Ibarretxe:«Negoziatzen ez duenak galduko du»
GASTEIZ
Joan den astean azaldutako egitasmoa berretsi zuen atzo Juan Jose Ibarretxek:alderdien arteko akordioa izango balitz, herri kontsulta egin nahiko luke, akordio hori Madrilera eraman gabe. Horren inguruan sortu den nahastea argitzen ahalegindu zen Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean. Bertan hauxe nabarmendu zuen: «Guk erabakiko dugu geure etorkizuna, eta gero erabaki horiek legediara nola eraman Espainiako erakundeekin adostu beharko dugu».
Herri kontsulta hori «ezinbestekoa» dela esan zuen, bai eta «gero» araudiaren barruan sartzea ere. Horren emaitza Estatutu berria izan litekeela esan zuen, baina «bestelako gauza» bat ere atera litekeela erantsita.
Testuinguru horretan, negoziatzeko deia egin zien Estatuko erakundeei, eta zera argudiatu zuen: «Erabakitzeko es- kubidea nola gauzatzen den adostu beharko da. Hori datorren kontu bat da, hurrengo garaietan ikusiko duguna. Eta horretan, Espainiako erakundeek ‘euskaldunekin ez dugu negoziatu nahi’ esango balute, galdu egingo lukete. Demokrazian negoziatzera esertzen ez denak galdu du jadanik», nabarmendu zuen.
Nafarroan UPNk eta CDNk zabaldu nahi duten beldurrari ere kritika egin zion Ibarretxek:«Urduritasun hori ez dut ulertzen. Nafarroaren etorkizuna nafarrek erabaki beharko dugu. Hau ez da demokrazia gutxiagorekin konpontzen, gehiagorekin baizik».
|