- N1
Avironek ez zuen asmatu aukerak gauzatzen
AVIRON 0 RAON L´ETAPE 0 Aviron: Ruffier,Lestage, Laporte, Sergent, Talmont,
Bidegain (Vaz, 73.m), Chakir, Louit (Sartolous, 73.m), Sautie (Lalague, 46.m),
Vareilles eta Ech Chergui. Raon L’Etape: Grelier, Guerguero, A. Benkajjane,
H.Benkajjane, Hamdani, Darocha, Deplanchje, Ellie, Bottenen, Torraman eta
Adjaud. Epailea: Dessiague. Avirongo Sartolouk eta Raoneko Elliek ikusi zituzten
txartel horiak. Gorabeherak: 1.200 ikusle inguru N1 Mailako norgehiagoka
ikusten.
BAIONA
Avironek lasaitasun apur bat izateko aukera paregabea galdu zuen atzo, Raon L’Etaperen aurkako norgehiagokan. Euskaldunak askoz ere gehiago izan ziren. Golak egiteko aukera asko sortu zituzten, baina kamuts aritu ziren kanpotarren atearen aurrean, eta azkenean berdinketarekin konformatu behar izan zuten.Lehen zatia ez zen ona izan. Bi taldeek asko zuten jokoan, eta galtzeko beldur hori asko nabaritzen zen. Avirongo jokalariak urduri zelairatu ziren, eta bazirudien ez zirela jokoaren kontrola hartzen ausartzen; kanpotarrek, berriz, ez zuten horretarako asmorik agertu. Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, golerako ia aukerarik ez zen izan, eta markagailua mugitu ere egin gabe joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian Aviron partidaren bila atera zen. Lehen minututik hartu zuen neurketaren ardura, eta aukerak sortzen hasi zen. Gutxienez hamar gol aukera garbi izan zituzten lapurtarrek, baina batzuetan aurrelarien hutsak zirela eta beste batzuetan kanpotarren atezainaren geldialdi bikainak zirela, azkenean ez zuten asmatzen atea zulatzerik. Azkeneko minutuetan urduritasuna gero eta handiagoa zen. Berdinketak gutxienez puntuak gehitzen jarraitzeko aukera ematen zuen, eta galtzeko beldur horrek lehendabiziko oren erdian erakutsitako gogo hori zapuztu zien, eta apur bat atzera egin zuten. Raonentzat ere emaitza oso ona zen berdinketa, eta ez zuten Ruffierren ate ingurura hurbiltzeko asmorik erakutsi; azkenean, puntuen berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Avironek gogotik lan eginez jarraitu beharko du datozen partidetan ere, arriskuko postuak behin betiko atzean utzi, eta denboraldia lasai amaitzeko.
|