ETAk ekintza armatuen etenaldi iraunkorra aldarrikatu zuenetik hiru euskal herritar atxilotu dituzte. Lehenengo bi atxiloketak, Koldo Danborenearena eta Dani Yanizena, alegia, su-etena indarrean sartu eta hiru egunera soilik egin zituen Ertzaintzak. Askoz lehenago Herrerako mendatean gertatu zen tiroketarekin Arkaitz Otazua ETAko militantea hil zen zerikusia zeukatelakoan atzeman zituen bi gazteak Autonomia Poliziak. Inkomunikazioa ezarri eta Auzitegi Nazional espainolaren eskuetan utzi ostean, Danborenea kartzelara bidali zuen epaileak, eta Yaniz kalera atera zen.
Jose Luis Rodriguez Zapatero espainiar presidenteak ETAren su-etena «benetakoa» dela ziurtatu zuen egunean egin zuen Guardia Zibilak hirugarren atxiloketa. Ibon Meñika, «Haika-Segi auzian» kondenaturik Auzitegi Gorenean ezarritako helegitearen zain zegoena, «ohiko kontrol batean» atxilotu zuten Abadiñon. Auzian bozeramale gisa aritzeaz gain, 18/98+ taldean egindako lanagatik ezagun egin zen gaztea. Besteren artean, Madrilen egiten ari diren epaiketa erraldoia salatzea eta eskubide zibil eta politikoak babestea xede duen plataformak Joseba Azkarraga Lakuako Justizia sailburuarekin izan zuen bileran parte hartu zuen Guardia Zibilak atxilotutakoa.
Su-eten ostean izan ziren lehenengo bi atxiloketetan gertatu zen bezala, Ibon Meñikaren senitarteko eta lagunek ez zuten atzo atxiloketaren nondik norakoen berri. Gaztea inkomunikaturik izan arren, komunikabide espainolek Guardia Zibila iturri zuten informazioak zabaltzeari ekin diote. Segurtasun indar eta komunikabide gehienek ez dute presa handirik erakutsi iraganeko lan moldeak aldatzeko, berriz ere, eskubideak bermaturik ez dituen euskal herritar baten kalterako.
Meñikari inkomunikazioa kentzeak eta hura lehenbailehen epailearen aurrera eramateko eskakizunak txantxetakoak dirudite, gazte erakunde batean aritzeagatik soilik zigorra ezarri zion auzitegira eramango dutela kontuan izanik. Bestalde, Gazte Topagunea’06 arrakastatsuaren oihartzuna itzali ez denean, ezin da baztertu atxiloketa horrek independentzia eskakizun nagusi zuen ekimenaren sustatzaile den gazte mugimendua berriz ere jomugan jartzeko asmoa dagoenik. Edonola ere, ezinbestekoa da irmoki salatzea atxilotuz, egoitzak miatuz eta itxiz eta ekitaldiak debekatuz prozesu demokratikoari oztopo larriak jartzen zaizkiola aldioro. -