DONOSTIA
Hik Hasiko arduradunak «oso gustura» agertu ziren atzo udako topaketek izan duten martxarekin. « Hiru egunetan 650 parte hartzaile bildu dira Donostian heziketarekin zerikusia duten ikastaroak egitera», azaldu zuten.Euren esanetan, ikastaroak eman dituzten guztiek oso iritzi «positiboa» jaso dute topaketen amaieran. Luxuzko ikasleak izan dituztela nabarmendu zuten: «Ikasle aktiboak, interes handikoak, gogotsuak, motibatuak eta oso parte hartzaileak izan ditugu».
Ikastaroen emaileek urtero nabarmendu izan dute ikasleen maila gorena, eta aurtengoan ere, erantzun berberarekin amaitu dituzte topaketak: «Ikastaroetara etorri direnak oso motibatuta eta interes handiarekin etorri dira, eta egin dituzten talde dinamiketan eta jardueretan erabat sartu dira».
Bixen Astiasuinzarrak “Biodantza” ikastaroa eman zuen. Mugimendua, dantza eta sentimenduak oinarritzat hartzen dituen ariketa da: «Hori guztia lortzeko oso garrantzitsua da taldean giro egokia sortzea, eta izan dudan taldearekin erraz lortu dugu».
Ibon de la Cruz psikologoa “Adimen emozionala” ikastaroaren gidari izan da: «Ikastaro horrek norberaren adimen emozionala lantzeko balio du, baina horretarako prest egon behar da. Ikastaroan 37 lagun bildu gara, eta ez dut prest zeuden galdetu beharrik izan», azaldu zuen.
Bestalde, informatika ikastaroak ere eman dituzte. Informatikaren munduarekin lotutako hainbat programen funtzionamendua irakatsi da. «Talde handiak izan arren, ederki moldatu gara eta etxera joan eta ordenagailuan frogak egiten eta trebatzen jarraitzeko gogoz atera dira», esan zuen irakasleak.
Parte hartzaileen aurreikuspenak bete direla adierazi zuten Hik Hasikoek. Ikastaroen helburu nagusia, hau da, heziketa lanerako baliagarri izatea, ondo beteta dagoela berretsi zuten Udako Topaketa Pedagogikoen balorazioan.