EH! Literaldia bihar abiatuko da Bartzelonan
BARTZELONA
Bartzelonako Euskal Etxeak bihar hasiko du hirigunean antolatutako EH! Literaldia 2006 jaialdia, eta bertan jarriko ditu ikusgai zein entzungai euskal olerkariak, kontu-kontalariak, bakarrizketak, musika ikuskizunak, bertsolariak, pintura edota olertiak, besteak beste.
Euskalkultura.com webgunean agerturiko informazioaren arabera, euskal literatura ardatz izanik, kultura adierazpen anitz garatuko dira Bartzelonan jaialdi horren bigarren edizioan. Maiatzaren 19ra arte egingo diren ekintzetan parte hartuko dute zenbait euskal idazle eta artista gaztek; hala nola, Unai Elorriaga, Castillo Suarez, Edu Zelaieta, Mikelazulo eta Maialen Lujanbio bertsolaria.
Aurtengo edizioan antolatzaileek eskaintza areagotzea erabaki dute ia hilabeteko iraupena izango du EH! Literaldia 2006k, eta apustu berezia egin dute literaturaren alde. Hala, musika, pintura eta olertien arteko mugan «galtzen diren ikuskizunen» artean euskal ipuin lehiaketa antolatu da, eta kategoria batean euskara ikasten dabiltzanak sarituko dituzte.Saria hurrengo ikasturtean matrikula erdia ordaintzea da. Beste maila batean oro har jende guztia erakarri nahi da, 300 euroko sari baten truke.
Unai Elorriaga irekieran
Jaialdi horren helburu nagusia «Katalunian euskal literatura ezagutzera ematea» da, eta, horretarako, ekimenaren «izaera irekia»nabarmendu dute antolatzaileek, jendeak bere kabuz parte har dezan.
Unai Elorriaga idazle bizkaitarrak irekiko du bihar prestatu den egitaraua. Hain zuzen, arratsaldeko 20.00etan Bartzelonako Euskal Etxean bere lanei buruzko hitzaldia emango du.
|