Hiru ardi hilik zentral termikoaren itzalpean, Boroan
·«San Pedro errekako ur ilunak kiratsa botatzen zuen», esan dute salatzaileek
Hiru ardi agertu ziren hilik joan zen igandean Zornotzan, San Pedro erreka ondoan. Ura ilun zegoen eta lekukoek esan zutenez, «kiratsa zerion». Jarritako salaketetan gertatutakoa ikertzeko eta neurriak hartzeko eskatu dute. Zentral termikoak zerikusia badu, ixteko eskatu du Zornotza Bizirik-ek.
ZORNOTZA
«Ez da hau gertatzen den lehen aldia. San Pedro errekako ura ilunduta zegoen. Dagoeneko badago erreka ondoan zarakar antzeko bat. Horrekin batera, kiratsa botatzen zuen». Zornotza Bizirik-eko kide baten hitzak dira horiek, eta datuok jarritako salaketan agertzen dira. Joan zen igandean hiru ardi agertu ziren hilik erreka ondoan eta kezka nagusi da, berriro ere, Boroa auzoan.Ardien jabea eta Zornotza Bizirik taldeko kideak ez ziren lekuko bakarrak izan. Bertara udaltzain pare bat ere joan ziren, eta argazkiak atera zituzten. Salaketa bana jarri dute Zornotzako Udaletxean animalien jabeak eta Zornotza Bizirik-ek eta azken horretan, zentral termikoaren ondoan gertatutakoa ikertzeko eta neurriak hartzeko eskatu dute. Elkarteak atzo adierazi zuenez, errekaren ubidea kontuan izanik, bi aukera aurreikusten dituzte isuria azaldu ahal izateko.
Bi aukera
«Finanzauto enpresa edota zentral termikoa izan daitezke isuriaren errudunak, baina, gure ustez, oso aukera gutxi dago Finanzauto arazo honetan inplikaturik egoteko. Hasteko, igandetan itxita egoten delako, eta, bestetik, urte asko direlako enpresa hori hor dagoela, eta inoiz ez delako arazorik egon», azaldu dute Zornotza Bizirik taldeko kideek.Gertatutakoarekin lotuta, beste aukera bat aurreikusten da, baina, hala ere, ikertu beharko dela nabarmendu dute zentral termikoaren kontra lanean ari direnek. «Guk ez dugu aurretik ezer eskatzen, baina bai esaten dugu, argi eta garbi, gertatutakoa, hau da, isurketarena ikertu ondoren, Boroako zentral termikoak zerikusirik badu, neurriak hartu beharko direla, eta, kasu honetan, guk zentrala ixteko eskatuko genuke». Ez da lehen aldia San Pedro errekako urak isuriakizan dituela, eta, batez ere, zentral termikoa martxan jarri zen unetik izan da. Hori dela-eta, kezka handia sortu da berriro ere egunotan Boroa auzoan, eta, oro har, Zornotzan zentralaren aurka lanean ari direnen artean. Lakuak, bere aldetik, igandean teknikari batek errekako ura aztertu zuela jakinarazi zuen. Haren esanetan, uraren oxigenoa eta PHa analizatu ostean «ardien heriotzarekin inolako erlaziorik duela baztertu da». Hala ere, datozen egunetan azterketak egingo direla jakinarazi zuten Lakuatik.
|