Bilintxen apologista
Hogei urterekin bakarrik izaten diren lilura moduko bat izan zuen Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak Bilintxekin, eta geroztik ahal duen guztietan aitortu izan ohi du maisuari dion zorra. Hala egin zuen herenegun ere ilunabarrean Donostiako Liburutegiko sotoan Unai Elizasu lagun zuela eman zuen hitzaldi-kantaldian. 175 urte bete dira Bilintx jaio zela.
Bertsolariak ez dira beren aita pontekoak zein dituzten aitortu zale. Peñagarikano horretan ere desberdina da eta hogei urte zituela Bilintxi izan zion liluramendua aitortzera etorri zen Donostiara. Baina ez hori bakarrik: maisuaren defentsa sutsua egin zuen bere hitzaldi-kantaldian, eta, maitasun horrek bultzatuta, Bilintxen zenbait «bertso txar» ez zirela Bilintxenak frogatzera iritsi zen.175 urte eta bost egun betetzen ziren Bilintx Donostian
jaio zela. Bagera elkarteak antolatu dituen ekitaldien egitarauan sartzen zen
hitzaldia ere. Datorren ostegunean, hilak 11, mahai ingurua egingo dute Gotzon
Egiaren gidaritzapean. Inazio Mujika, Iñaki Egaña eta Karlos Rolova mintzatuko
dira Bilintxen garaiko Donostiaz. Bertso jaialdia izango da hilaren 20an,
Antzoki Zaharrean.
Andregai bila
Txiste bat kontatuta abiatu zuen Peñagarikanok bere jarduna. «Ni ere urte askoan andregai bila ibilitakoa naiz eta beharbada hori izango da gure moko zorrotzean Bilintxekin dudan parekotasuna», esan zuen.Anjel Marik hogei bat urte zituela Auspoak Tolosan zuen egoitzara joan zen Bilintxen bertsoen bila. «Orduan Tolosan zegoen Auspoaren egoitza nagusia. Ordurako Bilintxen bertso dezente ikasia nintzen. Eta Antonio Zavalak oso merke eman zidan Bilintxen bertsoak biltzen zituen liburu lodia. Sekulako lorpena izan zen niretzat. Jan ez nuen egin, baina goitik behera ikusi eta ikasi nuen liburua. Harritu egin ninduen noiz jaio eta hil zen ikusita, zer-nolako bertsokera zuen ikusita. Harridura izugarria sortu zidan. Irakurtzen, idazten eta buruari buelta asko ematen zekien gizona zela ohartu nintzen. Artista asko bezala, bere nahigabeak ere izan zituen eta handiak. Umea zela, hirugarren bizitzatik erori eta aurpegia erabat desitxuratua zuen. Zavalari entzun izan nion, itsusia izatearen zama horrekin bizi izan zela bere denboran», hasi zen Peñagarikano. Bilintx donostiarra zela bai, baina ez Gipuzkoako hiriburukoa gogorarazi zuen Peñagarikanok, hiriburua orduan Tolosa zelako. «Tolosaldekoa izan ez banintz, ez nuen kontu hau aipatuko», esan zuen, eta ez zela askok uste duten bezain aspaldikoa erantsi zuen. «Pello Errota, Udarregi, Xenpelar, Eperra eta garaiko beste hainbat bertsolari gaur eguneko bertsolariak izan balira, adin berekoak ez izanagatik ere, jaialdi batean elkarrekin kantatzeko modukoak ziren. Urte gutxiren aldea zuten. Bilintxek 12 urte zituenean Xenpelarrek 8 zituen, Udarregik 14, Pello Errotak 3 eta Eperrak 18 zituzten. Ez zuten elkarren ezagutza handirik izango, baina oso kideko ziren adinaren aldetik, oso elkarren jirakoak. Gaurkoak izan balira, jaialdi batean lasai asko elkarrekin kantatzeko moduan izango ziren», jarraitu zuen. Indalentzio Bizkarrondo Bilintx udaberrian jaio zen eta horren eraginez-edo oso lorezalea izan zela baieztatu zuen Peñagarikanok. «Apirilaren 30ean jaio zen eta loreei zien lotura ikusteko bertso bat kantatuko dizuet», esan eta honakoa abestu zuen: «Zeinta politan dira arrosa, jazmina/azuzena, lirio, eta klabelina/ denak bat eginda ere ez dirade diña/ igualatzeko nere maite atsegina». Hortik aurrera, bertso kantatu edo errezitatuak izan ziren ekitaldiko protagonista, eta entzuleek bapo lagundu zioten egiteko horretan. Bilintxen bat-batekorik ez da ezagutzen, eta hitzaldiaren bukaeran esan zuen bezala, bat-bateko bertso bezala gerora igaro diren zenbait ere, “Domingo Kanpaina” esate baterako, okasiorako prestatuak gehiago dirudite, etorri ahala kantatuak baino. Ondokoei utzi zizkien bertsoak, beraz, idatziak dira eta gehienak bere ezbehar eta sentimenduen inguruan idatziak. “Kontzesi- rentzat” idatzitakoak kantatu zituen Peñagarikanok ondoren, baina Laduxek kantatzen dituen doinuarekin, eta betiere iruzkin batzuk eginez. Bigarren bertsoak, esaterako, honela dio: «Zerorrek uste etzenuela egon nintzizun begira/ lenbizikuan oñetara eta urrena berriz gerrira/ oñak dituzu txiki-politak, gustagarriyak txit dira/ gerriyan berriz eman litzazke kana bat zintak bi jira». «Hemengo askok ere ez dute jakingo kana bat zer den. Neurri mota bat metro bat zerbait laburragoa, egurrak neurtzeko erabiltzen dena», galdetu eta erantzun zuen. Kupidoren inguruan jarritakoak kantatu zituen ondoren, eta bere onenetakoa honako hau zela esan zuen:«Ditu ile urrezko albilu luziak/ alakorik apaitzen ez du orraziak/ frankotan inbiria eman dit aiziak/ haren trentza tartetik jostatzen hasiak». «Zortziko txiki batean hori baino bertso politagorik gutxi entzun ditut», esan zuen. Bilintxek errimetan zuen dotoretasuna nabarmendu zuen ondoren Peñagarikanok, eta adibide batetik abiatu zen horretarako ere:«Kupidok segitzen nau fletxakin berriro/neregana tiratzen dituen aldiro/bihotzera sartzen zait eztiro-eztiro/amodiotasun bat gozua guztiro», errezitatu zuen. «Nik 20 urte nituenean irakurtzen nituen errima hauek eta harriturik uzten ninduen. Gero ikasi genuen horrelako errimak erabiltzen. Bilintxek eta Pedro Mari Otañok harritzen ninduten», jarraitu zuen Peñagarikanok.
Bertso etorkin bat Nikolasa Erkizia andregaiari jarri zizkion bertsoak ekarri zituzten hizpidera ondoren “Behin batian Loiolan” sortako bigarrena «ezkon gaitezen biok, esan zaidazu bai/ ni zurekin ezkondu, ni zurekin bai-bai» bukatzen, Egan taldeak kantatzen duen bezala, «jai-jai» baizik, bestela poto izango baitzen eta potoari buruzko gogoeta interesgarri batzuk egin zituen. “Triste bizi naiz eta” sortari ekin zion ondoren, eta lehen bi bertsoak kantatzeko eskatu zion publikoari, eta bigarrena kantatu zutenean, «Bihotz baten lekuan mila banituzke/zuretzako maitia izango lirake/baina milan lekuan bat besterik ez det/har zazula maitia bat hau mila bider» alegia, hori ezin zitekeela Bilintxena izan esan zuen. «‘Banituzke’, ‘lirake’, ‘ez det’ ‘bider’ errimak ezin dira Bilintxenak izan. Gaurko nire helburua zen zuen aurrean garbi uztea bertso hau ez dela Bilintxena», esan zuen eta luze jarraitu zuen modu horretan. -
|