|
|
|
|
|
«Euskal Y»-a egiteko hitzarmenak 4.178 milioi zehazten ditu
Lakuako eta Madrilgo gobernuek atzo izenpetutako hitzarmenaren aurrekontuak 4.178 milioi aurreikusten ditu Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Lehenengoak 1.642 milioi aurreratuko ditu, Bergara-Irun-Donostia egiteko. Gainontzekoa Sustapen Ministerioaren eskuetan geratu da.
|
MADRIL
Ekonomia, Ogasun eta Sustapen ministerio espainolek, Lakuako Gobernuak eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias erakundeak “Euskal Y” izenez ezagutzen den trenbide sarea eraikitzeko esparru hitzarmena zein kudeaketa gomendioa izenpetu zuten atzo Madrilen. Agiri horietan zehazten da azpiegitura nola egin behar duten. Aurrekontu orokorra 4.178 milioikoa da, hiriburuetako sarbideak aintzat hartu barik. Bertan, Lakuako Gobernuak egingo duen Bergara-Irun-Donostia zatiaren obren kostua sartzen da. 1.642 milloi aurreratuko ditu, hain zuzen ere. Gipuzkoako hiriburuan Abiadura Handiko Trenak izango duen sartzea kantitate horren barruan aurkitzen da. Sustapen Ministerio espainola, berriz, Gasteiz eta Bilbo lotuko dituzten proiektuen idazteaz eta gauzatzeaz arduratuko da; aipatu bi hiriburuetako sarbideak barnean sartzen dira. Horrez gain, Arrasate-Elorrio-Bergara trenbide lotuneari dagozkion proiektuak bere gain hartu ditu. Irun herriari dagokion zatia ere, “Euskal Y” proiektuaren azterketa informatibotik kanpo geratu zena eta nazioarteko lotunearen parte dena Sustapen Ministerioaren eskuetan geratu da. Sinadura-ekitaldiaren ostean, onespenaren ordua iritsi zen. Lakuako Gobernuko Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñu «pozik» agertu zen: «Izan ere, gure herria garatzeko ezinbestekoa den azpiegitura bat eraikitzeko aukera da». Akordio honekin, «euskal autogobernuaren garapenean aurrerapauso bikaina» eman dela adierazi zuen, Gipuzkoatik igaroko den partea berak egin baitu.
«Gauzatze» fasean
Gizartearen komunikazioa «etengabekoa» izan dela esan zuen arren, azpiegitura egokia den ala ez eztabaidatzeko garaia ez dela nabarmendu zuen. Euskal gizarteak eta hori ordezkatzen duten erakundeek dagoeneko fase hori gainditu dutela ziurtatu zuen. «Proiektua gauzatzeko fasean gaude, eta serio eta zorrotz egingo dugu», aipatu zuen Lopez de Gereñuk. Kudeaketa «eraginkor eta koordinatua» bideratzeko asmoz, bi administrazioek batzorde tekniko bat eratzea adostu dutela iragarri zuen. Lakuako Gobernuari dagokion azpiegitura-zatian, obrak «lehenbailehen» hasi nahi dituela esan zuen, «eta Europar Batasunak ezarritako epeak bete». Urtea amaitu aurretik, Bilbo eta Gasteiz arteko zati gehiago esleituko direla jakinarazi zuten. Nafarroako lotunearen inguruaren ibilbidea «zehaztu gabe» dagoela gogorazi zuen, aurreikusita dagoen arren.
«Negozio itzela»
Izenpetzea egiten ari ziren bitartean, Gasteizen, Ajuria Enea aurrean, hamarka lagun bildu ziren, «Stop TAV! Herriz herri antolatu eta erantzun» lelopean. Akordioarekin obraren negozio itzela EAJ eta PSOEren inguruan dabiltzan eraikuntza enpresen artean banatzeko inolako lotsarik ez dutela esan zuen AHT Gelditu! Elkarlanak.Haren aburuz, hitzarmena Gobernu espainolak eta «erakunde autonomikoetako agintari teknokratek» adostu duten operazio politiko bateko gaia da nabarmen. Gauzak horrela, «salaketa larria» adierazi eta datozen egunetan Euskal Herrian egingo den mobilizazioetan nahiz batzarretan biltzeko dei egin zuen taldeak. Besteak beste, Anoeta, Zizurkil, Zornotza, Donostia, Bilbo edota Arrasatera daude jada deituta. Erakundeetatik «inposatu» nahi duten «proiektu txikitzaile» hori geldiaraztea beharrezkotzat jo zuen.
Trenbide sozialaren aldeko protokoloa sinatu dute
BILBO Madrilgo eta Lakuako gobernuek Abiadura Handiko Trenaren hitzarmena izenpetzen zuten bitartean, Bilbon, trenbide sozialaren aldeko akordioa sinatu zuten atzo hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoren ordezkariek; “Euskal Y”-a geldiarazteko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraio eredua «berriz zehazteko» eskatzen da bertan, besteren artean. Han ziren, besteak beste, Batasuna, EAE, Ezker Batua, Aralar, Zutik, LAB, ELA, EHNE, HIRU, ESK, STEE-EILAS, EKA zein Ekologistak Martxan taldeko kideak, akordioa sinatzen. Euskal Herriak jasaten duen garraio arazo larria amaitzea ez lortzeaz gain, «diru kutxa publikoak» hipotekatuko dituela salatzen du idazkiak. Benetako beharrak Ildo horretatik, Madrileko eta Lakuako gobernuek sinatu berri duten hitzarmenean aurreikusten dituen aurrekontuak «benetako beharrak asetzeko» erabili behar direla nabarmendu zuten. Sinatzaileen aburuz, «borondate politikoa egonez gero», trenbide sozialaren aldeko apustua egin daiteke. Alegia, «eraginkorra, eta ekonomikoki, ekologikoki, energetikoki zein gizartearentzat iraunkorra» izango dena. Aurkeztutako proiektu alternatibo hori «multifuntzionala» izateaz gain, gainontzeko garraio ereduekin koordinatuta egon, eta, modu horretan, errepideen garraioa murrizteko balio beharko lukeela nabarmendu zuten. Ingurumena errespetatu eta kostu «proportzionalak» izan beharko lituzkeela esan zuten.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|