GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-07
Bordele eta irun arteko AHT-ri buruzko eztabaida publikoa
Ingurumenaren azterketan hutsuneak salatu dituzte
AHTaren proiektuari buruzko eztabaida publikoaren berri eman zuten atzo eragileek, eta kari horretara, egitasmoaren eramailea den RFF (Frantziako tren sarea) egiturak oinarrizko txostena plazaratu behar zuen. Baina, txostenean inguramen eragina guztiz kontuan hartzen ez zuenez, berriz lantzea behartua izan da, eta uztailaren 25an kaleratuko du berriz. Ondotik, abuztuaren 30an abiatuko da eztabaida publikoa.

BAIONA

Bordele eta Donostia zeharkatuko dituen AHT proiektua RFF (Frantziako tren sarea) egiturak maiatzaren 30ean kaleratuko zuela jakinarazi zuten atzo. Halere, tartean, gizartearen iritzia kontuan hartu nahian, lau hilabeteko eztabaida publikoa bultzatuko du Debate Publikoaren frantses Komisioak Akitaniako hiru departamendutan, horien artean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Ekimenaren bultzatzaileek debate horren berri eman zuten atzo, eta RFF egiturarekiko guztiz independienteak zirela nabarmendu zuten. Azken egitura horrek plazaraturiko egitasmoaren lehen uztan oinarrituz irekiko da, halere, abuztuaren 30ean eztabaida.

Hiru asteko epea

Izan ere, atzoko debatearen aurkezpenarekin batera RFFren proposamena aurkeztu behar zuten. «Gibelamendua hartu dute. Eragileekin bildu gara asteazkenean, eta, gehienek RFFk plazaratu lehen txostenean ingurumen inpaktua ez zela aski aztertua nabarmentzen zuten», adierazi zuen Jean-Pierre Chaussades debate publikoaren Komisio bereziaren lehendakariak. Kezka hori kontuan hartuz txostena berriz lantzeko galdetua izan zaio RFF egiturari, eta uztailaren 25eko epea eman diote berriz lantzeko.

«Azterketa ugari eginak izan dira ingurumen inpaktuaren inguruan, beraz, ez zaie zaila izanen txostena sendotzea. Hori egin bezain laster gure komisioak txostena baieztatu beharko du, eta uztailaren 26an publikoari zabaldua izango zaio», gaineratu zuen Chaussades-ek. Eztabaida publikoari dagokionez, komisioa RFFrengandik guztiz independientea zela berretsi zuten, eta debatea herritar guztien iritzia jasotzeko baliatuko zutela adierazi zuten.

Orotara, 1, 8 milioi euro xahutuko dituzte, eta eztabaida ahal bezain zabala izateko lanabes guztiak baliatuko zituztela esan zuten. Internet gunea irekitzeaz gain, Akitaniako milioi bat etxetara RFFk landuriko oinarrizko txostena eta eztabaidari buruzko informazioa bidaliko dituzte. Halaber, herrita- rrentzat bi egoitza zabaldu dituzte Baionan eta Bordelen.

Atzoko aurkezpen prentsaurrekoa Baionako Marengo karrikako 4. zenbakian dagoen egoitza horretan egin zuten, eta bertan, AHTri buruz eginak izan diren azterketa guztiak irakurgai izango zirela erran zuten. Halaber, hautetsi eta adituekin gaika mahai inguruak antolatuko dituzte, baita debate publikoak ere.

Herritarrei irekiriko hirurogei bat eztabaida egingo dira orotara, eta, mahai inguruak hiru gai zehatzen inguruan izanen dira: lurralde antolaketa, garraio politika eta inguramenarekin loturiko erronkak. Lau hilabete horietan herritar eta elkarte orok iritzia emateko aukera izanen zuela hitz eman zuten Komisioko arduradunek.

«Eztabaida publikoetan herritarrek azalduko dituzten proposamen interesgarriak idatziz egiteko eskatuko diegu. Iritzi horiek Internet bidez ere jasotzen ahalko ditugu, eta guztiak baliatuak izanen dira eztabaida aberasteko. Gertatzen ahal da eztabaidan gai garrantzitsu bat kaleratua izatea, eta kontuan hartzeko adituen azterketa bat egina izateko eskatzen ahal dugu ere», gaineratu zuen Yves Moussilons frantses Komisioko lehendakariak.

Erabakia RFFren esku

Iritzi bilketa gutxinaka eginen zela nabarmendu zuten, eta, abenduaren 30ean eztabaida publikoa burutu bezain laster, proposamenen emaitzak azaltzen duen txostena lantzen hasiko dira eta otsailaren bukaeran plazaratuko dute. «Iritzi guztiak RFF egiturari bidaliak izanen zaizkio. Eta, beste hiru hilabete izango ditu proiektu zehatza plazaratzeko», gaineratu zuen Chaussades-ek.

Halere, Komisioko arduradunek argi utzi zuten legearen arabera, erabakia hartzeko orduan RFF egitura ez zela behartua iritziak kontuan hartzera. «Ez da erreferenduma. RFFk du erabakia hartuko. Ez dago behartua debatearen emaitzak kontuan hartzea, baina, halere, erabakia hartzerakoan Komisioak landuriko txostenean oinarritzeko eskatzen diogu», bukatu zuten esaten.

Uztailaren 26an, RFFren lehen txostena publiko egin ondoren, abuztuaren 30ean abiatuko da eztabaida publikoa. 2007ko otsailaren bukaeran debatearen emaitzak emanen ditu Komisioak. RFFk azken erabakia maiatzaren 30ean kaleratuko du.



220 km/orduko abiadura Euskal Herria zeharkatzeko
Jean-Louis Carrere Kontseilu Nagusiko lehendakariordeak Lapurdi zeharkatuko duen AHT aipatu zuen berriki. Eta, lekuko agintarien ustekabean Baiona-Hendaia zeharkatuko duen lineak 220km/orduko abiadura izanen zuela esan zuen. Sud-Ouest egunkarian azaldu zuenaren arabera, Baionara iristean egungo tren linea AHTri egokitu beharko zaio. «Arazoa ez da hain larria ‘Euskal Y’ak ez baitu 220 km/orduko abiadura baino gehiago izanen», adierazi zuen. Landetako Kontseilu Nagusiak AHT linea berria ekialdetik pasatzearen alde bozkatu du berriki. -



Bi irtenbide: trenbide berria edo dagoena desdoblatu
A.B.
BAIONA

Atzo Baionan egindako agerraldian RFFk plazaratu lehen txostena aurkeztu ez bazuten ere, jadanik landua izan den dokumentuak azaltzen dituen ideia nagusiak agerian jarri zituzten. 2020 urterako Bordele-Hendaia zeharkatzen duen trenbide linea guztiz saturatua izango dela nabarmentzen du txostenak. Datu hori kontuan hartuz, eta bidean garraiatzen diren merkantziak trenbidera pasatzeko helburuarekin bi irtenbide proposatzen ditu: egungo trenbide linea desdoblatu, edo ekialdetik hala mendebaldetik pasako den linea berri bat eraiki. «RFFk proposamen oso ezberdinak ematen ditu txostenean, ez du erabaki zehatzik ematen, oso iritzi zabala da. Halere, beren kezka nagusia gaur egun bidetik doan garraioa trenbidera pasatzen ahalko den ikustea da, eta horretarako zenbait pista ematen ditu», nabarmendu zuten Komisioko arduradunek. Abuztuaren 30ean eztabaida publikoa irekitzeko orduan txostenaren aurkezpen zehatza eginen du RFFk Komisioko arduradunekin batera.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Lamikiz cambia de banda con una «gran» jugada
Mundua
Israel mata a veinte palestinos, la mayor parte civiles, en su ofensiva contra Gaza
Kultura
Ahuzki mendi gainean aurkeztuko dute «Oiharkoren Trajeria» ikusgarria
Euskal Herria
Batasuna y PSE dan otro paso hacia la creación de la mesa de partidos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss