikasleak zein irakasleak nazioartetzea beharrezkoa ikusten dugulako. Irakasleei begira, kanpoko unibertsitateetako ikerketa taldeetan integratzeak aberastasuna ekarriko duela uste dugu. Gure sustraiak hemen badauzkagu ere, atzerrian ikusten ditugun gauza onak barneratzea aberasgarria da.
Euskal Herrira itzuliz, zer iritzi duzu bertako unibertsitateek ikasleei egiten dien eskaintzaren gainean?
Orain bi urte onartu zen unibertsitate legeak apustu berria egiten du. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateek EHUk, Deustukoak eta guk osatzen dugun sistema osatu egiten du, eta hori oso inportantea da. Izan ere, unibertsitate bakoitzak bere ekarpena egin diezaioke sistemari. Pentsatu behar duguna da nola lortuko dugun sistemari eta herri honen garapenari gure ekarpena egitea.
Eskariari dagokionean, izan al da azken
hamarkadan nabarmentzeko moduko aldaketarik unibertsitateko ikasleen artean?
Azken urteotako ibilbidea aztertzen badugu, esan dezakegu hazkunde handia izan dugula, eta azken hiru urteotan ikasle kopuruari eutsi egin diogula. Egun unibertsitatera sartzen den ikasle kopurua aintzat hartuz, gure tasa handitu egin da, eta horrek erakusten du erakargarritasunari eusten diogula. Izan ere, demografikoki gero eta gazte gutxiago dauzkagu, eta batxilergoa egitea hautatzen dutenak ere gero eta gutxiago dira. Ondorioz, gutxiago datoz unibertsitate ikasketak egitera. Plan Estrategikoaren bidez, egungo 4.000 ikasleetatik 4.500era heltzea da gure helburua, eta, horretarako, gradu eta eta graduondoko berriak eskainiko ditugu. Unibertsitatean ikasketa jakin batzuk
egiteak ez du ziurtatzen arlo horretako lanpostu bat eskuratzea. Egia ote
gizartean hedatua dagoen esaera hori?
Oro har bai, baina gure ikasleen %85ek egiten dute lan ikasi duten horretan, eta nahiko emaitza ona da; baina, gure helburua %95eraino iristea da. Iruditzen zaigu gure erantzukizuna eta ardura dela egin duten esfortzuak fruitua ematea, eta, datuek adierazten duten bezala, uste dut lortzen dugula. Beste unibertsitate batzuekin konparatzen badugu, oso emaitza onak dira. Besteen emaitzak esatera ez nintzateke ausartuko, baina ziur nago ez direla horrenbesterainokoak.
Azken aldian euskal curriculumaren gaia pil-pilean dago hezkuntzan. Nola jasoko du Mondragon Unibertsitateak?
Oraindik gaia nahiko berde dago, eta, printzipioz, euskal curriculuma unibertsitarioa ez den hezkuntza zatira bideratzen da gehienbat. Gu, unibertsitate gisa, arduratuta gaude horrekin, baina, batez ere, Bolonia prozesuak kezkatzen gaitu. Hau da, tituluak aldatuko dira, gradu eta graduondokoetan eragina izango du... Guk hezkuntzara bideratutako fakultate bat dugu, eta egia da euskal curriculuma martxan jartzen den neurrian eragina izango duela eta landuko dugula. Baina, unibertsitate gisa, tituluak aldatzen ari diren unean gaude, eta arduratuta gaude ea fenomeno horrek nola eragingo digun.
Bolonia aipatu duzu. Prozesua unibertsitateko hainbat eragileren eskutik kritika ugari jasoa da, eta beste batzuek onura ikaragarriak dakartzala diote. Zein da zuen jarrera?
Boloniari buruz hitz egiten denean, gauza asko nahasten dira. Prentsan agertzen dena irakurtzen dut, eta uste dut gizartea nahastu egiten dugula. Boloniari buruz hitz egiten dugunean bi gauza etortzen zaizkit burura; tituluen eraldaketa eta hezkuntza eredua. Estatuan gai hori lantzen ari dira, eta alderdi batzuk egokiak iruditzen zaizkigu. Beste batzuk, aldiz, ez horrenbeste. Hala ere, gure ustez inportanteena hezkuntza eredua da; garapen integrala ematea eta ikasleriaren profila zehaztea. Unibertsitate bakoitzak hausnartu behar du zer profesional mota hezi nahi duen, zer-nolako profila garatu nahi duen, eta guk Mendeberriren bidez egiten dugu hori. Boloniak inguruan duen beste guztia da nahasten gaituena, eta argitzen saiatu beharko ginatekeena. -
|