Harpeetako alde sakratua eta herrikoa musikak elkartuta
«Ahotsak ilunpean» deitzen da Izturitze eta Otsozelaiako leizeetako udaberriko egitarauaren barnean asteburu honetarako proposatu duten ekitaldia. Kantuak izango dira protagonista, eta horiek barneratzeko era berezia erabiliko dute. Berezitasuna tokiak ezarriko du zalantzarik gabe, eta, aldi berean, argiantzeak soinuei kasu handiagoa egitea erraztuko du.
DONAMARTIRI
«Kantariek dimentsio mistikoa alde herrikoi batekin aurkeztuko dute», adierazi zuen Jean-Phillipe Lerenboure zuzendariak asteburu honetan izango den ikusgarria definitzeko. «Ahotsak ilunpean» ekitaldiak eskaintzen dituen bi alderdien arrazoia antzemateko harpeen lehengo izaerari begiratu behar zaio. Zera azaldu zuen Lerenbourek: «Otsozelaia toki sakratua zen, eta Izturitze, aldiz, jendearen bizilekua; horregatik, kantu sakratuekin batera herri kantuak ere ezarri nahi izan ditugu kontzertu berezi honetarako». Kantu aniztasun handia izango da gaur eta bihar eskainiko diren emanaldietan, kantu italiarrek, euskaldunek, lirikoek eta Erdi Arokoek osatuko dute argiantzean entzun ahal izango diren abestien sorta.Emakume ahotsak «a capella» izango dira bi eguneko ekitaldietako protagonistak. Harpeak garai ezberdinetan Pirinioetako toki anitzetatik etorritako jendearen elkartoki izan dira, eta oraingoan ere hori lortu nahi izan dute, abeslariak toki ezberdinetakoak baitira. Elena de Ranzio eta Alexandra Chabert italiarrek beren sorterriko herri kantuak abestuko dituzte. Lyongo Orkestra Nazionaleko Bakarlarien Taldeko eta Aligator Tribuko kantari lirikoa den Michèle Waagek bere altu ahots sakonarekin entzumenerako sentsazio bereziak sortuko ditu harpeetan. Azparren eta Aiherrako Kliska laukoteak ere parte hartuko du Lagunarte konpainiako Kristof Hiriarten zuzendaritzapean. Azkenik, eta gaur soilik, Baionako kontserbatorioko Gazte Abesbatzaren partaidetza ere izango da. Historiaurreko leize turistiko baino zerbait gehiago
bilakatu nahi izan dute bertako langile eta artistek, toki bizia izatea nahi
izan dute. Horretarako, udaberrirako egitarau aberatsa antolatu dute. Txirula
eta flautekin antolatu zuten kontzertuak arrakasta handia izan zuen, bai
ikusleen aldetik, baita artistek bizi izan zuten esperientziaren aldetik ere,
horregatik, «Ahotsak ilunpean»eko antolatzaile Jean-Phillipe Larenbourek
asteburu honetako ikuskizuna arrakastatsua izatea espero du.
Eltzarruze Egunak
Eltzarruze mendiak eta Izturitze eta Otsozelaiako leizeak Arberoako haranean daude, eta horregatik leizeetako kultura antolatzaileek bat egin dute duela 15 urte Eltzarruze Egunak antolatzen dituen Eltzarruza elkartearekin elkarlanean aritzeko. Gaur eta bihar iraganen dira Eltzarruze Egunak, eta dena antolatua da bi ekitaldiek bat egin ez dezaten.Gaur hasiko dira Eltzarruze Egunak «Bertsu berriak kondaira xaharretatik abiatuz» ekitaldiarekin. Gilen Hiribarren, Patxi Iriart eta Mizel Mateo bertsolari gazteak Kattalin Sallaberry eta Daniel Landart kondaira irakurleekin arituko dira Bil Etxea gelan. Donamartiriko mendien egunetan mendira bertara igoera egitea da ekitaldi nagusia. Mendi multzoaren zaintzeko sinboloa atxikitzeko antolatua da, eta joaldunen eta txalapartaren soinuen erritmoan antolatua izan da ibilaldia.
|