- Belar Hockeya
Reala finalerdiak jokatzeko aukeran da
DONOSTIA
Bi jardunaldi geratzen dira emakumezkoen Ohorezko Maila amaitzeko, eta Realak finalerdiak jokatzeko aukera paregabea dauka. Bi jardunaldi horiek datorren asteburuan jokatuko dira, eta donostiarrek hor erabaki behar dute euren aukera.
Mutiletan, berriz, azkeneko jardunaldia jokatu da asteburu honetan, eta Atletiko San Sebastianek zazpigarren postuan amaitu du denboraldia. Taldea asko berritu du, eta azkenean nabaritu egin dute, nahiz eta nahia estreinako lauetan sartzea zen.
Realak ezin zuen hutsik egin finalerdiak jokatzeko aukerekin jarraitu nahi baldin bazuen, eta ez zuen aukera alferrik galdu, 1-2 irabazi baitzuen El Sardineroren zelaian. Gipuzkoarrek aukera asko egin zituzten, eta azkenean bi penalti kornerrei esker etorri ziren bi golak.
Donostiarrrak aurreratu ziren markagailuan 23. minutuan Blancok lortutako gol bati esker. Hortik atsedenera bitarte, aukera ugari sortu zituzten, baina hiru minuturen faltan, etxekoek berdinketa lortu zuten, eta emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, etxekoek ere zerbait gehiago nahi zuten, eta euskaldunek adi ibili behar izan zuten atzean, baina ongi eutsi zieten kantabriarrei, eta partida amaitzeko bost minutu falta zirenean, Yarzak lortu zuen gipuzkoarren bigarren gola. Datorren asteburuan jokatuko dituzte azkeneko bi partidak, larunbatean Ourense hartuko dute, eta astelehenean, Egararen zelaian arituko dira.
Honako hauek jokatu zuten talde zuri-urdinean: Lopez de Eguilaz,Jaunarena, Azkoaga, Yarza, Altuna, Flores, Larrañaga, Sanz, Blanco, Guajardo eta Garcia. Poza, Ruiz, Unzueta eta Sanchez ere aritu ziren partidan.
Mutiletan azkeneko jardunaldia jokatu zen. Atletiko San Sebastianek ez zuen ezer jokoan, ohorea besterik, baina donostiarrek ezin izan zuten ezer lortu, 2-0 galdu baitzuten Egararen zelaian. Etxeko taldea hobea izan zen, eta gipuzkoarrek ia aukerarik ez zuten izan.
Orain denbora dute datorren urterako taldea osatzeko. Aurten aldaketa asko izan dira, eta aurtengo denboraldia ongi etorriko zitzaien mailari tamaina hartzeko, eta berriro ere heldu den urtetik aurrera azkeneko urtetako mailan ibili ahal izateko. Aurtengo denboraldia zazpigarren postuan amaitu dute Atletiko San Sebastianeko mutilek.
|