Hizkuntzengan mugek duten eragin negatiboa, aztergai
·Euskal Herriko eta Ipar Kataluniako egoerei buruz gogoeta egin du Gaindegiak
Mugek hizkuntzengan duten eragin negatiboa nabarmendu zuten atzo Gaindegiak antolatu dituen jardunaldien lehen hitzaldian. Ipar Kataluniako bi irakaslek bertako egoeraren berri eman zuten. Katalanez aritzen diren ikasleak %2,5 dira, horren erantzule Gobernu frantsesaren politika da.
ANDOAIN
«Euskal Herriko eta herrialde katalanetako lurralde antolamendua eta mugaz gaineko harremanak» deritzaien jardunaldiei hasiera eman zien atzo arratsaldean Gaindegiak. «Hizkuntza eta hezkuntza» izenburupean, Ipar Kataluniako egoeraren berri eman zuten Alà Baylac eta Joan Peytavi irakasleek. Haiek hitza hartu aurretik, UEUko zuzendari eta EHUko irakasle Lore Erriondok euskarak bizi duen egoera deskribatu zuen. Mugek eragiten duten zatiketak, baita administrazio desberdinetan banatuta egoteak ere hizkuntzaren normalizazioari egiten dion kaltea nabarmendu zuen Erriondok.«Mugaz gaindi elkartzen gaituena euskaldunak gutxietsiak egotea eta hizkuntza gutxitua izatea da. Hau da, ezin dugula gure hizkuntzan bizi. Bi estatu eta hiru administraziotan banatuta dago, eta hor beste muga bat dugu», adierazi zuen. Era berean, Euskal Herri osorako «baliagarria» den ikaslibururik ez dagoela salatu zuen. Dena den, esperantzarako tartea zabaldu zuen. «Euskal curriculuma da orain arteko egitasmorik jatorrizkoena, Euskal Herrian pentsatuta, euskal herritarrentzat eta partaidetza zabalekoa. Itxaropena sor dezakeen proposamena da», plazaratu zuen bere solasaldiari amaiera eman aurretik. Erriondok azaldu zuen egoera ez dela hobea Ipar Katalunian. Ikasleen %2,5ek soilik erabiltzen dute katalana. Hezkuntza ereduei dagokienez, hiru dituzte. Batetik, katalanez aritzen diren eskolak, horietan 450-500 ikasle inguru daude. Bigarrenik, frantsesa eta katalana parekatzen dituena, %50 bakoitza. Baina, irakurketak eta idazketak frantsesez izan behar dute. Baylacek esan zuenez, praktikan, parekidetasun hori ez da errespetatzen. Hirugarren bat ere badago, lehenengotik eratorria baina sare publikoan barne dagoena. «Gobernu frantsesaren hizkuntza politikaren helburua frantsesa ez diren beste hizkuntza guztiak ukatu eta zapaltzea da. Erabilpena soilik hezkuntza mailan baimenduta dago baina ikasgai gisa soilik», gaineratu zuen.
XIX. mendetik hona
Joan Peytavik mugek eragiten duten ondorioen adibide grafikoa bota zuen: «Hemen gaudenon artean laupabost hizkuntza hitz egiten ditugu; frantsesa, katalana, euskara, gaztelera. Hau nahaste-borraste bat da».Berak egiten duen katalana dialekto bat dela azaldu zuen. «Guretzat, Lleidakoek, esaterako, hitz egiteko era desberdina dute. Gure arbasoek egiten zuten katalana eta egun araututa dagoenaren arteko bat egiten dugu. Belaunaldi berriek ziurrenik galduko dute dialekto historiko hau telebistako katalanaren mesedetan», plazaratu zuen Peytavik. «XIX. mendetik aurrera, katalana hizkuntza diglosikoa izatera pasa zen, familia arteko girora mugatuz, III. Errepublikaren garaian, batez ere. Bigarren Mundu Gerra aurretik jaio zirenek ez zuten katalana hitz egiten, eta egiten zutenek emigratu beharra izan zuten egoera ekonomiko kaskarra zela-eta. Populu hori frantses hiztunek ordezkatu zuten. Orain, aldiz, katalana eta Hego Katalunia modan jarri behar dira. Asko dira, adibidez, Bartzelonara joaten direnak oporretara. Nire ustez, horiaprobetxatu beharra dugu», esan zuen. Gaur beste bi mintegi izango dira; «Kultura eta hedabideak» eta «Ekonomia» izenekoak. Jardunaldiak bukatzeko, mahai inguru bat egingo dute.
|