Moraleda: «Armak uztea baino garrantzitsuagoa da nahia»
Gobernu espainola ETAk ekintzak eten dituen «egiaztatzen» ari den honetan, onena armak uzteko exijitzea litzatekeela esan zion PPko buru Mariano Rajoyk Gobernuari. Fernando Moraledak, Zapateroren eledunak, hori ez dela erabakiorrena erantzun zion, «berriro eros daitezkeelako». «Garrantzitsuena indarkeria uzteko borondatea da», adierazi zuen.
MADRIL
Gobernu espainolak ETAri ez diola exijitzen armak uzteko aipatu zuen, atzo, Fernando Moraleda Komunikazio arloko Estatu idazkariak, eta hala, PPko presidente Mariano Rajoyri erantzun zion. Horrek goizean esana zuen armak uzteko eskatzea ETAren jarduera eten dela egiaztatzeko era «argiena» litzatekeela, baina horri ez diotela berebiziko garrantzirik ematen erantzun zuen Moraledak.Martxoaren 24an abiatutako etenaldi hori «egiaztatzen» PPk berak nabarmendu dituen gertaerak erabili zituen Rajoyk horren beharra ondorioztatzeko. Zehazki, Nafarroako enpresaburuen buruak zabaldutako ustezko mehatxuzko gutunen afera, nahiz eta Gobernu espai- nolak hori horrela dela ukatu duen. Kontua da salaketa hori adibide hartuta, Mariano Rajoyk esan zuela armak uztea ETAren etena frogatzeko modurik argiena litzatekeela. Fernando Moraledak honela erantzun zion: «Armak itxuraz utz daitezke, baina hurrengo egunean berriro nazioarteko merkatuan eros daitezke. Horrek legezkoa ez den edozein ekinbideren arazoak ekartzen ditu, baina ez besterik; badakigu nola funtzionatzen duen nazioarteko merkatu horrek, eta badakigu hori egin daitekeela». Hori dela-eta, armak uztea baino ETAren «indarkeria uzteko nahia» garrantzitsuagoa dela nabarmendu zuen Moraledak, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuaren eledun lana betetzen duenak. Hala ere, Rajoyrekin inolako liskarrik ez dutela nahi erantsi zuen, eta hark planteatzen dituen ideia guztiak aintzakotzat hartuko dituztela zin egin zuen Komunikazio arloko Estatu idazkariak.
CCren sostengua ere
Bien bitartean, Euskal Herrian gauzak zertan diren azaltzeko, Kongresuko ordezkariak hartzen ari da Moncloa jauregian Zapatero. Atzo Coalicion Canariako Paulino Riverorekin bilera egin zuen, eta gaur IUko buru Gaspar Llamazaresekin du hitzordua.PPk izan ezik gainerako alderdiek egin dutenaren antzera, «baldintzarik gabeko laguntza» eskaini zion Riverok Za- paterori. «Erraza izan da, aurreko gobernuekin gauza bera egin dugulako», adierazi zuen. Fernando Moraledak honako hau errepikatu zuen bileraren ondoren: «Mementoz bakeaz baino ezin da hitz egin. Ezer baino lehenago, bakea egiaztatu behar dugu, eta gero politikaren bidetik aurrera egin, eta ez alderantziz. Baketik abiatuta soilik garatu ahal izango ditugu demokraziaren baliabideak eta legezkotasunaren baliabideak, prozesu itxaropentsua abian jartzeko eta etapa historiko bat bukatzeko».
Rajoy: «Ayesak eta Zapaterok hitz egin dezatela»
Nafarroako enpresaburuen buru Jose Manuel Ayesak egindako salaketak soka luzea ekartzen segitzen du. Mariano Rajoyk ez du Ayesak esandakoa erabat sinesten, antza denez; izan ere, Gobernuak ustezko mehatxuzko gutun horiek ekintzen etenaldiaren ondorengoak direla ukatu ondoren, biei hitz egiteko eta ados jartzeko eskatu zien PPko agintariak. «Zapaterok dei diezaiola Ayesa jaunari, eta gutun horiek noizkoak diren argitu dezatela», proposatu zuen Mariano Rajoyk. Gaur Iruńean egongo da PPko presidentea;Miguel Sanzekin bilera egingo du, bai eta UPNko Batzorde Eragileko kide guztiekin ere. -
|