Kanpaina ikasle etorkinak kanporatzearen kontra
Ekainaren 30ean, ikasturtea bukatzen den egunean, paperik gabe eskolatuak izan diren atzerriko ikasleak Estatu frantsesetik kanporatuak izango dira, batzuetan beren familiarekin, eta beste batzuetan bakarrik. Horren kontra agertzeko, Mugarik Gabeko Hezkuntzaren Sareak sinadura kanpaina jarri du martxan.
PARIS
Barne Ministerioak ezarri dituen kanporatze kuotak bete nahian, Estatu frantseseko prefekturetza askok ikasturtea bukatzen denean paperik gabeko ikasle adindunak eta ikasle adingabeen gurasoak era masiboan kanporatuak izatea aurreikus daitekeela adierazi du Mugarik Gabeko Hezkuntzaren Sareak (RESF). Horren aurka borroka hasteko, Sareak Interneten jarri duen eskaera sinatzera deitu du. Eskaera www.educationsansfrontieres.org-en aurki daiteke.
Sindikatu, elkarte, ikastetxeetako kolektibo eta militantez osatuta dagoen sare horrek gizaki eta haurren eskubideen alde borrokatzeko deialdia egin du. Dei horri erantzunda politika, kultura eta enpresa munduko ehunka pertsonak sinatu dute eskaera, eta ikasturtea bukatu aintzin kopurua Gobernua geldiarazteko bezainbestekoa izatea nahi dute.
RESPk sinadurak biltzeko zabaldu duen eskaeraren testuak kanporatze ekintzak herritarren izenean egiten ez duela utziko esaten du. Bestalde, norberak bere ahalekin ikasleak eta haien familiak kanporatuak izaten ez duela utziko baieztatzen du testuaren sinatzaileak. Azkenik, kanporatuak izan behar diren pertsona horiek ez dituela salatuko baieztatzen du testua sinatzen duen pertsonak, eta, bestalde, paperik gabeko pertsonek asiloa eskatuko baliote emango liekeela ere bai. Baieztapen horiek etikoak baina legez kanpokoak direla jakinarazi du Sareak.
Nicolas Sarkozy Barne ministroak ikasleen kanporaketak ikasturtea bukatu arte atzeratu behar izan zituen ikasturtean zehar saiatu zenean, eskola eta lizeoetan haren kontra sortu ziren mugimenduak handiegiak izan zirelako.
|