Volkswageneko CCOOk, LABek eta CGTk lanuzte gehiago hitzartu dituzte
Volkswageneko gatazkak amaierarik ez duela dirudi. Asteburuan argitalpen batek Landabeneko lantokia itxi dezaketela jakinarazi du, nahiz eta batzordeak ez duen berri gehiagorik. Horretaz gain, batzordeak lanuzte gehiago hitzartu ditu datorren asterako. Bihar, gainera, bi orduko greba egingo dute lan txanda bakoitzean.
IRUÑEA
Volkswagen Navarrako CCOO, LAB eta CGT sindikatuek bi greba egun gehiago hitzartu dituzte. Horiek hala, maiatzaren 16an eta 17an bi greba ordu izango dituzte lan txanda bakoitzeko hitzarmena negoziatzearen alde. Lanuzteekin batera, datorren asteartean batzarrak egingo dituzte langileei aste honetan Europako eta Munduko Batzordearen Lehendakaritzak izango duen bileraren berri emateko. Bertan dira batzordeko presidentea, UGTko Josu Sanchez Bruna, eta idazkaria, CCOOko Raul Villar. Hilaren 18an, berriz, elkarretaratze bat eta manifestazio bat egingo dituzte Landabenen bertan, 12.15ean. Lanuzte horiekin batera, gainera, sindikatu horiek txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteetara deitu dute baita biharko ere. Horrekin guztiarekin batera, igandean Alemaniako “Frankfurter Allgemeine Sonntagszeitug” argitalpenak VW Iruñeko lantegia «ixtea aztertzen» ari dela argitaratu zuen. Nafarroako zuzendaritzak, hala ere, ez du gai horren inguruan hitz egin. Alemaniako zuzendaritzak, ordea, berri hori «espekulazio hutsa» dela jakinarazi du Radio Euskadiren arabera.
Berri ofizialik ez
Landabeneko LABeko ordezkariak, Benito Utergak, batzordeak ez duela azken albiste horren berri esan zuen. «Batzordeak ez du inongo berririk. Ez diogu albisteari sinesgarritasunik ematen, baina ezta kentzen ere. Kontuan hartu behar dugu, gainera, horrelako erabaki bat ez dagoela hitzarmena negoziatzearen menpe, erabaki hori multinazionalaren plan estrategikoetan sartzen dute-eta. Beraz, albistea egia izanda ere, gure negoziazioetatik aparteko zerbait da», azaldu zuen. Alemanian egiten ari diren Europako eta Munduko Batzordearen Lehendakaritza bileraren gainean Utergak esan zuen Sanchez Brunak eta Villarrek batzordeak egindako txostena aurkeztuko dutela. «Gure negozazio prozesua agertuko diete eta irtenbide hitzartu bat nahi dugula esan», azaldu zuen.
|