Parte hartze zabala Gernikako herri batzan
·Onartutako mozioak osoko bilkurara bidaliko dituzte, udalbatzak berrets ditzan
Gernika-Lumoko Udalak herritarren parte hartzea galarazteko erakutsitako jarreraren aurrean, herri batza egin zuen atzo udaletxearen aurrean herritar sektore batek. Bilkura horretan onartutako mozioak osoko bilkurara bidaliko dituzte orain, udalbatzak puntu guztiak berrets ditzan.
GERNIKA-LUMO
Arbolapera, Etxerat, LAB, Gernika Batzordea eta EHNE taldeek deituta, herri batza egin zuten atzo Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean, Udal Gobernuak osoko bilkuretan herritarren parte hartzea galarazteko erakusten duen jarrera salatzeko asmoz. «Udal Gobernuak gehiengo osoa izan arren, Udaletxetik kanpo herritar sektore bat dagoela irudikatu nahi izan dugu ekimen honen bidez, eurek aukeratutako ordezkariak udalbaltzatik kanpo geratu direlako», azaldu zioten GARAri ekimen horren bultzatzaileek.Izan ere, bertaratutako 65 herritar ingururi herri batzarrera deitzearen arrazoiak eta bileraren helburuak ezagutaraztea izan zen bilkuraren lehenengo eginbeharra. Horrela, Udal Gobernua osoko bilkurak goizetan egiten hasi dela-eta, horren ondorioz, herritar ge-hienek ezin dutela bertan parte hartu gaitzetsi zuten, eta jarrera hori aldatzeko eskatuz bidalitako eskaera eta idatzi guztiek ez dutela erantzunik jaso gogor salatu zuten.
Orain, udalbatzarrera LABek, EHEk, Arbolapera presoen aldeko taldeak, Gernikako Alternatiba Izan plataformak eta Astra Gernikentzako taldeak mozio bana aurkeztu zuten. Batasunak, EHNE sindikatuak eta Etxerat elkarteak, berriz, idatzi bana aurkeztu zuten. Eztabaida izan eta gero, guztiak onartu ziren.
Onartutako mozio eta idatzi guztiak akta batean jasoko dira orain, eta udalbatzarrera bidaliko dute, udal taldeek puntu guztiak berrets ditzaten. «EAJk, Alderdien Legea besazpian harturik, udal espazioak bere kasa antolatu ditu hiru urte hauetan. Gauzak aldatzeko unea da. Herritarren partehartzea bermatu behar da, eta eurek erabakitakoa onartu», gaineratu zuten.Herri batzan izandako herritarren eta herriko eragileen babesa ikusita, datozen hilabeteetan beste bat egiteko asmoa daukate ekimen horren bultzatzaileek. Izan ere, Gernika-Lumon bi hilabetean behin egin ohi dira osoko bilkurak, eta, beraz, ekaina aldera hurrengo herri batza egiteko asmoa iragarri zuten, «irekia, parte hartzailea eta demokratikoa» izango dena.
|