Lezoko Udalari hirigintza planak bertan behera uzteko eskatu diote
LEZO
Lezoko Udaleko Gobernu Taldearen hirigintza planteamenduaren aurka dagoen Lezoren Alde Herri Plataformak herriko hamaika talde biltzen ditu Udalari bere asmoak eta planak «bertan behera» uzteko eskatu zion atzo berriz ere. «Hirigintza planteamenduari buruz herritar eta herriko kolektiboekin zabal dezala eztabaida eta gogoeta prozesu bat, erabakiak ahalik eta adostasun sozialik handiena izan dezan», agertu zuen plataformak.
Gainera, Aroia Goienetxea, Aitor Mimendia eta J.M. Martiarena zinegotziek «egun Lezoko Udalean dituzten arduretatik ken ditzala» eskatu zion Udalari. Haren esanetan, agerian jarri baitute beren interesak Herriko interesen aurretik jartzen dituztela.
Lezoko Udalaren hirigintzako planak milioi bat metro koadro urbanizatzea proposatzen du. Hau da, Lezok gaur egun duen azalera osoa bikoiztea proposatzen du, eta bertan 1.300 etxebizitza eraikitzea. Lezoren Alde Herri Plataformak aurkeztutako alegazioekin berriki bat etorri da Lakuako Gobernua, eta Udalaren proiektua desegokia dela ebatzi du, bai etxebizitza gehiegi eraiki nahi direlako eta bai hainbat baserri lur urbanizatzea desegoki ikusten duelako. Horiek hala, Lezoren Alde Herri Plataformak salatu duenez, horrek agerian uzten du Gobernu Taldeak (EAJ eta EA) egin nahi duen hirigintza proiektu nagusietako bat erabat irregularra dela; Lezoko ondasun naturalak hondatzen dituelako, herrian dagoen etxebizitza premiari erantzuten ez diolako eta indarrean dauden planak ere ez dituelako errespetatzen.
|