Altsasuko Igartex enpresak 18 langile kaleratu ditu dagozkien kalte-ordainak ordaindu gabe
·Enplegua Erregulatzeko Espedientea onartu izanagatik, kaltetuek Nafarroako Gobernua kritikatu zuten
ALTSASU
Altsasun dagoen Igartex enpresak hogei langileri eragingo dien Enplegua Erregulatzeko Espedientea jarri berri du abian. Hasiera batean, hogeita sei langileri eragin behar zien joan den maiatzean aurkeztutako espedienteak, baina azkenean hogei izango dira kaltetuak, NafarroakoGobernuak kopuru horretan jarri baitu muga.Mementoz, enpresak behin-behineko egoeran zeuden bi pertsonei kontratua eten eta hemezortzi langileri kaleratze eskutitza eman zien joan den astelehenean. Kontua da azken horiei ez diela kalte-ordainik ordaindu. Hain zuzen ere, Igartex enpresako langile horiek horixe salatu zuten duela egun gutxi antolatutako prentsaurreko batean. Komunikabideen aurrean nabarmendu zuten enpresak «modu txarrean» tratatu dituela eta langileekin egindako bileretan mantendu izan duen jarrera «harroputza» izan dela.
«Konplize bihurtu da» Era berean, Nafarroako Gobernua kritikatu zuten Enplegua Erregulatzeko Espedientea onartu izanagatik eta aurkeztutako helegiteak kontuan ez hartzeagatik. Zuzendaritzaren benetako helburua «kontzienteki estali» duela egotzi zioten Sanzen Gobernuari, hots, ekoizpen propioa eta enpleguaren sustapena alde batera uzteko nahiak defendatzea. «Hogei familia modu miserablean kalean utzi izanaren konplize bihurtu da Nafarroako Gobernua», adierazi zuten kaltetuek.
Azkenik, langile kaleratuek nabarmendu zuten espediente horrek enpresa batzordeko hiru kideri eragiten diela, horiek batzorde horretakoak izateagatik beren lanpostua mantentzeko eskubidea dutenen arren. UGT eta CCOO sindikatuak ere ez ziren kritikarik gabe geratu. Lehenak bi delegatu ditu enpresa batzordean; bigarrenak, berriz, bakarra. Alde horretatik, langileen alde ez egiteagatik salatu zituzten.
|