Zornotzako zentralaren aurka elkarretaratzea deitu dute larunbatean
ZORNOTZA
Joan den apirilaren 14an lau urte bete ziren Zornotzako zentral termikoari ezetza eman zion herri erreferenduma egin zutenetik. Hala ere, Lakuako Gobernuak ez zuen aintzat hartu herriaren nahia, eta zentrala martxan jarri zuen.
Erreferendumaren laugarren urteurrena dela-eta, apirilaren 22an, larunbatean, 13.00etan, Zornotza Bizirik herri plataformak plazan egongo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
Herri kontsultan parte hartu zuten %98,3k ezetza eman zioten zentral termikoaren proiektuari. Hala eta guztiz ere, EAJk herriaren hitza errespetatu beharrean, zentrala martxan jarri zuela salatu dute behin baino gehiagotan Zornotza Bizirik-eko kideek. Gainera, zentral termikoak airean uzten dituen partikulen ondorioz, Zornotza Bizkaiko «hirugarren herri kutsatuena» izatera heldu da. Kopuru horri, udako hilabeteetako ozonoa gehituz gero, litekeena da Bizkaiko herri kutsatuena izatea, eta seguru asko, baita Euskal Herrikoa ere.
Horrez gain, plataformak salatu zuen 2005. urteko uztailean, zentralean probak egiten ari zirenean, ozonoaren gehiegizko kontzentrazioaren ondorioz, bi egun eman zituztela alarma egoeran, eta gertaera horren inguruan, Lakuako Gobernuak herriari informaziorik eman ez ziola gaitzetsi zuen. Zornotza Bizirik platagormak beste kezka bat azalarazi zuen. Izan ere, ozono troposferikoa Europar Batasuna gehien arduratzen duen gai kutsatzailea da, eta, ondorioz, herrian eta inguruetan izango diren hainbat gaixotasunen eragilea izango da. Herriko biztanleriak etorkizun hurbilean, beste batzuen artean, asma, biriketako minbizia eta bihotzeko gaixotasunak izango dituela ziurtatu zuen plataformak.
Horiek hala, herri plataformak «erreferendumari zor zaion errespetua» eskatzen jarraituko duela adierazi zuen, bai eta Zornotzako herriaren erabakitzeko eskubidea babesten ere.
|