Nepalgo Poliziak tiroka hartu ditu manifestariak
Nepalgo hegoaldean gerrillariek erasoak egiten dituzten bitartean 104 preso aske utzi zituzten Taulihawako espetxean, Katmandu hiriburuan oposizioko buruek deituta zituzten mobilizazio erraldoiak 24 orduz atzeratzea erabaki zuten, Poliziak manifestari bat tiroka hil ostean, Pokharan.
KATMANDU
Pokhara hirian baieztatu zuten azken orduetako zurrumurrua: Poliziak manifestariei tiro egiteko agindua zeukala. Gyanendra erregearen aurkako protesta egiten ari ziren hiri horretan, telekomunikazio bulegoetako bigarren solairuan zegoen soldadu batek tiro egin zienean. Militarrak manifestari bat hil eta lau zauritu zituen. Rajendra Pandey Alderdi Komunista Marxista-Leninista Batuko kideak adierazi zuen manifestariaren heriotza erregimenaren krimena zela. Berria zabaldu zenean, Pokharan bertan udal bulegoei su eman zieten, eta herrialdeko beste puntu askotan ere borrokak izan ziren manifestarien eta segurtasun indarren artean.Katmandu hiriburuan, berriz, atzo egitekoa zuten manifestazio erraldoia atzeratzea erabaki zuten oposizioko alderdi politikoek. Protestak saihesteko, erregimenak etxeratzeko agindua ezarri zuen, sakelako telefonoen bidezko komunikazioak eteteaz gain. Hala ere, ehunka lagun irten zen kalera, agintarien mehatxuei jaramonik egin gabe. Baina protestaren antolatzaileek atzera egitea erabaki zuten, sarraskiren bat izateko beldur baitziren. «Bihar gaur, irakurlearentzat egingo dugu gaur egitekoa genuen manifestazio erraldoia. Etxeratzeko agindua legez kanpokoa da, logikarik gabea, eta erabat gaitzesten dugu». Ehunka manifestari atxilotu zuten atzo Nepalen, oposiziokoek jakinarazi dutenez. Nepalgo hegoaldean gerrillari maoistek erasoak egin dituzte. Taulihawan, gerrillak Kapilavastuko espetxea hartu zuen eta bertan zeuden 104 preso askatu, gobernu instalazioak suntsitzeaz gain. Hamabi pertsona hil ziren borroketan.
|