GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-07
Beti Gazteko neskak Lesakako pregoilari
Lesakako Beti gazte nesken futbol taldeko kideak hautatu dituzte aurtengo jaietan pregoilari izateko. Haien entrenatzailearekin hitz egin dugu, Koldo Erkiziarekin, eta oso harro sentitzen dela esan digu. Gipuzkoako Kopa ez zuten espero eta azkenean lortu dute. Orain, Euskal Herriko jairik jatorrenetarikoan protagonista dira berriz.

DONOSTIA

Urtero bezala, egun hauetan santu zaharren armairutik San Fermin atera eta Iruñeko zarata eta jende pilatik urrun egoteko gogoa sentitzen dutenek etxetik gertu dute Lesaka. Bertako jaiak, Euskal Herri osoan ezagunak izateaz gain, herri txiki, polit eta euskaldun batean jaiari gogor ekiteko aukera ematen digute. Aurtengo programak kaleko ekintza asko aurrez ikusi ditu, urteroko bera, bertakoen esanetan, baina kanpotik bertaratuko den jendearentzat arrazoiak nahikoak eta soberakoak dira haraino irteera egiteko.

Aurten, gainera, berezitasunak ere badauzkate. Beti Gazte kirol elkarteko neskek Gipuzkoako Kopa irabazi zuten maiatzean Lasarte-Oriako Ostadar taldearen aurka, Herreran jokatutako partida batean. Horregatik, herriak aurtengo pregoilari izendatu ditu. Horrela, beraien lana baloratua ikusten dutela adierazi zigun Koldo Erkiziak. Bi urte daramatza neska taldea entrenatzen eta nahiz eta lauzpabost urte besterik ez daramatzan jolasten, nabaria da neska horien indarra. «Oso polita da norberaren lana aitortzea ­adierazi zuen Koldok­ eta herriko jaietan horrelako zerbait eskaintzea ohorea da guretzat». Lesakako jaiek oraindik mantentzen dute jatorrizko herriko izaera, eta agian horrek egiten ditu horren erakargarriak Euskal Herri osoko jendearentzat, gazte jendearentzat. Iruñeko sanferminetan jendearen ekimen guztiak itotzen saiatzen dira, eta Lesakan, berriz, herri iniziatibak du pisu gehiena jaien programan. Aurten, txarangak, mariachiak eta batukada taldeek giroa sortuko dute herrian barrena uztailaren 6tik, zaindariaren egunaren bezperatik, hilaren 10 arte.

Tradizioak badu tokirik

Jai horietan tradizioak eta ohiturak berezko toki propioa dute. Badiote tradizio zaharrek XV. mendetik ezpata-dantza taldeak San Fermin aurretik, 2 hilabete aurretik, taldea elkartu eta dantzak prestatzen hasten zirela.

Aurten, ekitaldi desberdinetan dantzak eskainiko dituzte asteburu luze honetan zehar. Tantirumairu kultur elkartearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia iragarri dute antolatzaileek. Aurreko larunbatean ere, hilaren 1ean, herri bazkari bat egin zuten, beste ekintza batzuen artean.

Baina ez da dena euskal kultura izango, eta antolatzaileek ukitu etniko multikulturalentzat ere aurkitu dute tokia. Angeles de Mexico taldeak mariachiarekin herriko plaza eta kaleak girotuko ditu larunbatean, Peñen egunean, eta ondoren batukada izango da Zo-Zongo taldearen eskutik. Incansables txaranga egunero-egunero arituko da kalean gora kalean behera konpartsa alaia osatuz.

Ospakizunak edo jai-giroa hilaren 1ean hasi ziren, 25. urteurreneko bazkariarekin, baina atzo hasi zen benetako jaia, Herriko Etxetik eguerdiko hamabietan bota zuten txupinazoaren eztandarekin. Hortik hasita musika izango da herrian protagonista; hala, txistulariak, soinulariak eta trikitilariak egunero arituko dira nekeari abantaila hartuz.

Bertso jaialdia plaza zaharrean

 Gaur arratsaldeko zazpi eta erdietan, bertso jaialdia izango da herriko plaza zaharrean Arrano elkarteak antolatua. Bertsotan Xabier Silveira, Julen Zelaieta, Maialen Lujanbio Unai Iturriaga, Estitxu Arozena eta Andoni Egaña txapelduna izango dira. Gai-jartzailea, berriz, Alaitz Rekondo izango da, 25 urteko lesakar gaztea. Barakaldon egin zuten txapelketa nazionalean izan zuen lehiaketa handian parte hartzeko aukera.



«Beren eginbeharrak serio hartzen dituzten neskak dira»

LESAKA

Izan liteke hasi zirenean inor gutxik haiengan sinestea. Gaur egun oraindik nesken futbola gezurrezko zerbait balitz bezala tratatzen da gehienetan, baina Lesakako neska horiek erakutsi dute zeinen serioa den. Gipuzkoako Kopa irabazteak erakutsi zien hori sinesten ez zuten askori lehiak ez duela sexurik bereizten, eta herriak ez zuen beste erremediorik izan bere txapeldunak etxera bueltan merezi zuten bezala jasotzea baino. Kamioi baten gainean herritik bueltaka izan ziren txaranga batekin festa giroan garaipena ospatzen.

Duela lauzpabost urte hasi ziren entrenatzen neska horiek, eta Koldo Erkizia da orain entrenatzailea. «Aurretik zuten entrenatzaileak utzi beharra izan zuen eta nik hartu nuen postua», esan zuen. Jokalariek egindako aurrerapauso nabarmenak adierazi zituen harrotasunez entrenatzaileak: «Beraien eginbeharrak serio hartzen dituzten neskak dira-eta». Hasi zirenetik egindako bide luzeak eman ditu bere fruituak eta mementoz Gipuzkoako Koparen txapeldun dira. Denborak esango du aurrerantzean zer etorriko den.

Hastapen zailak

Duela denbora gutxi hasi ziren nesken futbol taldeak liga bezala antolatzen eta txapelketetan parte hartzen, edo bestela ez zen haietaz gehiegi entzuten. Hezkuntza sistemak argi uzten du hasieratik futbola mutikoen gauza dela eta neskek badutela saskibaloian beraientzako toki aproposagorik. Hala ere, urte batzuetatik hona neska asko eta asko izan dira ohitura horren kontra azaldu direnak. Aretoko futbolarekin hasi eta hortik futboleko taldeak sortzen hasi ziren, eta duela 25 urte Amassorrain ikastolak zuen nesken futbol talde bakarra. Ilusio asko eta diru apur bat nahikoa izan ziren gaur egun dagoen egoerara iritsi ahal izateko. Hala ere, federazioaren fitxen %2 baino ez dira emakumezkoen fitxak, eta ia-ia 11.000 bazkide dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kirolak
Lamikiz cambia de banda con una «gran» jugada
Mundua
Israel mata a veinte palestinos, la mayor parte civiles, en su ofensiva contra Gaza
Kultura
Ahuzki mendi gainean aurkeztuko dute «Oiharkoren Trajeria» ikusgarria
Euskal Herria
Batasuna y PSE dan otro paso hacia la creación de la mesa de partidos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss