Atzo txirrindulariek lan egun laburra izan zutela esango duzue. Batzuentzat, ordea, beste edozein egun baino luzeagoa egin zela esango nuke. Gorputzak ordu erdi pasatxoko lana besterik ez zuen, baina txirrindularia ez da gorputza bakarrik.
Buruak atzokoa bezalakoetan urduritasunez betetako jardunaldiari egin behar dio aurre. Gauean, loa eteten den bakoitzean saioaren ibilbidea dator burura. Goizean lehen pentsamendua ere hanketara doa, erlojupekoa euren zain dagoela gogoraraziz. Luze joaten da goiza, eta luzea da kezken desfilea. Erlojua zenbat aldiz begiratzen ote da, benetako ordua zein poliki hurbiltzen den konturatzeko!
Gainontzekoek euren saioa hasten dute, baina oraindik asko falta da lehenengo sailkatuentzat. Beroketa hasi eta seigarren egunak berarekin dakarren nekea somatzen hasi orduko kezka gehiago datoz nahikoa zama duen buruarentzat.
Izerdiarekin ezinegon batzuk uxatzen dira, baina zain jarraitu behar, zer egin ez dakizula, irteera koskara igotzeko irrikaz. Lau, hiru, bi, bat... Burua hustu eta gorputza mugara eraman behar! -