Lakua eta Ezker Abertzalea batera Garapen Lankidetzan
Garapen Lankidetzarako Euskal Legea onartzeko bidean, Lakuako Gobernuak eta Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak akordio bat sinatu berri dute. Zehazten dituzten konpromisoen artean, 2012 urterako EAEko Aurrekontu Orokorren % 0,7 herri pobretuen garapenerako bideratzea nabarmentzen da.
DONOSTIA
Lakuako Gobernuko Etxebizitza eta GizarteGaietakoSailak eta Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak adostasun hasiera lortu dute Garapen Lankidetzarako Euskal Legea aurrera ateratzeko bidean. Hartara, sinatu berri duten hitzarmenak konpromisotzat hartzen du 2012 urterako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Aurrekontu Oroko- rretan izendatutako gastu osoaren % 0,7 herri pobretuen garapenera bideratzea.
Gainera, lankidetza publikoaren orientazio eta jarraipenean Gasteizko Legebiltzarraren papera sendotzea aurreikusten du. Horrek esan nahi du Lankidetza Plan Zuzentzaileen ildo nagusiak Legebiltzar Batzordean eztabaidatu eta onetsiko direla. Ondoren, Lakuako Gobernuak onetsiko ditu plan horiek.
Garapen-lankidetzari buruzko legebiltzar taldearte bat sortzeko konpromisoa ere biltzen du hitzarmenak, eta, bide beretik, Garapen Lankidetzarako Euskal Kontseilua sendotzea hartzen du helburu. Kontseilu horren eraketari dagokionez, «izaera mistoa eta paritorioa» izango duela finkatzen du. Hartara, kopuru beretsutan izango dira instituzioetako ordezkariak eta gizartearenak. Herri-administrazioetako eta lankidetzako gainerako eragileek ahotsa eta boto eskubidea izango dute gainera. Kontseilu horrek bere aurrekontua izango du eta bere lanak gauzatzeko bitartekoak ere izango ditu eskura, betiere aipatu akordioak zehazten duenez.
LankidetzarakoEuskal Agentzia sortzeko konpromisoa da aipatu hitzarmenak biltzen duen beste puntu bat. Horiek hala, Garapen Lankidetzarako Lehen Euskal Plana indarrean sartu ondoren hasiko da lanean agentzia hori.
Hitzarmen horretan Ezker Abertzaleak hitz ematen du ezezko botoa emango diela Euskal Sozialisten Taldeak eta Euskal Talde Popularrak lege-proiektuaren kontra aurkezten dituzten zuzenketa guztiei.
Gobernuz Kanpoko Erakundeek pisu handia dute
Lakuako Gobernuaren eta Ezker Abertzalearen arteko akordioak garrantzi berezia ematen die Gobernuz Kanpoko Erakundeei, «lankidetza-eragile gisa pisu handia dutelako». Hori horrela izanik, protagonismo berezia eman nahi zaie talde horiei. Parean, irabazi asmoa duten erakundeen inguruan zera zehazten du hitzarmenak: «Jarduera teknikoetan baizik ez dute parte hartuko, baldin eta GKEek parte hartu ezin badute eta beti beren begiradapean». -
|