Mozart, Arriaga eta Aita Donostia omenduko ditu Musika Hamabostaldiak
Arriaga eta Mozart izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioaren bi erreferentzia nagusiak. Gainera, Aita Donostia omenduko du eta gogoan izango du Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen hamabosgarren urteurrena. 67. ekitaldia abuztuaren 3an hasiko da eta irailaren 3a arte iraungo du.
DONOSTIA
Mozarten jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko, Austriako konposagileak utzitako musika-ondarean zehar ibilaldi berezia proposatuko du Musika Hamabostaldiak. Horretarako, Milango Scalatik datorren ‘‘El Rapto en el Serrallo’’ operarako Giorgio Strehler-ek egin duen sorkuntza eszenikoa emango du. Cadaquesko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak ‘‘Requiem’’ aparta aurkeztuko dute Ainhoa Artetaren parte-hartzearekin. Mark Minkowskik eta Les Musiciens du Louvre taldeak, berriz, ‘‘Mitridate Re di Ponto’’ emango dute, kontzertu bertsioan. Opera horrekin berealdiko arrakasta izan zuten Salzburgoko jaialdiaren azken edizioan. Ibilaldi berezi horretan izango dira baita ‘‘Bastian y Bastiana’’ opera, Gustavo Tambasciok sortutako ekoizpena, azkeneko sinfoniak eta Hamabostaldiko kontzertuek zipriztinduko dituzten Mozarten beste hainbat pieza ere. Bestalde, aurtengo Hamabostaldian, Juan Crisostomo Arriaga bilbotarraren obra ia osoa interpretatuko dute. Aurten berrehun urte bete dira Bilboko konposagilea jaio zela, eta urteurren hori ospatzeko, omenaldi zabala eskainiko diote. Oso gazterik zendu zen arren, hemeretzi urte zituela, musikazaleen interesa piztea lortu zuen konposiziorako zuen gaitasun apartarekin.
EOSen hogeitabosgarren aldia Aurtengo edizioak omenaldia eskainiko dio baita Aita Donostia konposagileari ere (Donostia 1886-Lekaroz, 1956). Berrogeita hamar urte egingo ditu zendu zela. Gainera, gogoan izango dute ere bai Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen 25. urteurrena produkzio berezi bat bitarteko edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Hamabostaldian parte hartzen duen 25. aldia.
Ohikoa denez, hainbat talde handik bisitatuko du Donostia udan, ekimen horren karira. Oraingoan, London Symphony Orchestra entzuteko aukera izango da, Valery Gergiev-en aginduetara. Cadaquesko Orkestra ere bertaratuko da, Neville Marriner maisuarekin; eta Kurt Masur-ek zuzenduko duen Frantziako Orkestra Nazionala egongo dela ere jakinarazi dute. 2005ean ezusteko atsegina izan zen Gustav Mahler Jugendorchester, eta hark berriz ere bisita egingo du. Jugendorchester Hamabostaldian izango da, Euskadiko Orkestra Sinfoniko, Bilboko Orkestra Sinfoniko, Donostiako Orfeoi, Easo Abesbatza, Andra Mari Abesbatzarekin eta beste hainbat formazio entzutetsurekin batera.Dantzari eskainitako jardunaldietan Lucia Lacarra eta Israel Galvan izango dira izar nagusiak. Kursaal auditoriuma izango da agertoki nagusia, eta auditoriumeko zikloarekin batera egingo dituzte musika garaikideari, ganberakoari, antzinako musikari, edota interpre gazteei eskaintzen zaizkienak ere.
|