Xabier Silveira - Bertsolaria
Tortura ez dela kultura?
Biluzik. Donostiara negozioak egitera etortzen den argazkigile famatuaren irudi erostezin bat bailitzan, hizkuntza desberdinetan idatzitako afixaz jantzita kaleratu zen peta. Edo hobe esan, PETA, korriden aurkako taldea. Zezenketen salatze eta arbuiatze jendetsua izan zen Iruñean herenegun, San Fermin gurtzen hastear geundela aprobetxatuz. Mundu osoko jendea bildu zen, diotenez, Iruñeko feriak Jeminguei hark famatu zituenetik etortzen diren horietakoak asko. Giriak. Beste asko ziur bertakoak zirela, noski, ez baita sinonimo iruindarra izatea eta sentimendurik ez edukitzea. Baina bai arraroak direla batzuen sentimenduak, ez da hala? Zezenek minberatzen dute XXI. mendeko gizaki ultramodernoa. Askatasun zibilen, giza eskubideen zein naturaren aldeko borroka sutsuetan militante ultramoderno asko dabil azken garaiotan, globalizazioaren aurkako guda nola ez egin ezin hobe azalduz. Greenpeacek sentsibilizatutako gizaki mota hori, kalean zehar lotsarik gabe (baina afixekin estaliak) ibiltzeko bezain buru askea duena, munduko auskalo zein lekutik etorri dena zezenek pairatzen duten bidegabekeria salatzera, zer da, karramarroen munduan aurrerakoia? Ez. Ez ditut inoiz ikusi Melillan biluzik gosearen errefuxiatuek, desterratuek, jasotzen dituzten balen aurrean. Ez ditut behin ere ikusi Andaluziako kuartelen atarietan «La tortura no es cultura» ohiukatzen. Hori zer da, han ez dagoela san-ferminik edo afrikarrek ez dutela adarrik? Zezenekin minberatzen zaie beraien bihotz dolarduna, eurozkoa, baina Iruñean bertan jai hauetan esplotatuko dituzten etorkinei, haur ijitoei, emakumeei... leher diezaietela uzkia! Iruñean bada kartzela bat. Bada preso zerrenda luze bat, hirutik bost egunera bitartean torturatutakoak beraien herriak jasaten duen tortura eta erailketa oztopatzen saiatu izanagatik gatibu. Badira anitz ihes egin zutenak, espainiar polizia zein guardia zibilek torturatu ez zitzaten etxean bizitzen jarraitzera ausartu ez zirenak. Baziren, modu batean edo bestean hil zituzten arte, German, Mikel, Sara, Unai... Baina horiek ez zaizkizue axola, ezta? Ez dut honekin erran nahi bertan parte hartu zuten guztien jarrera hori denik, hurbileko pertsonarekiko axolagabekeria hiltzailea, alegia. Ez nuen erran nahi, baina errana dago. -
|