GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-07
Ahuzki mendi gainean aurkeztuko dute «Oiharkoren Trajeria» ikusgarria
Hebendik taldearen barnean diren Tokia antzerki taldea, Uztaro arte tailerra, suak elkartea, eta dantzari eta antzerkilariak elkartu dira Titika Rekaltek idatziriko ez ohiko pastoralaren proiektuaren inguruan. Naturan guztiz murgilduak, artistek Ahuzki mendi gainean emanen dute ikusgarria. Eta, gune «mitiko» horrek eskaintzen dituen aberastasun guztiak baliatu nahian, argindarrik gabe emanen dute. Ilargiaren argia lagun izanen dute, eta bi ordu eta erdiko emanaldia azalduko dute.

GOTAINE

Ahuzki mendi «mitikoaren» gainean aurkeztuko dute biharHebendik taldean bilduak diren artistek Titika Rekaltek idatziriko “Oiharkoren Trajeria” izeneko lehen ikusgarria.

Arratseko bederatzietatik goiti, iluntzeko lehen orduetan, bi oren eta erdiko emanaldia emanen dute bertan, ez ohiko forma batean. Pastoralean oinarritua, Hebendikeko artistek «garaikide» kutsua eman nahi izan diote ikusgarri tradizional horri. Eta, horretarako, pastoralaren beraren tradiziora itzultzea erabaki dute.

Mixel Etxekopar proiektuan parte hartzen duen xirulariak argitu zuen: «Garaikide izatea guretako tradizioetara itzuliz zer dagoen garaikidea aztertzea da».

Oiharkoren Trajeriak, hala, forma aldetik historia epiko bat azaltzen du, eta, ikusgarriari sinesgarritasuna emateko gisa, Ahuzki mendiaren gainean aurkeztea erabaki dute. «Luro deitzen diren lur zulo asko dago Ahuzkin. Horietara iristen zarelarik anfiteatro antza ematen dute. Gure beharren araberako luro horietariko bat aukeratu dugu. Benetako antzoki natural batean barneratuak izango gara», gaineratu zuen.

Zortziehun bat pertsona jasotzen ahal dituzte, eta, bertaratzeko oren erdiko ibilaldia egin beharko dute ikusleek. Gunearen berezitasunarekin batera, ikusgarria aurkezteko orduan argindarrak ez baliatzea erabaki dute.

Ilargiaren argitasunarekin jokatuz, suak izango dira nagusi, eta, mikrofonoak baino guneak eskaintzen duen akustikari eman diote lehentasuna. «Bi-tarteko gutxi genuen ikusgarria egiteko, beraz, genuenarekin zer egiten ahal zen aztertzen aritu gara. 25.000 urtez sonorizazio eta argirik gabe eman dira ikusgarriak, beraz, horretara itzuli gara», esan zuen Etxekoparek. Apainduren aldetik ere, naturaren aberastasunak erabili dituzte. Uztaro elkartea proiektuaren partaide izan da, eta Ahuzkinen bertan zeuden egur, harri eta beste elementuak bereganatu ditu, eta Baionako arte eskolako ikasleen laguntzarekin «sinpletasunez» egin dituzte apaindurak eta jantziak.

Onak eta gaiztoak parez pare

Naturaren aberastasunetan murgilduak, Ahuzki gain horretan dantzari, antzerkilari, musikari, kantari eta beste artista ugari taularatuko dira bihar arratseko bederatzietatik goiti emanen duten ikusgarri horretan.

Titika Rekaltek testua eta kantuak idatzi ditu, eta obran barneratuak diren hogeita hamar bat artistak hilabeteak igaro dituzte testura egokitzen. «Titikak testua idatzia zuen, eta lantzeko orduan, bakoitza aritu da bilatzen deklamatzeko manera», nabarmendu zuen xirulariak. Halere, ikusgarrian Pastoral tradizionalaren elementu ugari aurkitzen dira. Historia, izan ere, bi taldeen inguruan igaroko da, hau da, Pastoralean bezalaxe onak eta gaiztoak izango dira.Alaiztarrak eta Barrankesak ditu parez pare jarri Rekaltek ikusgarri horretan. Batak nekazaritzaz bizi dira nagusiki, eta beren bizimodua naturari oso lotua dago. Ez da gizarte garatua. Populazio xume, menditar eta artzaina da. Barrankesak, aldiz, gizarte garatu batean bizi dira. Kolonialistak eta konkistatzaileak dira. Komertzioan bermatzen dute beren ekonomia eta armada daukate. Oiherkoren Trajeriaren historia bi populazio horien artean kokatzen da.

Halere, Pastoralean ez bezala, arlo giristinoa baztertzea erabaki dute Oiharkoren Trajerian. Eta, aingeruak jarri ordez, aztiak izango zirela esan zuen Etxekoparek.

Ahuzkin bihar eginen duten emanaldiaren ondotik, ikusgarria irailaren 9an Arabako Izarra herrian emanen dute. Hango musika eskolekin lanean aritu dira horretarako, eta obra Eskolunbe parkean eskainiko dute. «Ahuzkiko baldintza berberetan emanen dugu ikusgarria», argitu zuen artistak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Lamikiz cambia de banda con una «gran» jugada
Mundua
Israel mata a veinte palestinos, la mayor parte civiles, en su ofensiva contra Gaza
Kultura
Ahuzki mendi gainean aurkeztuko dute «Oiharkoren Trajeria» ikusgarria
Euskal Herria
Batasuna y PSE dan otro paso hacia la creación de la mesa de partidos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss