GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-17
Apaizac obeto espedizioa
Uhartetik uhartera,haizea eta deabrua gogoan
Deabruak nonbait ez zuen nahi Apaizac Obeto espedizioekideak San Lorentzo ibaitik irteterik. Lau egunetan eta lau gauetan, ibaiak itsasoaren itxura hartu du aste honetan, eta haize tenpesta handiak hegi bazterrak kolpatu ditu. Burura etortzen zaio orduan Jon Maiari zer ote den gauero lotarako aterpe bat bilatu beharra duen kaleko jendearen bizimodua.

San Lorentzo ibai inguruotako kondaira batek dioenez, behin deabrua ibaia oinez ze- harkatzen hasi zen eta pauso bakoitzean uharte bat sortu zuen uretan. Pauso asko eman zituen deabruak ibai honetan, uharteak han-hemenka ugariak baitira ibilgu osoan zehar. Saint Jean de Port Jolie (I 47º 12’ 84’’- M 70º 16’ 31’’) ez da uharte bat, ibaiaren hego hegiko herrixka baizik, baina ipar-ekialdeko tenpestak bertan bakartuta eduki gaitu lau egune- tan. Deabruak nonbait ez zuen nahi gu handik irteterik. Lau egunetan eta lau gauetan, ibaiak itsasoaren itxura hartu du, eta haize tenpesta handiak hegi bazterrak kolpatu ditu. Ez dago ezer egiterik holakoetan, zain egotea ez bada. Portuko arduradunak egunean bi aldiz ematen duen eguraldiaren aurreikuspenen zain eman ditugu lehenengo bi egunak. Egun horietan aterpean lo egin ahal izan dugu, haizearen eta hotzaren menean, baina aterpean. Burura etortzen zaizu zer ote den gauero lotarako aterpe bat bilatu beharra duen kaleko jendearen bizimodua.

Haizea da giltza ibai honetan. Haizearen eta ur korrontearen arteko borroka, korapilo borroka da. Zeinek korapilo gehiago hark irabaziko du ibaia. Marinelek hitz egitean askotan ez dizutela aurpegira begiratzen ohartua nintzen aspaldi. Begirada galduta dutela, burua ezker eskubi biratuz hitz egingo dizute askotan. Beti haizeari begira egon denaren jarrera ote. Eta inoiz ezin ikusi. Herri txiki horretan eman diguten berotasun guztiak deabruaren tenpesta gainditzeko balio izan digu, ordea. Bosgarren eguneko goizean, argi izpiek aspaldiko partez San Lorentzoren ura ukitu ahal izan dute eta haizeak ere mendebaldetik egiten du ziztu. Ibaiak maina ederra du, bare-bare dago, partitzeko ordua da, irrikitan ginen. Goizeko bostak dira eta bagoaz, itsasbeheraren korrontea lagun, bagoaz berriz.

Arraunean ari zarela, buruak sarritan alde egiten dizu beste nonbaitera, paisaiari begira, arraunketa ezartzen duen hankakoaren palari begira, pentsamenduak etortzen dira, kantuak, oroitzapenak... Arraunean egitearen esfortzua mekanizatu egiten da eta ez duzu ezertaz arduratu behar, patroiak gidatzen du txalupa eta zuk arraunean egiteaz soilik arduratu behar duzu, arraun, arraun, arraun... goizeko zortziak aldera arte aritu gara, etenalditxo pare bat baino ez ditugu egin, aurrera egin beharra dago. Haizerik ezak belaren atsedena ukatu digu. Haizeak belari sabela puzten dionean, horrek atsedenaldi gozoak erditzen ditu, popako elkarrizketak, kontuak, kantuak, otorduak...

Bagenekien laster izan behar zuela eta lehenengoz, ikusteke ginen lagunak agertu zaizkigu bidean, urrun samar: belugak. Izurde itxurako balea zuri txikiak dira eta tartean tarteka, buztanera arteko beren sabel zuriak erakusten dizkigute. Talde bat izan dugu gure uharari jarraika ordu erdi inguruan eta arraunketaren zama arindu digu begiradarekin haien agerpenen xerka ibiltzeak. Atzean ur tarte polita utzi ahal izan dugu: itsasgorak behartzen duen atsedenera heltzerako, 28 milia. Atsedenlekua, Ile Brulée (Uhar- te Errea).

Uharteak beti izan dira erakargarriak, orain aisialdirako bezala, beti babesleku gisa ere. Abenturaren imaginarioan ere uharteek leku berezia hartzen dute. Altxorrak, fauna, ezkutalekuak eta hondartzatxoak, denak daude gure abentura unibertsoan, Stevenson edo Jules Verne moduko autoreek utzi dizkiguten istorioei esker. Gure bidean aurkitu dugun edozein uharte izan zitekeen haien liburuetakoa. Ederra da hau guztia, umetan amestu dezakezun abenturaren parte sentiarazten zaitu.

Ile Brulée (Uharte Errea)

Kamouraska irla multzoan kokatzen den Uharte Errean, haitzarte bare batean baratu dugu Beothuk. Bere berezko lekuan eta garaian dagoela sentituko du txalupak: XVI. mendean, haitzarte batean, kulunka gozoan eder. Ez da irla oso handia, baina baso itxia du, ia urertzeraino iristen dena. Inguruan itsas hegaztiek urazala haizetzen dute, ibaiak jaurtitako geziak balira bezala. Inguruko haitzetan kalatxoriak etengabeko kalakan ari dira. Txorien erreserba dira irla hauek eta haitzetan ere lastoz egindako habi handiak aurkitu ditugu, gehienak hautsitako arrautza oskolekin. Ur gezako errekasto bat jaisten da hondartza txikiraino, zuhaitz artetik. Bost ordu egingo ditugu han, marea aldaketa gertatu arte. Otorduan, urdaiazpikoa, gazta eta ardoa. Horra hor zer hiru gauza eramango genukeen irla bakarti batera, Euskal Herrira itzultzean inork galdera egiteko tentazioa badu diot. Hauxe zen nahi genuena eta, zibilizaziotik kanpo, XVI. mendera gerturatu gara.

Eguna bukatu orduko Kakunara (I 47º 55’ 07’’ ­ M 69º 30’ 08’’) iritsiko garela izan da gure kalkulua. Guztira, 28 milia, ia denak arraunean. Ilunabarrean, Terralak bultza gaitu, lurretik datorren haizeak eta belak zabaldu ditugu, nagusia eta proako burriketa. Hemen eguzkia abiadura bizian abailtzen da zerumugan, eta nik inoiz ikusi dudan gorririk gorriena huraxe izan da. Kantuan hasi gara, kantu zaharren airea eta haize berria lagun, denak popa aldean eserita goaz. Bada leku bat, edo une bat, ez dakit, non zerua itsaso bihurtzen den eta itsasoa zeru. Orduan, han, Beothuki bere oihalezko bularra puzten zaio eta harro, aireratu egiten da. Leku horrek, une horrek, izen bat izango balu, haizea litzateke.

Ile aux Basques (Euskaldunen Uhartea. I 48º 08’ 03’’ ­ M 69º 11’ 03’’)

Goizeko bostetan abiatu gara Kakunatik. Bart bertako merkataritza portuko orubean egin dugu lo, bertan aurkitutako atoi batzuen azpian, goizeko ordu biak aldera eta euritan, leher eginda bukatu dugu, baina umore onean. Alta, ez dago itsasbeheraren aldeko indarra galtzerik eta abiatu egin gara. Irten eta ordubete ingurura irla luze eta estu batean itsas argi handi bat begiztatu dugu. Teila gorriko dorre zuri bat, ondoan kolore berak dituen etxe handi bat duela. Ederra, postala dirudi, baina poz atala da. Ibairako haitzezko irtenune batetik, zaratots handi bat heldu zaigu. Ez dakigu zerena den. Harantz hurbildu eta haitza itsas zakurrez betea ikusi dugu. Asko dira, orain arte banaka batzuk baino ez genituen ikusi. Gerturatu orduko, ordea, denek uretara egin dute jauzi. Hantxe geratu gara haiei begira eta gosaltzeko Ataungo gazta eta piku lehor batzuk jaten. Itsas zakurrak, kuxkuxeroak eurak, poliki-poliki hurbildu eta inguratu egin gaituzte, txaluparen jiran dabiltza, burua urpetik sartu eta irten, jolastiar.

Berriz arraunean, Euskaldunen uhartera bidean jarri gara. Hitzordu garrantzitsua dugu: lehenengo historiarekin, gure historiarekin eta aldi berean, uharte pareko Trois Pistoles herriko alkatearekin eta guri azalpenak ematera etorriko den arkeologoarekin.

Trois Pistoles herrian Basques dute nortasun agiri eta turismorako marka. Higiezinen enpresa, tabernak, Basque telebista... pilotalekua ere badute eta Euskaldunen Abentura Parkea deritzona ere. Ikurrinak ere ikus daitezke han-hemenka, edozelan.

Urrunera begiztatu dugu Euskaldunen uhartea. Lerro zuzeneko begiradan, uretatik ikusita dena hurbilago dagoela dirudi, baina bost orduko arraun saioaren ondoren heldu gara uharte parera, hegoaldetik. Bidean, irudikatu dugu zer izango ote zen ibai zati hura dena orain dela bost mende, euskal balaontziak nonahi, balearen ehizan, txalupak hara eta hona atoian balea eramanez... gu orain gindoazen bezala, orduan ere euskaraz... Historia duten lekuetan historia irudikatzea da buruaren fantasiarik ederrenetakoa.

Uhartera iristear, azken milian, Euskaldunen uharria inguratu behar izan dugu eta han aurkako korronte batek harrapatu gaitu. Gure izena izan arren, ez zaigu oso lagun agertu bidera. Azken txanpa batean ekin diogu indar guztiz arraunketari, palada pare bat gora eginez, arraunkada bakoitzean, kondairaren lerro bat irentsiko bagenu bezala. Eta azkenean, iritsi gara. Berehala ulertu dugu zergatik aukeratu zuten euskaldunek uharte hura. Hegoaldeko sarreran, haitz handi zapalak ditu, harrizko hondartzatxoak tarteka, aldapa leunean. Baleak baratzeko eta bertan xehatzeko leku ezin egokiagoa. Hantxe baratu dugu Beothuk, bere ahizpa bikia bost mende atzerago egon izan zitekeen leku berean. Haitz zapal haietatik barrurantz, lorez eta zuhaixkaz apaindutako zelai bat zabaltzen da uhartearen gainerantz, basorantz. Seinaleztatutako bidezidorretatik uhartearen gainalde leunera igota, ikusmira zoragarria da. Xalbadorren esaera irauliz, ez geurea delakoz, baizik ederrarengatik: Uhartearen buelta osoan itsas zakurrak nonahi jolasten dira, haitzetatik uretara salto eginez. Egun, haiek eta itsas txoriak dira arrantzan egiten duten bakarrak, garai bateko triskantzetatik urrun. Ekialdeko urertzetik hurbil, euskal arrantzaleek eraikitako harrizko bi labetzar daude, ipuinetako modukoen hondartzatxo baten ondoan. Han ateratzen zioten baleari orduko petrolioa zen koipea. Han egiten zituzten tratuak papinatxoak zeritzoten amerindiarrekin. Han nonbait egiten zuten lo, han nonbait mozkortu, han nonbait galeoiak ainguratu... han nonbait, gure historiaren zati bat dago. Eta zein ederra den, ene, zein ederra, geografiaz haratago, denboran eta irudimenean bidaiatzea gu egiten ari garen bezala. Haizeak eta besoek, itsasoak eta zeruak, iraganak eta orainak bat egiten dutenean. -

Jon Maia | www.albaola.com


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Territorio vedado a la libertad de expresión
Euskal Herria
Batasuna constata que UPN«organizó el acto falangista y cunetero» ante Otegi
Mundua
«Tuve que dejar a mi familia, porque por la calle me llamaban terrorista»
Kirolak
Un rival que empieza a desquiciar
Jendartea
Las trombas de agua colapsan carreteras en Gipuzkoa
Euskal Herria
Los convocantes llaman a acudir a Iruñea tras recurrir la prohibición
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss