- Bigarren Maila
Maule, Nafarroa eta Bokale, aurrera
BAIONA
Liga Federaleko Bigarren Mailako lehen fasea ere amaitu da, eta Maulek, Nafarroak eta Bokalek igoera fasea jokatuko dute. Angeluk, aldiz, maila galdu egin du, eta heldu den urtean HirugarrenMailan jokatu beharko du.Zazpigaren multzoan, Maule da euskal talde bakarra, eta zuberotarrek azkeneko jardunaldia jokatu baino lehen ere bazekiten sailkatuta zeudela. Herenegungo helburua multzoko lehen postuan geratzea zen, horrela ez baitzuten bigarren kanporaketara bitarte jokatu behar, eta zuri-gorriek ez zuten hutsik egin, 29-15 menderatu baitzuten Aire-Sur L’adour taldea. Giresse, eta Gestasek egin zituzten zuberotarren bi entseguak, eta Landarrabilkok bi transformazio eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen. Oihanondok eta Urrutik drop bana egin zuten. Igoera fasea Castelnaudary eta Hagetmauren arteko partidako irabazlearen aurka jokatu beharko dute. Seigarren multzoan, Bokalek bigarren amaitu du, azkeneko jardunaldian Bazasen 8-18 irabazita. Capdupuyk drop bat eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen, eta Lamothek hiru egin zituen. Igoera faseko estreinako kanporaketa Figeac taldearen aurka jokatuko du. Nafarroak ere helburua bete du, baina azkeneko jardunaldian estu eta larri ibili ostean. Hori-gorriek Donibane Garazin irabazi zuten Langonen aurka 38 eta 3. Garai, Zaldunbehere (2), Gonis, Ernaga eta Darritxon izan ziren euskaldunen entsegugileak. Zelanek hiru transformazio egin zituen, eta Verdunek bat. Nafarroa Beherekoek Riberac taldearen aurka jokatuko dute igoera faseko estreinako kanporaketa. Neurketa guztiak partida batera izango dira, eta bi taldeena ez den zelaian jokatuko dute. Galtzen duena kalera joango da, eta irabazten duenak aurrera urratsa bat emango du. Bigarren Mailan zegoen beste taldeak, Angeluk, bazekien jadanik maila galduta zuela, eta azkeneko jardunaldian ere galdu egin zuen partida. Lapurtarrek 16-21 galdu zuten Castelsarrasinekin. Hirabourek egin zuen entsegua, eta Garciak transformazio bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailarako igoera fasean, berriz, Gaztedi talde gasteiztarra dabil. Ligan, bere multzoan lehen postua lortu ostean, kanporaketa bakarra falta zaio helburua lortzeko, eta horretarako Oviedo menderatu beharra dauka. Arabarrek joaneko partida 14 eta 9 irabazi zuten, baina itzulerako norgehiagokarako ez da alde handiegia. Norgehiagoka ez zen ona izan, baina lehenengo helburua partida irabaztea zen, eta gorri-beltzek, hori behintzat ongi egin dute. Datorren asteburuan itzulerako partidan ere irabaztera joan beharra daukate Oviedoren zelaira.Berriro ere Liga Federalera itzuliz, Hirugarren Mailan bi euskal talde zebiltzan igo nahian, baina ez dute helburua bete, eta Hirugarren Mailan jarraitu beharko dute. Donapaleuk 9 eta 12 galdu zuen Aramitzekin, eta 17-13 Bardozek Fumelen aurka.
|