- Liga Federala
Donibane Lohizunek kostata lortu du garaipena
BAIONA
Donibane Lohizunek garaipen garrantzitsua lortu zuen Periguexen aurka, baina hirugarren fasea jokatuko duen edo ez jakiteko itxaron egin beharko dute. Azkeneko jardunaldian Massyren zelaian jokatuko dute, eta han irabazteak bakarrik segurtatuko dio azkeneko fasea jokatzea. Galtzen badu, Lurdak zer egiten duen itxaron beharko dute.
Herenegun 26 eta 21 hartu zuen mendean Periugueux, nahiz eta horretarako lan asko egin behar izan zuten. Fagoagak eta Tajerek egin zituzten euskaldunen entseguak, eta Haisagerrek bi transformazio eta lau zigor-kolpe lortu zituen. Honako hauek jokatu zuten: Haisagerre, Tajer, Urruti, Labrouche, Oliva, Ibarburu, Frison, Fagoaga, Cros, Miura, Lafont, Saint Jean, Leizagoien, Gilçou eta Vadillo.
Bigarren Mailan azken aurreko jardunaldia jokatu zen, eta gauza asko geratu dira garbi. Esaterako, Maulek igoera fasea jokatuko duela. Bokalek ere poltsikoan dauka txartela, baina ez dauka segurtatuta, eta Nafarroak azkeneko unera arte borrokatu beharko du hori lortzeko. Angeluk, aldiz, maila galduko du.
Seigarren multzoan, Bokalek 37 eta 3 irabazi zion Bergerac taldeari. Bost entsegu, bi zigor-kolpe eta hiru transformazio gauzatu zituzten. Nafarroak, berriz, 9-3 galdu zuen Soustonsen zelaian, eta Angeluk 31-10 Langonen. Zazpigarren multzoan, Maulek ia poltsikoan zuen bigarren faserako txartela, eta galdu egin zuten Argelesen zelaian 25 eta 18. Hirugarren Mailako emaitzak hauek izan ziren: Aramitze 23 / Hendaia 20; Senpere 18 / Sevignac 12; Pont Long 17 / Donapaleu 8; Habas 12 / Mugerre 23; Roquefort 42 / Larresoro 11.
Bestalde, OhorezkoB Mailarako igoera fasean, Gaztediri asko okertu zaizkio gauzak, 64 eta 12 galdu baitzuen Cornellan azkeneko kanporaketako joaneko partida. Arabarrek bestelako itxura eman beharko dute datorren asteburuan, mailaz igo nahi badute.
Emakumezkoetan, Kopako partidak izan dira, eta Getxok galdu egin zuen Bartzelonaren aurka 18 eta 14. Bizkaitarrek ez zuten partida txarra egin, baina azkenean esku hutsik itzuli ziren etxera.
|