Etxerat: «Sakabanaketa segituan amaitu behar duzue»
Josu Jon Imaz EBBko buruak presidente espainolarekin bildu ostean egindako adierazpenei erantzun zien atzo Etxerat-ek; sakabanaketa eta indarkeria sinonimoak direla ohartarazi zien. EAJk, PSOErekin batera, sakabanaketa indarrean jarri zuela gogorarazi, eta «hiltzen duen politika hori segituan amaitzeko» eskatu zien bi talde politikoei.
BILBO
«Sakabanaketa eta biolentzia sinonimoak dira. Sakabanaketak hil egiten du. Estatuen biolentziak gordintasun osoan jarraitzen du, eta, sakabanaketa eta tortura, sarri sinonimoak, egun Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren ondorioz indarrean diren elementurik bortitzenak dira». Hitz horiekin erantzun zien Etxerat-eko Jone Artolak Josu Jon Imaz EBBko buruak bezperan Zapaterorekin Madrilen bildu ostean egindako adierazpenei.Sakabanaketa duela 10 urte amaitu behar zela esan zuen Imazek, eta, horren aurrean, sekula ez zutela indarrean jarri behar esan zuen Artolak Sabin Etxearen aurrean: «Politika hiltzaile hori indarrean jarri zenutenetik 38 senide, lagun eta preso hil baitizkigu». EAJk, PSOErekin batera, sakabanaketa abiatu zuela helarazi zion Etxerat-ekoak Imazi.«Martxan jarri zenuten bezalaxe, hil egiten duen politika hori segituan amaitu behar da», eskatu zien bi alderdietako agintariei. EPPK-k konponbiderako prozesuan parte hartzeko Euskal Herrian egon behar dutela nabarmendu zuen hala. Garrantzitsuena indarkeriaren amaiera egiaztatzea dela ere berretsi zuen Imazek, eta zera erantzun zion Artolak: «Estatuen biolentziak gordintasun osoan jarraitzen du. Sakabanaketa eta tortura dira Euskal Herriak bizi dituen gatazka politikoaren ondorioz indarrean diren elementurik bortitzenak». Ibon Meñika eta Sandra Barrenetxearen atxiloketak, Igor Angulo eta Roberto Sainzen heriotzak, aurten senide eta lagunek izandako 7 istripuak, eta euskal presoek dituzten bizi baldintzak ere salatu zituen segidan, eta zigorra beteta dutenek aske egon beharko luketela ere aipatu zuen. «Zer ari zarete egiten hiltzen duten neurri horien aurka? Ekintzak nahi ditugu!», esan zuen.
Batasunaren eskaera Imazi Batasunak Madrilera hainbeste bidaia ez egiteko eta Euskal Herriko alderdien arteko elkarrizketan konpromisoa agertzeko eskatu zion Imazi. EBBko buruaren hitzei erantzunez, esan zuen «bakea justizia eta demokrazia» dela eta, beraz, baita herri honen erabakitzeko eskubidea ere.
Presoen alde, Euskal Herrian
Euskal presoen aldeko mobilizazioak izan ziren Iruñean (385 lagun), Gasteizen (260), Hernanin (225), Bilbon (103), Mutrikun (95), Lezon (70), Berriozarren (60), Bergaran (40), Lazkaon (45), Lizarran (39), Barañainen (32), Donostiako Amara auzoan (32), Antzuolan (30), Diman (30), Getxon (30), Getarian (30), Mundakan (20) eta Ortuellan (18). Donibanen 23 izan ziren ostegunean. -
|