Hirukoa eta PSE maileguaren, PP laguntzaren eta Ezker Abertzalea eztabaidatzearen alde
GASTEIZ
Editore eta liburu saltzaileen iritzia entzun ostean, auziaren gainean duten jarrera azaltzen joan ziren banan-banan Gasteizko Ganbera osatzen duten taldeak. EAJko legebiltzarkide Leire Corraselek haien kezkak «ulertzen» zituela esan zuen, eta arazoa konpontzearen alde azaldu zen. Hala ere, mailegu sistemaren egokitasuna nabarmendu zuen, «interes orokorrari» erantzuten diolako. PSEko Isabel Celaak Corralesen azken hitz horiek berretsi zituen. «Heldutasunez»hartutako erabakia dela aipatu zuen. «Inor kaltetua izan dadin ez dugu nahi, baina horregatik ez dugu interes orokorra kaltetu behar», adierazi zuen, ildo horretatik. Maileguaren balore pedagogikoa nabarmendu zuen, «kolektiboa den zerbait» zaintzen ikasten baitute. Amaitu aurretik, bere talde parlamentarioa hitz egiteko prest dagoela azaldu zuen Celaak. Idoia Cuadrak (EA), Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila duen alderdi berekoak, diagnostiko «katastrofikoa» egin izana leporatu zion Euskadiko Editoreen Gremioko ordezkari Javier Gogeaskoetxeari. Familiek testu-liburuetan dirurik ez badute uzten ere, bestelako materiala eta argitalpenak erosi egingo dituztela adierazi zuen. Horrez gain, Hezkuntza Sailarekin harremana izaten jarrai dezatela proposatu zien editore eta liburu saltzaileei, dituzten kezkak mahai gaineratu eta irtenbideak bilatzeko helburuarekin. Ezker Batuaren ordezkaririk ez zen izan atzo Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Ezker Abertzaleak zer sistemaren alde agertuko den oraindik ez duela erabaki jakinarazi zuen Itziar Basterrikak.
«Zalantzak»
«Izan ere, egokiena zein izan daitekeen zalantzan baikaude», nabarmendu zuen. «Haatik, argi dagoena da doakotasunaren eskubidea bermatu behar dela». Aplika daitezkeen sistema ezberdinez eztabaidatu eta guztientzako «egokiena» dena aukeratu behar dela aditzera eman zuen. PPko Iñaki Oyarzabal editore eta liburu saltzaileen alde agertu zen. Testu-liburuen mailegua gaitzetsi eta familiek zuzeneko laguntzak nahi dituztela aipatu zuen. Horrez gain, dituen baliabideak «zuhurkeriaz» erabili nahi izana leporatu zion Hezkuntza Sailari. Gauzak horrela, beren jarrera «zuzen» dezatela eskatu zien hirukoa osatzen duten alderdiei eta PSEri. «oraindik denbora» omen dago-eta. Amaitu aurretik, azaroaren 23an adostutakoa irakurri zuen batzordeko presidente Onintza Lasak, non Gasteizko Legebiltzarrak testu-liburuak familia batzuei «ekonomia karga handia» eskatzen diela kontuan hartuta, martxorako gehienez ere, datorren urterako proposamena aurkez dezala eskatzen dion Lakuari. Bi hilabeteko atzerapena darama. Bertan, nahitaezko hezkuntzan dauden ikasleen eskola materiala finantzatzeko, liburuen mailegua errespetatzeko eta liburua kultur ondasun gisa kontserbatzeko eskatzen da.
|