BIARRITZ
Uda baino lehen erabakiko du Biarrizko herriko etxeak jaialdia aurrera atera ahal izateko diru laguntzak emango dizkion Besta Musikalari. Kostaldeko hiria kulturan izaten ari den berrantolaketa orokor baten barnean kokatu behar da musika klasikoa protagonista duen jaialdi horren etorkizuna zalantzan ezartzea. Bestalde, antolatzaileek zuzeneko musika klasikoak munduan bizi duen ikusleriaren txikitzea ere aipatu zuten.
Jaialdiaren 16. edizio honetako antolatzaileak ikusleen kopuruarekin pozik agertu ziren, 4.000 pertsona inguru bildu baitziren. Horietatik 1.913 gela itxietan emandako kontzertuetara joan ziren, eta beste 2.000 inguru igandean Marion lakuan antolatutako kontzertuan elkartu ziren. Hala, bada, joan den urtean baino 300 pertsona gutxiago izan ziren. Kopuru aldaketa hori azaltzeko joan den urtean Oldharra taldeak eman zuen ikusgarri berezia aipatu zuten.
Jaialdiaren puntu beltza ostegunean ospatu zuten emanaldia izan zen. Izan ere, Lituaniako Saint Christoph orkestrak Kasino Munizipalean eman zuen kontzertura espero baino jende gutxiago joan zen.
Besta Musikalen zuzendari artistikoa den Micheline Banzet-Lautonek azken urtea izan dezakeen jaialdiari buruz mintzatuz jaialdiak nazioartean duen fama nabarmendu zuen. Biarriztik munduko orkestra hoberenetarikoak pasatu direla aipatu zuen, eta izen on horrek lagunduta musika klasikoaren eremuan edozein orkestrak haien eskaerari erantzungo lioketela jakinarazi zuen. 83 urteko andere hori jaialdian egin zuen lanarekin oso pozik agertu zen.
Biarrizko Kulturaldiko presidente Jakes Abeberryk heldu den urtean musika klasikoko emanaldiak izango zirela aipatu zuen, jaialdiaren barnean izango ziren zehaztu gabe.