Maiatzaren Lehenean, beste eredu sozial baten beharra aldarrikatuko du LABek
Maiatzaren Lehenaren atarian, LABek egun horretarako deitutako mobilizazioak aurkeztu zituen atzo Donostian. Antolatuko dituen ekimenen bitartez, sindikatu abertzaleak beste eredu sozial bat beharrezkoa dela aldarrikatuko duela jakinarazi zuen, baita beste Euskal Herri bat eraikitzea posible dela berretsi ere.
DONOSTIA
Maiatzaren Lehenerako deitu dituzten mobilizazioak aurkezteko asmoz, LABeko ordezkari Rafa Diezek, Ainhoa Etxaidek eta Jabi Garnikak prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian. Euskal Herriak bizi duen une politiko «garrantzitsuari» buruz gogoeta egin ondoren, sindikatu abertzaleko kideek beste eredu sozial bat eraikitzeko beharra dagoela berretsi zuten komunikabideen aurrean.
Hain zuzen ere, maiatzaren 1ean aldarrikapen hori indartu nahi dutela nabarmendu zuten. «Gauza asko aldatzen joan behar dira. Egun dauden desorekak gainditzeko eta aberastasunaren banaketa benetan berma- tzeko, beste era bateko politika sozialak eta fiskalak behar dira», azaldu zuen Diezek.
Lan munduan dagoen prekarietatea gainditzeko ere beste eredu sozial bat ezinbestekoa dela jakinarazi zuen. «Esplotazio mota desberdinei edota Madriletik eta Parisetik datozen erreformei aurre egiteko, neurri sozial berriak beharrezkoak dira. Era berean, eredu sozial berri baten beharra dago emakume eta gizonen arteko desberdintasunak gainditzeko, bai lan munduan baita gizartean ere», esan zuen.
Euskal erakundeek bultzatzen ez duten «industria politika aktiboa» abian jartzea garrantzitsua litzatekeela adierazi eta multinazionalekiko «menpekotasuna» gainditu behar dela aipatu zuen Diezek. Etxebizitzaren arazoaz ere hitz egin zuen LABeko idazkari nagusiak. «Kredituak direla-eta, gazteek bizi bitarteko kartzela sinatuta dute aurrezki kutxekin», gaineratu zuen.
Horrela gauzak, «beste Euskal Herri bat sortzea» posible dela erakusteko, maiatzaren 1ean hainbat ekimen antolatuko ditu LABek. “Euskal Herria libre eta sozialista” leloa izango duen jardunaldiaren lehen mobilizazioa 10.30ean izango da, Baionan. Elkarretaratze gehienak eguerdian egingo dira. Iruńean manifestazioa egingo dute ordu horretan. Rafa Diezek hitz egingo du amaieran.
|